Aizkora

Txapelik preziatuena jokoan

Sei aizkolari onenak lehiatuko dira bihar Euskal Herriko Aizkora Txapelketaren finalean, Berriozarren. Inoiz baino irekiagoa ageri da, baina Oihana Fernandez de Barrena eta Nerea Arruti jotzen dituzte faboritotzat.

Nerea Arruti, eta haren atzean, Oihana Fernandez de Barrena, duela bi urteko finalean. JON URBE / FOKU
Nerea Arruti, eta haren atzean, Oihana Fernandez de Barrena, duela bi urteko finalean. JON URBE / FOKU
jon eskudero
2026ko abuztuaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aspalditik egutegian gorriz markatua zuten eguna iritsi zaie gaur egungo sei emakume aizkolari onenei. Euskal Herriko Aizkora Txapelketaren finala jokatuko dute bihar, 18:00etan, Berriozarren (Nafarroa). Zortzigarren ekitaldia izango da aurtengoa, eta inoiz baino irekiagoa dagoela aurreikusten dute adituek. Garaipen zerrendari begiratuta, bi aizkolari ageri dira gorenean: lau txapel ditu Nerea Sorondok, eta hiru Nerea Arrutik. Bi horietaz gain, beste lau aizkolari ere lehiatuko dira estreinako txapelaren bila: Oihana Fernandez de Barrena, Uxue Ansorregi, Lucia Orbe eta Irati Astondoa. Ohi bezala, lan luze eta gogorrari egin beharko diote aurre: bi oineko ebaki beharko dituzte lehenbizi, 45 ontzako beste bi egur ondoren eta bi kana erdiko amaieran. Egurrean aritzeko prest dira sei finalistak.  

Finalerako sailkatzeko bidean, kanporaketa bati aurre egin behar izan zioten aizkolariek abuztu hasieran, Elgoibarren (Gipuzkoa). Inork uste ez zuena gertatu zen, lehen sei postuetatik kanpo geratu baitzen Sorondo (Bera, Nafarroa, 1987). 2018an, 2019an eta 2021ean ez ezik, iaz ere txapeldun izan zen nafarra, baina egun txarra egokitu zitzaion kanporaketetan. «Niretzat ere ezuste latza izan zen sei onenetatik kanpo geratu izana. Gaizki egiten ahal diren gauza guztiak gaizki egin nituen, urduri sentitu nintzen, eta disgustu latza hartu nuen». Dena den, Laiene Pikabeak muzin egin dio finalari, arrazoi pertsonalak tarteko, eta beste aukera bat izango du Sorondok. «Eskertuta nago bigarren aukera iritsi zaidalako. Egun txar bat izateak ez du esan nahi finalean beste egun txar bat izan behar dudanik. Ongi sentitzen naiz, eta, finala Nafarroan izaki, motibazioz gainezka nago».

«Eskertuta nago bigarren aukera iritsi zaidalako. Ongi sentitzen naiz, eta, finala Nafarroan izaki, motibazioz gainezka nago»

NEREA SORONDO Aizkolaria

Ansorregik ere (Mendaro, Gipuzkoa, 1995) ez du motibaziorik falta. Gipuzkoarra izanagatik, Berriozarren bizi da aspaldian, eta etxean bezala sentituko da. «Senitartekoak ez ezik, lagunak ere bertan izango dira ni animatzen, eta irrikaz nago finalari ekiteko. Nafarroan jarduten dugun aizkolariok bolada onean egon ohi gara udaran, sanferminetara begira bideratzen baitugu gure prestakuntza. Hortaz, garai onean helduko zait finala». 2021ean podiumean egotea lortu zuen, eta berriz gauza bera lortuz gero, konforme izango litzateke. «Hirugarren egingo banu, munduko pertsonarik zoriontsuena nintzateke. Etxean egindako lana plazara eramaten badut aurrean ibiliko naizela uste dut».

«Lan azkarretan aurrea hartzen didate besteek, indar handiagoa dutelako. Nire gorpuzkerari komeni zaio lana luzea eta teknikoa izatea»

UXUE ANSORREGI Aizkolaria

Kanporaketekin alderatuz, aizkolariek lan bikoitza izango dute finalean. Hori bere alde izango du Sorondok. «Aizkolarien artean beteranoena ni naiz, eta erosoago jarduten dut lan luzeetan. Ez daukat besteen txinpartarik, eta horrek eragiten du lehenbiziko egurretan apur bat atzean geratzeko arriskua izatea. Nire dohainak errazago ateratzen ditut lan luzeagoan, eta ea gai naizen denbora on bat egiteko». Ansorregik ere nahiago du lan bikoitzean jardun. «Kilo gutxi dauzkadanez, lan azkarretan aurrea hartzen didate besteek, indar handiagoa dutelako. Nire gorpuzkerari komeni zaio lana luzea eta teknikoa izatea». Hori bai, biek garbi dute hasierako enborretan ezingo dutela denbora askorik galdu. Sorondo: «Azkar abiatu beharra dago, atzetik nabarmen hasiz gero ezinezkoa baita ondoren aurkariak harrapatzea».

Presioa, alde batera

Indarra ez ezik, presioa izango da egoki kudeatu beharreko beste aldagai bat. Egungo txapelduna izaki, begi asko Sorondori begira egongo dira. «Urduritasunaren ondorioz momentu txar asko bizitzea egokitu izan zait kirol bizitzan, baina lasai nago. Azken asteetan gorabeheratsu ibili naiz, baina orain ongi sentitzen dut nire gorputza, eta daukadana ematea izango da nire helburua. Lau txapel baditut, eta bosgarrenak ez nau itsutzen». Gazteagoa izan arren, presioa kudeatzen ongi ikasia dago Ansorregi. «Arlo psikologikoa asko landu dut azken urteetan. Ikusi dut gaitasuna badudala halako lanak egiteko eta aurkarien parean ibiltzeko, eta pentsamendu horrekin plazaratuko naiz. Garrantzitsua izango da presaka ez aritzea».

Txapela bera baino gauza gehiago izango dituzte jokoan finalistek. Izan ere, lehen bost sailkatuek Donostiako Urrezko Kopan lehiatzeko eskubidea irabaziko dute, San Tomas egunez. Fernandez de Barrenak irabazi zuen iaz proba hori, eta, horregatik, Euskal Herriko txapeldun izateko faboritoen zerrendan ageri da, Arrutirekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA