Arrauna

Zumaia: egoera zaila kudeatu beharrean

Asteburuko bi estropadetan zortzigarren izan ondoren, sailkapeneko azken postuan da Zumaia. Maddi Aranburu arraunlariak taldea egoera iraultzeko «gai» ikusten du.

Zumaiako ontzia estropada batean. AITOR ARRIZABALAGA
Zumaiako ontzia estropada batean. AITOR ARRIZABALAGA
2026ko abuztuaren 3a
17:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Animo aldetik triste dago taldea. Talde gaztea gara, eta lortzen ari garen emaitzek ez dute laguntzen. Hala ere, saiatuko gara egoerari buelta eman eta burua altxatzen». Argi eta zintzo mintzatu da Maddi Aranburu (Ondarroa, Bizkaia, 2004) Zumaiako arraunlaria. Asteburu beltza izan da saregileentzat, azkenak izan baitira Santurtzin (Bizkaia) eta Lekeition (Bizkaia) asteburuan jokatu diren estropadetan.

Ondorioz, Euskotren ligako azken postuan da orain. Asteburuan jokatutako bi estropaden harira, Aranburuk Santurtziko estropadan izan zituzten gorabeheren inguruan hitz egin du: «Lehenengo eta hirugarren luzean, onenen artean bigarrenak izan ginen, baina itzuliko luzeetan gehiago sufritu genuen, eta horren ondorio izan zen emaitza». 

Denboraldi osoan irteera «onak» egiten ari direla azpimarratu du arraunlariak. Hala ere, aipatu du ziabogara heldu aurreko minutuan taldeak «behera» egiten duela. Aranburuk esan du ez dakitela «zehazki» zergatik gertatzen zaien hori, baina balitekeela une horretan aurkariak «hurbil» ikusten dituztelako izatea. Aranburuk azaldu du momentu erabakigarri horretan betiko arraun egiteko era «galdu» egiten dutela, baita kontzentrazioa ere, eta, horrekin batera, antsietatea areagotzen zaiela.

Ziaboga aurreko momentuetan ez ezik, maniobran ere ez dabiltzala fin onartu du Zumaiako arraunlariak: «Ez gara asmatzen ari, eta segundo asko galtzen ditugu bertan». Denboraldi osoan atzetik arituta, zaila da alde positiboak aurkitzea. Horrez gain, mentalki ere gogorra da. Talde barruan hori guztia nola kudeatzen ari diren kontatu du: «Aste honetan hitz egingo dugu horren inguruan. Orain arte jokatu ditugun estropadetan, beti animatu izan dugu elkar. Garai kritikoan gaude, eta ez gara erabat jabetu orain arte».

«Orain arte jokatu ditugun estropadetan, beti animatu izan dugu elkar. Garai kritikoan gaude, eta ez gara erabat jabetu orain arte»

MADDI ARANBURU Zumaia arraun taldeko arraunlaria

Sei estropada geratzen dira Euskotren liga amaitzeko. Zumaia sailkapeneko azken postuan da 21 punturekin. Sei puntura dituzte kanporaketetako postuak. Ez da egoera erraza, denboraldi honetan lehen aldiz baitago modu horretan. Zumaiako arraunlariak kontatu du nola ikusten duen egoera: «Ezinbestean jakin behar dugu zer egiten dugun ongi eta zer gaizki. Badakigu trainerua noiz doan ongi eta noiz ez. Orain inoiz baino gehiago eduki behar ditugu ideiak argi, eta egoerari buelta ematen saiatu».

Donostiarrarekin izango du Zumaiak zazpigarren postu horretarako borroka. Orain arte, Ibon Urbietak zuzendutako taldea zortzigarren lekuan izan da, baina, atzo Lekeition txanda irabaztearen ondorioz, postu bat igotzea lortu zuen. Aranburuk Donostiako taldea nola ikusten duen azaldu du: «Ez ziren ongi hasi, baina iaz ere gauza bera gertatu zitzaien, eta ondoren gora egin zuten. Aurten ere bide beretik doaz».

Itsasoko estropadak

Geratzen diren estropada guztiak itsasoan jokatuko dira. Beraz, zenbait faktorek eta estropada bakoitzeko testuinguruak eragin zuzena izango dute arraun egiteko garaian. Itxaropen horri eusten dio Zumaiak: «Itsasoko estropadetan edozer gerta daiteke. Ea estropada on bat egin eta burua altxatzeko gai izaten garen». 

Talde gaztea da Zumaiakoa. Aranburuk 22 urte baditu ere, taldeko nagusietakoa da. Hala ere, harrituta dago harrobitik iritsi diren gazteek daukaten konpromisoa ikusita: «Neguan ikusi dut nola entrenatu garen. Ez da erraza gazte kategoriakoak igo eta taldearekin halako konpromisoa edukitzea. Haiei erakusten saiatu gara, eta bikain erantzun dute. Haien gogoak eta grinak gu ere kutsatu gaituzte». Denboraldi honetan ere hutsuneak eduki ditu Zumaiak, eta horretaz hitz egin du Aranburuk: «Arraunlari eta lagun handi batzuek taldea utzi dute, baina etorri direnek arrazoiak eman dizkigute eurengan konfiantza edukitzeko». 

Dena den, Aranburuk konfiantza du taldekideengan: «Taldea egoerari buelta emateko gai ikusten dut. Zazpigarren postura itzultzea da orain gure helburua». Jokatu beharreko estropadetan euren maila ematea dute xede: «Ondo aritu eta estropada amaieretan egindakoarekin gustura sentitzea, horixe lortu nahi dugu. Beste taldeak gehiago badira, haiek zoriontzea besterik ez da geratuko, baina hori gu aho zapore onarekin geratu ostean gertatzea nahi dugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA