Arrauna

Tolosaldea hasierako helburuak betetzen ari da

Zazpi estropada jokatu ondoren, bigarren postuan da. Joan den asteburuan bigarren postua bereganatu zuen Galiziako bi estropadetan. Naroa Leonetek adierazi du taldea «gustura» dagoela orain arte egindakoarekin.

Tolosaldeako trainerua, iaz, Donostian lortutako garaipena ospatzen. JON URBE / FOKU
Tolosaldeako trainerua, iaz, Donostian lortutako garaipena ospatzen. JON URBE / FOKU
2026ko uztailaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskotren liga aurrera doa. Zazpi jardunaldi jokatu dira, eta hamar baino ez dira geratzen liga amaitzeko. Denboraldi gorabeheratsua izaten ari da Tolosaldearentzat, baina, era berean, hasierako helburuak betetzen ari dira. Aurreko asteburuan Galiziako bi estropadetan egindako lan onaren ondoren, bigarren postuan finkatu dira. Hamahiru puntura dauka Arraun Lagunak liderra eta zortzi puntu ateratzen dizkio San Juan hirugarren sailkatuari. Naroa Leonet (Tolosa, Gipuzkoa, 2000) arraunlaria denboraldiak orain arte emandakoaz aritu da: «Azaroan bigarren lekuan ibiliko ginela esan izan baligute, ez genukeen sinetsi ere egingo». Postuez haraindi, beste helburu bat ere badute: «Arraunean gozatzea ere bada gure xedea, eta hori lortzen ari gara». Gaur, gainera, oso itsas eremu berezian arituko dira: Donostian (17:10, ETB1 eta ETB1 On). Klubak bertan astindu zuen Euskotren ligan lortutako lehen bandera, iaz. Bihar Getxon (Bizkaia) izango da estropada (11:10, ETB1).

Oraingoari begiratu aurretik, atzera egin du Leonetek. Redondelako eta Bueuko eremuetan jokatu ziren joan den asteburuko estropadak. Ezaugarri bereko bi estropada izan ziren, eta Leonetek azpimarratu du taldeak egindako lanarekin, oro har, «gustura» geratu zela: «Zapore gozoarekin itzuli ginen Galiziatik. Larunbatean gustura geratu ginen, baina igandean ez horrenbeste, ez baikenuen nahi genuen moduan arraun egin».

Tolosaldeari orain arte erregulartasuna falta izan zaio. Ez du asteburu osorik biribiltzerik izan, eta Arraun Lagunak liderra hasieratik urrundu zitzaion sailkapenean. Aurreko asteburuan, baina, erregular izatea lortu zuten, eta horren inguruan hitz egin du Leonetek: «Aldaketak egin izanak lagundu zigun. Gainera, arraunlariak ordezkatuta ere ontzia berdin doala ikusi dugu, eta hori positiboa da taldearentzat».

«Aldaketak egin izanak lagundu zigun. Gainera, arraunlariak ordezkatuta ere ontzia berdin doala ikusi dugu, eta hori positiboa da taldearentzat»

NAROA LEONET Tolosaldeako arraunlaria

Galiziara egindako bidaia denboraldi honetan egindako luzeena izan zen. Ordu asko igaro behar izan zituzten furgonetan, eta asteburu osoa eman zuten elkarrekin kontzentratuta. Horrek talde barruko kohesioa eta konpromisoa indartu ditu. Taldekide asko berriak izanik, hori funtsezkoa dela nabarmendu du Leonetek: «Taldearen batasuna indartu dugu».

Kontxa: eremu berezia

Hori oinarri hartuta lehiatuko dira gaur Donostian. Kontxako itsas eremua aski ezaguna da, han jokatzen baita denboraldiko estropadarik garrantzitsuena. Arraun talde guztiek iraileko lehen bi igandeetan bertan egotea amesten dute. Tolosaldeak, gainera, iazko uztailaren 12a izango du gogoan, bertan irabazi baitzuen historiako lehen bandera goi mailan. Leonet bera ontzi barruan zen orduko hartan, eta asteburua heltzeko gogoz dago: «Kontxako eremua beti da berezia. Igandeko estropada amaitu eta berehala horri begira jarri ginen. Taldea gogoz dago, baina oinak lurrean izan behar ditugu».

Itsasoko estropadetan, eremuen baldintzak eta testuinguruak zeresana ematen dute beti. Hala ere, itsasoko eremu bakoitzak bere sekretuak eta gakoak dauzka, eta horiek askotan itsasoan ibiltzen denak soilik ezagutzen ditu. Leonetek bi eremuen gakoei buruz hitz egin du: «Gaizki hasiz gero, zaila da bertatik irtetea, eta horregatik funtsezkoa da ongi hastea». Getxoko eremuaz ere hitz onak izan ditu Leonetek: «Han ez zaigu ateratzeko arantzarik geratu, eta gustuko dugu eremu hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA