Traineruen Kluben Elkarteko zuzendaritza Urdaibai ustez bete-betean sartuta dagoen dopinaren auziaz hitz egiteko bildu zen atzo goizean, eta erabaki hau hartu zuen: Bermeoko taldea ligatik kanpo uzteko eskaria egitea. Klubei zuzendu zaie zuzendaritza, eta erabakiak klubek euren betzarretan hartu behar dituztenez, bozkatu egin beharko dute Urdaibairekin zen egin. Uztailaren 31n izango da batzar hori, Zumaian, ligako estropada jokatu aurretik. Klubek baiezkoa ematen badiote zuzendaritzaren proposamenari, TKEko Epaile Bakarrak aztertu beharko du kluben erabakia; aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Edozein izanik epailearen ebazpena, errekurtsoak jartzeko epea egongo da gero, eta TKEko Epaile Arbitroak hartu beharko du azken erabakia.
Urdaibai Estrobo operazioa izeneko sumarioan sartuta dago. Joan zen urteko irailean ireki zuen auzia Jose Luis Kortak, Kaikuko entrenatzaileak, Bermeoko taldean dopina erabiltzen zutela esanez. Epaitegietara jo zuen, eta hantxe dago auzia, Gernikako epaitegian, hain zuzen. Klubeko hainbat pertsona daude inputatuta, eta herenegun, auziaren oihartzuna biderkatu egin zen, beste gauza batzuk filtratu eta gero zenbait hedabidetan. Horren harira, hiru lagun gehiago inputatu ditu epaileak: Kordobako bikote bat, eta Jose Manuel Francisco, Urdaibaiko entrenatzailearen emaztea. Filtrazioen arabera, Urdaibaiko kide zenbait dopinaren sare batean sartuta daude. Horregatik bildu zen atzo, urgentziaz, TKEko zuzendaritza.
Irailaren 30eko epea, dantzan
Berriki, auziko aldeek erabaki zuten inolako kirol erakundek ez hartzea erabakirik auziaren inguruan irailaren 30era arte. Baina TKEko zuzendaritzaren atzoko erabakiak, dantzan jarri du egun hura. Uztailaren azken egunean hartuko dute erabakia Traineruen Kluben Elkarteko klubek, eta berez mantsoago zihoan auziaren abiadura bizkortu egingo da horrenbestez. Urak nahasi daude arraunean berriz ere.
TKEko zuzendaritzak Urdaibai ligatik kaleratzea proposatu du
Hamabi klubek bozkatu beharko dute taldea bidali edo ez, uztailaren 31ko batzarrean, 'Estrobo auziarengatik'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu