Alvaro Untoria. Asegarceko pilotaria

«Txapela ez da zama; guztiz kontrakoa: urte polita izan da»

Iaz txapeldun izan ostean, hasieratik aritu da binakakoan, eta finalerdiak pauso batera ditu. Behetik gora egin du, eta horregatik da baikor bere kinielan: «Ez gara kanpoan geldituko».

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Igandean bukatuko du binakako txapelketako ligaxka Alvaro Untoriak (Naiara, Espainia, 1990). Bengoetxea VI.arekin ari da jokatzen, eta, Ezkurdia-Barriolari irabazten badiete, finalerdietako ligaxkan izango dira. Larunbatean Artola-Albisuk galtzen badute, aldiz, aski izango dute hamabost tanto egitearekin. Hiru bikote horietatik bi sailkatuko dira.

Kontuak buruz dakizkizu?

Larunbateko partidaren araberakoak dira. Baina tira, igandean irabaztera irten behar dugu; ezin dugu pentsatu tanto kopuru jakin batean. Tanto kopuru bat egin behar duzunean, urduritasuna errazago etortzen da.

Zein da zure kiniela?

Nire kinielan ez da agertzen kanpoan geldituko garenik. Besteek ere euren lana egin behar dute. Guretzat ez da erraza izango; lehen itzulian 22-21 irabazi genuen Ezkurdia-Barriolaren aurka. Txapelketako tarte politena falta da, eta hasieran sinatuko genuen azken jardunaldian beste inoren emaitzen menpe ez egotea.

Ez duzu langa oso behean jarri? Txapeldunak izan zineten iaz.

Urte batetik bestera dena aldatzen da. Gorabehera asko egoten dira sasoian. Iaz sasoiko geunden, Oinatz [Bengoetxea] paregabe, eta ni, nire ustez, oso ondo. Aurten zalantza gehiagorekin hasi ginen, eta apurka egin dugu goraka. Argi dago finalerdietan sartzea dela helburua, eta behin hor, lehen partida irabazten baduzu, edozer gauza gerta daiteke.

Ez sartzea porrota litzateke?

Egoera honetan egonda, bizkarreko galanta, baina bikote oso onak daude. Txapelketa hasi zenean oreka ikaragarria zegoela esan nuen, eta bagenekien asko kostako zitzaigula finalerdietan sartzea. Orain hiru bikote gaude bi tokitarako. Porrota ez dut uste, gure onena eman eta lehian egon garelako, baina bizkarrekoa bai.

Iazko joko bikain hori ez duzu lortu oraindik.

Hasieran ez nintzen ondo egon, bigarren partidan bereziki. Aurrenekoa ez zen hain txarra izan. Baina txapelketa oso luzea da, eta sasoi puntu ezberdinak daude.Orain ondo nago, ez iaz bezala, baina gogoz eta sentsazioz iaz bezala nago, eta agian joko pixka bat faltako zait, baina gutxi. Iaz prestaketa ezberdina izan zen; bigarren itzulian sartu nintzen, motibazioa erraldoia zen, ilusioa...Baina hau pilota da, eta bolada txar batek min handia egiten du.

Zer moduz Bengoetxearekin? Bigarren urtea duzue elkarrekin.

Oinatzekin jokatzea plazera da: klase ikaragarria du, asko jokatzen du, eta pila bat laguntzen dio atzelariari. Nola hitz egiten didan, aholkuak... Gozamen hutsa da. Iaz bikain tratatu ninduen. Ni ordezko nintzen Bigarren Mailan, eta agian horregatik estuago egon zitekeen bera, baina ez zidan halakorik erakutsi.

Titular edo ordezko hasi, asko aldatzen al da txapelketa?

Mentalki aldatzen da. Iaz ordezko nintzen, eta ez nuen zer galdurik. Dena nuen irabazteko, eta nire helburua zen enpresak ikustea hor egon nintekeela. Aurten, aldiz, ez dago ordezkorik: Untoria hasieratik ari da txapelketan, eta postua defendatu behar du. Partidetan asko dut jokoan; hor egon naitekeela eta hori dela nire tokia. Horregatik, agian, hasieran presio pixka bat nabaritu nuen.

Zer moduz ikusten duzu zeure burua Lehen Mailan?

Gustura nago. Txapelketan ondo ari naizela iruditzen zait. Lehen Mailan jardun edo ez hein batean enpresaren araberakoa da. Nik orain pixka bat neure burua uzten badut, jaitsi egingo naute, beste bat igotzeko, eta gero oso zaila da itzultzea. Hemen beti egon behar duzu sasoi betean, enpresak ikus dezan zure onena ematen duzula. Gero bolada txarren bat pasa dezakezu, eta enpresak ulertu behar du. Uda osoa handiekin jokatzen pasatu nuen, eroso; haiekin egoteko egiten dut borroka, eta nik badakit zenbat kostatzen zaidan. Baina ni lehiakorra naiz; ni ez naiz atzelaririk teknikoena, ezta kolperik biziena duena ere, baina borrokalaria naiz, hustu egiten naiz, eta horrek mantentzen nau hemen. Hustu arren maila honetan mantendu ezin naizen egunean, enpresak kendu egingo nau.

Nolakoa izan da urtea txapeldun izanda? Zama al da txapela?

Ez, guztiz kontrakoa: txapelak ez du zamarik. Polita izan da. Iaz amets bat bete nuen, eta gustura eraman dut. Finala oroitzapen izugarria da, eta, hari esker, uda oso polita izan da: feriak, estelarrak... Konplitu dudala uste dut, baina aitortzen dut udako torneoren bat irabazi izanak lasaitu egingo ninduela. Txapelduna izanda gehiago eskatzen dizute; maila jakin bat eman duzunean, beti hori eskatzen dizute. Partida ona egin ez dudanean beti da agertu norbait esateko: «Ez zaude iaz bezala! Txapelketan hobeto zeunden».

Askotan entzun duzu hori?

Ez, baina txapelketaren hasieran bai. Bi partida galdu, eta «txapeldunak ez daude iaz bezala»; gero lau jarraian irabazi, eta «txapeldunak berpiztu egin dira». Ez da hala. Txapelketa luzea da, eta pazientzia behar da. Hamalau partida dira, gehi finalerdietarako hiru eta finala. Oso gogorra da hemezortzi partida on jokatzea. Dena den, urtero hartuko nuke txapeldun izatearen presioa.

Finaleko bideoa ikusi al duzu?

Iaz ez nuen osorik ikusi. Behinikusi dut, aurten, txapelketan. Nire bikotekidearekin ikusi dut. Oilo ipurdia jarri zitzaidan.

Ligaxkako partida bakarra jokatu da Errioxan, eta jende gutxi egon zen. Giroa hoztu egin al da?

Ez, ez da hoztu. Ni ere harritu nau Errioxan partida bakarra jokatu izanak. Partida hartara agian ez zen jende asko joan, baina sanmateoetan ikusi zen badagoela pilota gosea. Titin gabe, beldurra zegoen, eta jende pila bat bildu zen. Txapelketa partida hori Errege egunaren ostean izan zen; data arraroa da. Pazientzia pixka bat behar da, eta partida gehiago jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.