Pilota

Toki bakarra dago libre Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkan

Azken kanporaketa jokatuko dute gaur, Arrasaten: Jaka eta Iztueta Zabalaren eta Martijaren aurka ariko dira. Partida irabazten duen bikotea finalerdietako ligaxkarako sailkatuko da.

Pilota. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Martija, Javier Zabala, Martxel Iztueta, Erik Jaka eta epaileak, Getarian jokatutako txapelketako partida hasi aurretik. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko otsailaren 22a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur askatuko da korapiloa. Gaur jakingo da zer lau bikotek jokatuko duten Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka. Azkeneko kanporaketak argituko du zalantza, eta bi bikotek jokatuko dute elkarren aurka: batetik, Erik Jakak eta Martxel Iztuetak; eta, bestetik, Javier Zabalak eta Julen Martijak. Arrasateko (Gipuzkoa) Uarkape frontoian ariko dira, 17:00etan (ETB1). 

Gaur irabazten duen bikotea finalerdietako ligaxkara igaroko da, eta aurretik sailkatutako beste hiru bikoteekin batera ariko da: Unai Laso eta Jon Ander Albisu, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta, eta Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia. Gaur galtzen duenak, berriz, lanak amaituko ditu. 

Bai Jakak eta Iztuetak, bai Zabalak eta Martijak kanporaketako bigarren partida jokatuko dute. Aspekoak aritu ziren lehenbizi, ostegunean, Tolosan (Gipuzkoa). Lehen ligaxkan hirugarren eta laugarren postuan sailkatutako bikoteen arteko neurketa jokatu zuten Altuna III.aren eta Ezkurdiaren aurka, eta 22-12 galdu zuten. Emaitza argigarria da: irabazleak nagusi izan ziren, eta galtzaileek ez zuten aukerarik izan. Aurreko partidetan baino askoz okerrago aritu ziren Zabala eta Martija. Haien zorionerako, lehen ligaxka hirugarren postuan amaitzeak beste aukera bat eman die sailkatzeko. Bigarren aukera hori aprobetxatu nahi dute.

Jakak eta Iztuetak, berriz, partida erabakigarria jokatu zuten ostiralean, Zornotzan (Bizkaia), Iker Larrazabalen eta Unax Landaren kontra. Erabakigarria zen, bi bikoteak ez baitziren sailkatu ligaxkan lehen lau bikoteen artean, eta partida galtzen zuena kanpoan geratuko baitzen. Jakak eta Iztuetak 22-15 irabazi zuten, eta sailkatzeko beste aukera bat lortu. Irabazleak ez ziren distiratsu aritu, eta konplitu besterik ez zuten egin. Landak Jon Mariezkurrena ordezkatu zuen, eta oso ondo aritu zen, kontuan hartuta duela hiru aste eskas egin zuela debuta profesionaletan. Larrazabal aritu zen okerren lauren artean. 

Jakak eta Iztuetak eta Zabalak eta Martijak bitan jokatu zuten elkarren aurka ligaxkan, eta bietan irabazi zuen Aspeko bikoteak. Nolanahi ere, bi partidak oso parekatuak izan ziren: lehen itzulian, Logroñoko (Espainia) Adarraga frontoian aritu ziren, eta Zabala eta Martija 22-20 nagusitu ziren; bigarren itzulian, berriz, Getariako (Gipuzkoa) Sahatsaga pilotalekuan jokatu zuten, eta Aspekoak 22-19 gailendu ziren.

Zabala eta Martija sailkatuko balira, Aspeko bikoteak lirateke gehienak finalerdietako ligaxkan: lautik hiru. Jaka eta Iztueta sailkatuko balira, berriz, berdindu egingo lukete Aspek eta Baikok. Ligaxkan, Baiko nagusitu da elkarren arteko neurketetan: hemezortzi irabazi ditu, eta Aspek hamalau.

BARROKALEK ETA PEREZEK irabazi dute miarritzen

Maddi Barrokalek eta Alejandra Perezek 22-16 irabazi zieten atzo Leire Oskozi eta Amaia Arrastiari Miarritzen (Lapurdi), Ados Pilotaren Lehen Mailako Binakako Txapelketan. Gaur, Lehen Mailako beste bi partida jokatuko dituzte Durangon (Bizkaia), 11:30ean: Natale Aranburu eta Ane Mendiburu Iera Agirre Iturriagaren eta Oihana Orbegozoren aurka, eta, Oskoz eta Arrastia Maite Ruiz de Larramendi Mujikaren eta Olatz Ruiz de Larramendiren kontra. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.