Arraun Lagunak-ek gertuago izan dezake Tolosaldea

Zuriñe Alberdik eta Josu Eluk lehorretik erreparatuko diote aurten arraun denboraldiari. Iritzi diote bandera guztiak ez dituela Arraun Lagunak-ek irabaziko, eta Orio nagusituko dela TKEn.

Tolosaldea eta Arraun Lagunak Euskadiko Traineru Txapelketan, helmugan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Tolosaldea eta Arraun Lagunak Euskadiko Traineru Txapelketan, helmugan. ARITZ LOIOLA / FOKU
nerea intxausti
2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arraunlari eta patroi izateari utzi zioten Josu Elu Solabarrietak eta Zuriñe Alberdi Iraolak. Azkenekoz, Elu Ondarroan aritu zen arraunean; Alberdi, Hibaikan, arraunlari eta patroi. Halere, askotan esan ohi da arraunak baduela harrapatzen duen zerbait, eta bi arraunlari ohi horiek dira horren adibide: lehorretik bada ere, oraindik erreparatzen diote; arraunlari ohiak izanik ere, arraunzale dira orain ere. Ikuspuntu horretatik, iritzi diote Arraun Lagunak-ek gertuago izango duela aurten Tolosaldea, eta TKE ligan Orio nagusituko dela, argi. 

Alberdi zazpi urtez aritu zen Hibaikan arraunlari eta patroi, eta iazko denboraldian utzi zion uretara ateratzeari. Hori bai, lehorreko lana ez du utzi: «Iaz egon nintzen mutilen ordezkari, eta, neskekin, estropadaren batera ere joan nintzen. Aurten mutilekin jarraituko dut». Estropadetara joaten jarraitzen du, beraz: «Argi neukan arraunean hainbeste denbora pasatu ondoren beste nolabait jarraituko nuela saltsan». KAE ligako zuzendaritzan ere badago.

Eluk ere segitzen du mundu horretan: «Arraunzalea naiz orain ere, eta Ondarroako arraun elkarteko idazkaria naiz». Eluk 1995. urtekoa dauka lehen fitxa Ondarroako arraun elkartean, eta iaz arte ibili da: «Fitxaren bat edukiko dut Mutrikun, eta urtebete egin nuen geldirik, baina, bestela, urte asko egin ditut arraunean, bai».

«San Juan oso ondo ibiliko da: erakutsi du Hondarribiari aurre egin diezaiokeela, lehen urtea izanda ere»

ZURIÑE ALBERDI IRAOLAHibaika taldeko patroi eta arraunlari ohia

Denboraldiari neurria hartzeko orduan, ados daude faboritoei dagokienez. Alberdiri iruditzen zaio Tolosaldeak sorpresa emango duela: «Azkeneko aste hauetan txapelketetan ikusi dudanagatik, esango nuke Tolosaldeak aurre egingo diola aurten Arraun Lagunak-i». Argudiatu du, halere, donostiarrek iazko eskifaia dutela, eta indartsu ibiliko direla. 

Oroitu du lehengo urteko urtean interesgarriagoa egiten zitzaiola lehen txanda, bigarrenean jakina zelako emaitza zein izango zen: «Ikusle gisa ere, interesa galarazten digu ikusteak beti talde berak irabazten duela».

Ez da hala gertatuko berriro, Eluren ustez; ez du uste Arraun Lagunak-ek banderen monopolioa lortuko duenik: «Nahiko argi daukat. Iazko denboraldi bukaeran eman zuen maila ikusita, aurten egin dituzten aldaketa apurrak eta txapelketetan egindakoa ikusita, iruditzen zait Tolosaldea kontuan hartzeko talde bat izango dela». 

Alberdik ere uste du Tolosaldeko emakumeek bandera bat edo beste ere eskuratuko dutela: «Azken finean, Euskadiko Txapelketa haiek irabazi zuten».

«Arraunean beti dinosauro berak gabiltza, kamiseta ezberdina jantzita; ematen du hori apurtzen hasi dela»

JOSU ELU SOLABARRIETAOndarroa taldeko arraunlari ohia

Eusko Label ligari dagokionez, Alberdik gogorarazi du Orio nagusitu dela orain arteko txapelketa guztietan, baina Donostiarra ere lehian ibiliko dela: «Gehiago ikusten dut Orio banderen irabazle, baina Donostiarra edo Bermeo ere ez dira gaizki ibiliko, azken horrek izan dituen aldaketa guztiak kontuan hartuta», adierazi du Alberdik. 

Eluri iruditzen zaio Orio proiektu berri batean murgildu dela: negu oso ona egin duela, eta txapelketetan oso ondo jardun duela. Esango luke Oriok bere taldea gogortzea lortu duela, beste taldeak ahultzearekin batera: «Aldaketak [Bermeo eta Orioren artean] kromoetan bezalakoak izan dira». Iazko maila emango duenik ez du uste: «Ez da egongo denen gainetik, baina askorentzat lehiakide izango da».

Hori bai, beste bat gehitu du liga irabazteko norgehiagoka horretara: Zierbena. Donostiarra eta Zierbena proiektu egonkorrak iruditzen zaizkio, aurreko urteetakoaren segidak. «Aldaketa handirik izan ez dutenez, mailari eutsiko diotela uste dut». 

Ondarroakoak ez du Bermeo sartu faboritoen artean, ez du uste liga irabazteko moduan egongo denik: «Horrek ez du esan nahi estropadarik irabaziko ez duenik edo gerra emango ez duenik, baina goialdean maila erregularra mantentzeko moduan ez dut ikusten».

Euskal taldeek aurten ere bi aldiz egin beharko dute Galiziarako bidaia. Alberdik gogoan du bidaia gazi-gozo bat: «Lehen urtean, gainera, autobusean egin genuen bidaia, eta niri oso gogorra, luzea eta neketsua egin zitzaidan». Baina oroitzapen politak ditu, taldekideen artean pasatu zituztelako 24 orduak: «Barre gogotik egin genuen». Eluk uste du bidaia horrek talde izaera sortzen laguntzen duela: «Bidaiak taldea kohesionatzeko balio du, gainerako asteburuetan etxean geratzen garenontzat». 

Hori bai, biek ala biek aipatu dituzte asteburuero Galiziatik ekialderantz etorri behar dutenak. «Izugarrizko meritua dute», Alberdik. «Guk denboraldian bitan jasaten duguna, haiek hamar aste bukaeratan jasaten dute», Eluk. 

Behekoei ere so

Sailkapeneko beheko taldeak ere izan dituzte hizpide, maila gorenera igo berri direnak. Arriskua izaten da beheko mailan dena irabazi, baina mailaz igo eta oso apal ibiltzea —San Pedrori iaz gertatu zitzaion—. Hibaikako arraunlari ohiak, baina, sanjuandarren aldeko apustua egin du: «Nik uste dut San Juan oso ondo ibiliko dela; ikusiko dugu, denboraldia luzea da-eta, baina erakutsi du Hondarribiari aurre egin diezaiokeela, lehen urtea izanda ere». Eluk ere antzeko susmoa du: «San Juan erdiko txandan ibiltzeko moduan ikusten dut: egin lezake estropada batean zazpigarren eta, hurrengoan, bederatzigarren». Aresen kasua ez dauka bietako batek ere argi. 

Emakumezkoetan, Alberdik esan du talde guztiek dutela maila hobea: «Astillerok eta Zumaiak iaz erakutsi zuten maila izugarri ona zeukatela, eta aurten ere ondo ibiliko dira, baina Hondarribiak eta Hibaikak aurrerapauso handia egin dute». Uste du Hibaikak sorpresa emango duela, eta Donostiarrak apur bat behera egin duela, jende asko galdu duelako aurten. Halere, abisua eman du: «Aurten kanporaketetatik libratzea ez da erraza izango».

Liga gaztetuta dator

San Juanen, Bermeon, Hondarribian, Ondarroan... arraunlari gazte asko arituko dira estreinakoz TKE ligan. Alberdiren ustetan, oso positiboa da beheko mailetatik gazteak heltzea: «Euskotren eta Eusko Label ligan ez da arraunlari falta nabari, baina KAEko bigarren mailan sei traineru besterik ez dago». Uste du oreka litzatekeela onena: «Ni ere igo berria nintzenean, esperientziadun jendea egotea ona zen, ikasteko eta akatsak zuzentzeko».

Eluk adierazi du arraunak etorkizuna edukitzeko beharrezkoak direla gazteak: «Ondarroan, adibidez, aurten [Iñaki] Errastik, Jenarok [Zelaia] eta nik, taldeko zaharrenek, utzi egin dugu, eta taldea asko gaztetu da; eta beste taldeetan antzeko zerbait gertatuko zen». Pozik dago hori gertatu delako: «Pila bat urtean esan dut arraunean beti dinosauro berak gabiltzala, kamiseta ezberdina jantzita, eta ematen du hori apurtzen hasi dela». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.