Terzicen aroko lehen garaipena eskuratu du Athleticek, Celtari 0-2 irabazita

Partida borobila jokatu dute zuri-gorriek Galizian, eta Berenguerrek eta Navarrok sartu dituzte golak.

Yuri Berchiche eta Javi Rueda, atzo, bigarren zatiko jokaldi batean. SALVADOR SAS / EFE
Yuri Berchiche eta Javi Rueda, atzo, bigarren zatiko jokaldi batean. SALVADOR SAS / EFE
jon ordonez garmendia
2026ko abuztuaren 31
08:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behar zuen Athleticek garaipena Galizian, eta, hiru puntuez gain, zerbait gehiago ere ekarri du Euskal Herrira. Bilbon Aste Nagusia izan da pasa berri dena, baina ezin da esan festarako aste bat izan denik Athleticentzat. Marijaiaz gain, Sevilla iritsi zen abuztuaren 22an Bizkaiko hiriburura, eta Athleticen porrot batekin hasi zuen Edin Terzic entrenatzailearen aroa, San Mamesen 1-3 galduta. Handik bost egunetara 2-0 galdu zuen Bartzelonaren aurka, eta, Camp Noun emaitza hori espero litekeen zerbait izanagatik, lehen bi partidak galtzea ez da inoren gustuko zerbait izaten aulkian entrenatzaile berri bat esertzen denean. Aste honetan, gainera, Atletico Madril etorriko da Bilbora, larunbatean, 16:15ean. Baina zuri-gorriek jada eskuratu dituzte denboraldiko lehen puntuak, eta horrez gain, Terzicek taldeari eman nahi dion itxura eman du, baloiarekin behetik gora zuzen jokatuz eta baloirik gabe aurkaria presionatuz. Arnasa hartzeko moduan dira zale ezkorrenak ere.

Entrenatzaileak sei aldaketa egin zituen hasierako hamaikakoan, eta bizi jokatu zuen Athleticek. Ruiz de Galarreta eta Gerenabarrena zelairatu zituen hasierako hamaikakoan, eta erabat nagusi izan ziren zelaiaren erdialdean. Euren aurretik Sancet bikain mugitu zen alde batera eta bestera, eta bere alboetan Berenguerrek eta Navarrok gozatu egin zuten; haienak izan ziren partidako bi golak. Lehenak 20. minutuan sartu zuen, bi jokalarien artean baloia maisuki jaurtita. Bigarrenak bi minutu geroago sartu zuen berea, Ruiz de Galarretaren pase bikain baten ostean. 

Bigarren zatian, lau aldaketa egin zituen Celtak, eta Rueda, Aspas, Lago eta Roman zelairatu zituen Claudio Giraldez Celtako entrenatzaileak, eta hobeto aritu ziren galiziarrak. Baina Athleticek partida kontrolatu zuen, eta hirugarren gola sartzekotan izan zen, 74. minutuan Nico Williams sartu ondoren. Jauregizar, Canales eta Guruzeta ere zelairatu zituen horren aurretik, eta Johaneko, partida amaitzear zela. Berenguerrek berak aitortu zuen gertu izan zutela hirugarren gola. Hala ere, taldea Terzicek nahi duen bidean dela azpimarratu zuen: «Badaramagu denbora bat partida onak jokatzen. Sevillako txartel gorriagatik nahastu zitzaigun, eta Bartzelonari aurre egin genion». Unai Simonek ere nabarmendu zuen ondo elkar ulertzen dutela entrenatzaileak eta taldeak.

Partidan ikusitakoaz gain, nabarmendu behar da jokalariak berriz hasi direla partiden ondoren hedabideetan adierazpenak egiten. Bartzelonaren aurka galdu ostean, ez zuten hitz egin nahi izan, klubaren barruko gatazka bat argudiatuta. Jon Uriarte presidenteak gonbidapenak kendu dizkie klubarekin lotura duten hainbat pertsonari, bazkide izateko zerrendan 7.000 pertsona daudelako; tartean dira jokalariek jasotzen dituzten gonbidapenak. Horrek jokalarien eta zuzendaritzaren arteko harremana tenkatu du; lehendik ere bazituzten zenbait gorabehera. Litekeena da jokalariek atzo berriz ere hedabideen aurrean hitz egin ondoren Uriarte jokalariekin biltzea. 

Atzoko hiru puntuekin, sailkapenaren erdian dira orain zuri-gorriak, eta denboraldi hasieran talde bakoitza non egongo den ikusteko egun erabakigarriak datoz. Atletico Madrilen aurka jokatu ondoren, beste hiru partida jokatuko ditu Athleticek aste batean: irailaren 12an Elxen aurka 18:30en, 16an Levanteren aurka 21:30ean, eta 19an Alavesen aurka 16:15ean. Ondoren hiru asteko eten bat izango da, selekzioen arteko partidak jokatu daitezen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA