oier mugarza
Erreka itsasora

Txantxa gutxi

2025eko uztailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sei urte bizi behar izan ditugu bigarren mailan eta momentu on zein txarrak bizitzea tokatu zaigu: urtero taldea birsortu behar izatea ez da gauza erraza. Hala ere, urte horiek guztiek pasa eta aurreko asteburuan iritsi zitzaigun denok hainbeste espero genuen unea: Eusko Label ligako lehen estropada. Baina ez zen heldu espero bezala. Bilboko uretan irten, eta, paladaz palada aurrera egin ahala, jakitun ginen gauzak ez zirela guk buruan genituenak bezalakoxeak. Estropada bukatu eta azken postuan geratu ginela jakin genuen... Hori bai notizia bortitza. 

Hala ere, askorik pentsatu ez eta deskantsatu beharra geneukan, hurrengo estropadarako prest egoteko. Igandean, buruak hustu eta asmo berarekin atera ginen, baina kale zozketan Sestaoko uretako egun hartako kale txarrena tokatu zitzaigun: bigarrena. Horri ere buelta eman behar izan genion. Sanjuandarrak garela buruan izan, eta buru-belarri sartu ginen estropadan. Txandako irabazle izandako Ondarrurengandik lau segundo eskasera gelditu ginen. Halere, ez genuen esperotako postua lortu: bederatzigarren izan ginen.

Egoera horri aurre egiteko aste osoa izan dugu. Larunbatean, lehen txanda irabazteko helburuarekin atera ginen, eta hala egin genuen, baita sailkapen orokorreko seigarren postua lortu ere. Emaitzarekin pozik, eta igandekoan bigarren txanda lehiatzeko gosez atera ginen, baina ozta-ozta ekidin genuen azken postua. 

Gorabehera handiko bi asteburu izan dira. Arrauna kirol oso gogorra dela esaten da, baina kirol honetan beharrezkoa den trebeziagatik, indarragatik eta burugogorkeriagatik soilik esaten dela iruditzen zait, ez hainbeste ezkutuan geratzen diren beste hainbat gauzarengatik. Une oro hartu behar dira erabakiak, baita estropadan bertan ere, eta horiei esker atera gara bi asteburuetan aurrera. Burua hotz eduki behar da batzuetan; burua bero, bestetan. Beti neurrian. Liga honetan, txantxa gutxi; eta akats txikienarekin ere, kontuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.