Traineru Klube Elkarteko (TKE) diziplina epaileak prozedura hasi du Euskotren Ligako sei kluben aurka, beren kabuz uztailaren 25ean Donostian jokatzekoa zen ligako estropadan ez parte hartzea erabakitzegatik. Klub horiek hauek dira: Astillero, Arraun Lagunak, Hibaika, Orio, Tolosaldea, eta Zumaia—Donostiarra eta San Juan salbu beste guztiak—. Klubek bost egun dituzte alegazioak eta probak aurkezteko. Orio izan ezik, beste lau klubak ez dira TKEko kideak.
Epaileak batzorde teknikoak egindako txosten bat hartu du kontuan prozedura abiatzeko. Bertan ondorengoa jasotzen da: «Klub horietako entrenatzaileek, ordezkarien batzarra egiten ari zela, beste bilkura bat egin zuten, eta estropadatik erretiratzea erabaki zuten. Ondoren, ontzi guztiak ingurutik joan ziren, estropada hasteko aurreikusita zegoen ordua baino lehen. Ordu hori iritsita, ordutegia atzeratzea erabaki zen, eta azkenerako bertan behera geratu zen.
Epailearen arabera Batzorde Teknikoak txostenean jasotakoa «arau hauste oso larri bat» izan daiteke, eta horregatik zabaldu du prozedura. «Txostenean jasotzen denez, uko egin zioten estropadan parte hartzeari». Horrekin batera, horri buruzko adierazpenak ikertuko ditu. «Ikusi behar da adierazpen horiek kalte egin zieten TKEren interesei eta irudiari, baita erakundeari lotutako pertsonei».
Espero zen gertatutakoak soka luzea ekartzea. Itsas eremuaren egoeran zegoen haizearen eta olatuen inguruan zalantzak egon arren, TKE-ek hasieran esan zuen estropada jokatu egingo zela, nahiz eta ikusi beharko zen estropadaren ordua iristean zein zen egoera. Ordezkarien bilera eta kale zozketa ere egin ziren. Baina bitarte horretan zortzi ontzietako entrenatzaileek «aho batez» erabaki zuten ez lehiatzea. Zigor Gazpio Orioko ordezkariak zera adierazi zuen: «Zaila da arrapalatatik ateratzea ere, eta arraunlarien ziurtasuna lehenetsi dute zortzi entrenatzaileek. Emandako batasun irudi hori nabarmendu nahiko nuke. Arraunlarien segurtasuna bermatu nahi izan dugu».
Bazirudien ontzi guztiek etxerako bidea hartuko zutela. Baina orduan hasi ziren nahasten gauzak. Izan ere, San Juan eta Donostiarra taldeetako arraunlariak eta ontziak itxaroten geratu ziren, batzorde teknikoaren behin betiko erabakiaren zain. 17:50erako ziren ematekoak. Zabaldu zenez, bi ontziak prest ziren erlojuaren aurka lehiatzeko. San Juango arraunlariak ere uretaratu egin ziren. . Azkenerako, Donostiarra taldeko ontzia ez da uretaratu. 18:00ak pasatxo zirela eman zuen batzorde teknikoak estropada bertan behera uzteko erabakia.
Borja Rodrigo TKE-ko buruak adierazpenak egin zituen horren ostean:, eta entrenatzaileen erabakiaz hauxe esan zuen: «Ulertu eta errespetatu, bai; beste gauza bat da ados egotea. Ez dut horren inguruko iritzirik emango. Guk erabaki bat hartu dugu baldintzen inguruan, eztabaidatu zitekeen jokatzeko moduaren inguruan».
San Juanen jarrera
Arraunlariak, bestalde, kexu azaldu ziren San Juanek izandako jarrerarekin. Inge Ugarte Hibaikako patroiari zapore gazi-gozoa geratu zitzaion gertatukoarekin: «TKEk erabaki bat jakinarazi aurretik halako zerbait adostea sekulako aurrerapausoa izan da. Txalogarria da egin dutena. San Juan izan da kirol legea eta errespetu guztia galdu duena. Pena da azken irudia hori izatea, eta ez gure segurtasunari begira eman den aurrerapausoa».
Egun horretan bertan San Juanek ez zuen gaiaz hitz egin nahi izan. Baina handik bi egunera agiri bat kaleratu zuten. Bertan zioten «kirol legez» jokatu zutela. «Harritu ere egin ginen jakin genuenean emakumezkoena zela zalantzan zegoen estropada bakarra». Aurretik, zenbait alternatiba jarri zituzten mahai gainean, oharrean azaldu zutenez: «Estropada atzeratzea proposatu genuen, eta, eguraldiaren iragarpena kontuan hartuta, txandak berriro planifikatzea, baina betiere estropada osorik hartuta, ez soilik emakumezkoena».
Bestalde, behin betiko erabakia hartu aurretik talde batzuk alde egin izana «errespetagarria» dela adierazi zuten, baina errespetu «bera» eskatu zuten eurentzat ere «araudia bete» zutelako. Azaldu zutenez, taldeak uretara ateratzeko erabakia ez dagokie entrenatzaileei, eta zuzendaritzak arau hori betetzea erabaki zuen; era berean, esan dute euren asmoa ez zela izan gainerako taldeekin «arazoak» sortzea.