Egunak 24 ordu ditu, baina badirudi Xabi Azpirozenak gehiago dituela (Uitzi, Nafarroa, 1994): irakasle dabil Lekunberrin (Nafarroa), alkateorde Uitzin, eta punta-puntan erremontean. «Umerik ez dut eta», esan du umorez.
Lehen aldiz jokatuko duzu buruz buruko finala. Zer moduz zabiltza?
Nahasita nabil, batez ere datorren urtean erremontearekin zer gertatuko den jakiteko sortu den zalapartagatik. Baina ari naiz lasaitzen: lanak eta Uitziko festek mesede egin didate.
Askotan zoriondu zaituzte?
Izugarria izan da: Uitziko lagunek, Leitzakoek, Lekunberrikoek, lanekoek... Gehiegizkoa izan da, eta presioa sortu didate.
Ez zaizu gustatzen nabarmentzea, ezta?
Kontrakoa badirudi ere, lotsatia naiz, eta ez zait batere gustatzen protagonista izatea. Erremonte kontuetan saiatzen naiz gauzei ahalik eta garrantzi gehien kentzen. Larraungo jende helduak esan dit ea lehen aldiz eramango dudan txapela eskualdera. Polita da ikustea jendea emozionatuta dagoela ni finalean nagoelako.
Halere, protagonista zara: finala jokatuko duzu. Pozik, ezta?
Bai, ez bainuen espero. Barrenetxea, Juanenea, Ezkurra eta laurok aritu gara ligaxkan. Ansak, berriz, ez du parte hartu, eta horrek eragina izan du, aukera gehiago izan baititugu finalerako sailkatzeko. Guk argi esan genuen Ansak jokatzea nahi genuela, baina ez da posible izan. Juanenea, Ezkurra eta hirurok parean gabiltza, baina Barrenetxea tartean egonda ez nuen espero zuzenean finalerako sailkatzea, are gehiago lehen partida nola hasi zen kontuan hartuta [17-5 eta 22-11 joan zen galtzen Barrenetxea IV.aren aurka].
Zergatik zaude finalean? Zer egin duzu ondo?
Buruz burukoa hasi baino bi hilabete lehenago, zesta arina hartu nuen, eta gustura nabil harekin jokatzen. Sakea zen nire zulorik handienetako bat, eta zesta arin horrekin biziago sakatzen nabil. Ez dut Barrenetxearen pareko sakea, baina hobetu egin dut. Gaur egun, beharrezkoa da ondo sakatzea, min handia egiten baita.
Jauzi egin duzula uste duzu?
Bai. Hala ere, nik hori ikusi baino gehiago, jendeak esaten dit hobeto mugitzen naizela kantxan, hobeto defenditzen dudala eta lehen baino zailagoa dela niri tantoa egitea.
Binaka nabarmendu zara orain arte, hirutan izan baitzara txapeldun, baina ez zara makala buruz buru, aurreko enpresarekin, e-Remonterekin bitan izan baitzinen txapeldun frontoi laburrean.
Egungo buruz buruko honen egitura kontuan hartuta, zailagoa da urrun iristea: lau erremontista aritzen dira ligaxkan, eta hiruk tokia ziurtatua dute horretan. Beraz, behetik hasi beharra dago. Ni hiru urtez egon nintzen ligaxkara iritsi ezinik. Urriza, Barrenetxea, Ansa... sekulako maila zegoen. Baina azken bi aldietan lortu dut ligaxka jokatzea. Iaz, ez nuen jokatu finalerdia. Aurten, ordea, zuzenean sailkatu naiz finalerako.
«Gustura nabil zesta arinarekin. Sakea zen nire zulorik handienetako bat, eta zesta horrekin biziago sakatzen nabil»
Lehen esan duzu dena oso ezberdina izango litzatekeela ligaxkako lehen partidan Barrenetxea IV.aren aurka galdu izan bazenu.
Hala da. Lasaitu ederra hartu dut finalerdia ez jokatzeagatik: lasai egon naiz bi astez, lortutakoaz gozatzen. Finalerdia jokatu izan banu, aste guztia pasatuko nuke partida horretan pentsatzen.
Nola gogoratzen duzu Barrenetxea IV.aren aurkako partida?
Frustrazioa sentitu nuen. Barrenetxeak min handia egin zidan sakez, eta frustrazio handia sentitu nuen, ezin nuelako ezer egin: pilotak pareta ukitu, eta ziztu bizian irteten zen. Nire ustez, eman nahi den ikuskizunerako pilota biziegiekin ari gara buruz buru jokatzen azkenaldian. Sakea da Barrenetxearen arma, baina ez da posible sakez hamahiru tanto egin eta horrek erabakitzea partida.
Hala ere, gai izan zinen irabazteko: 30-28.
Kemen [Aldabe] izan nuen botilero, kuadrillako laguna, eta hark askotan esan zidan aurrera egin beharra nuela, partida ez zela bukatu. Aldea txikitu, eta zera pentsatu nuen: hamabi tantogatik galtzen joan eta gero seira hurbildu banaiz, zergatik ez dut orain gauza bera egingo? Horrek indartu egiten zaitu buruz. Aurkaria, ordea, larritzen hasten da, ikusten baitu bestea badatorrela. Azkenean, lortu nuen emaitzari buelta ematea.
Odol berokoa zara. Eskertu egiten duzu Aldabe ondoan izatea?
Bai, eta eskertu egingo nuke mikrofonoak kentzea ere. Ikuskizuna eman nahi dute guri mikrofonoa jarrita, baina ez da posible zu zeure buruaz gaizki esaka aritzea eta jendeak hori entzutea. Presiopean aritzen gara, eta are gehiago buruz buru, bakarrik aritzen baikara. Bixigarria ematen diola? Baliteke, baina niri ez zait gustatzen.
Zer itxura hartzen diozu finalari?
Espero nuena gertatu da: Barrenetxeak pilota oso biziak aukeratu ditu; balinak deitzen diegu pilota horiei. Espero dut pilota horiek seboa galtzea. Saiatuko naiz ahalik eta ondoen errestatzen eta piloteoa ahalik eta gehien luzatzen.
«Nire ustez, eman nahi den ikuskizunerako, pilota biziegiekin ari gara buruz buru jokatzen azkenaldian»
Bera da faboritoa? Berak du presio gehien?
Nire ustez, bai.
Ustez, buruz buruko azken txapelketa da hau. Horrek berezi egiten du?
Haiek [Oriamendik] esan dutenaren arabera, Galarretan jokatuko den azken buruz burukoa da. Baina guk ez dakigu ezer. Ez dut erromantizatu nahi azken buruz buruko hau. Ametsa litzateke txapela irabaztea, baina txapela irabazteak baino gehiago kezkatzen nau zer gertatuko den datorren urtean erremontearekin.
Nola daramazue egoera?
Oso gaizki daramagu. Saiatu gara mugitzen, batzuk besteak baino gehiago, kanpoko inolako laguntzarik izan gabe, baina ez dugu ezer lortu. Etsigarria da. Dena da arraro: Ansaren kontua, urtea amaitzear dela... Ezinegonean bizi gara.
Itxaropenari eusten diozue?
Erremontean jokatzen jarraitzeko bai, baina ez dakit zer gertatuko den erremontearekin Gipuzkoan; itxuraz, ez du jarraipenik izango. Hiru hilabete falta dira, eta aurrekontuak, diru laguntzak barne, lehenago itxi behar dira. Nafarroan enpresa bat dago, baina nik ez dut haien berririk.