Erremontea

Txapelak, agur bikaina biribiltzeko

BERRIA Erremonte Txapelketako finala jokatuko dute bihar, Galarretan. Ezkurra II.a eta Goikoetxea VI.a Arluziagaren eta Azpirozen aurka ariko dira.

BERRIA TXAPELKETA. MAIALEN ANDRES / FOKU
Josetxo Ezkurra, Joseba Goikoetxea, Xabi Azpiroz eta Mattin Arluziaga, Galarretan, finaleko pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Etxeberria.
Hernani
2026ko apirilaren 24a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Biribilak dira txapelak, eta biribila izan da BERRIAk eta Oriamendi 2010 enpresak elkarlanean antolatu duten BERRIA Erremonte Txapelketaren seigarren aldia. Handia zen erronka: inoiz baino bikote gehiago aritu dira, eta inoiz baino luzeagoa izan da. Oriamendik inoiz ez zuen halako txapelketarik antolatu, baina merezi zuen ahalegina egitea. Enpresak eta BERRIAk agur bikaina eman nahi zioten haien arteko lankidetzari. Nahi, eta lortu ere bai.

Txapelak banatzea baino ez da falta. Bihar jokatuko dute finala Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian. Josetxo Ezkurra eta Joseba Goikoetxea Mattin Arluziagaren eta Xabi Azpirozen aurka ariko dira. 16:30ean hasiko da jaialdia, eta finala bigarren partida izango da. Sarrerak salgai daude Oriamendiren webgunean, baina Galarretan ere erosi ahalko dira, egunean bertan. Telebistaz ere ikusi ahal izango da, ETB1 Onen.

Lehiaketa sistema izan da berritasunetako bat. Finalerdietarako sailkatzeko, bikoteek bi partida irabazi behar zituzten. Bi bikote finalistek azkar egin zituzten lanak. Ezkurra II.a eta Goikoetxea VI.a lehen bi partidak irabazita sailkatu ziren. Gauza bera egin zuten Arluziagak eta Azpirozek, baina lehen garaipena jokatu gabe lortu zuten. Azpiroz Urtzi Gurrutxagarekin zen jokatzekoa txapelketa, baina hark min hartu zuen, eta Arluziagak ordezkatu du. Lehen partidan, Julen Deskargaren eta Aritz Juanenearen aurka jokatu behar zuten, baina Deskargak min hartu zuen, eta partida irabazitzat eman zieten. Bigarrena, berriz, kantxan irabazi zuten, baita finalerdia ere. Gauza bera egin zuten Ezkurra II.ak eta Goikoetxea VI.ak.

Ezkurra II.a eta Goikoetxea VI.a «oso pozik» daude, finala jokatuko baitute. «Lehen bi partidak nahiko erraz irabazi genituen; finalerdian, berriz, estuago ibili ginen. Oso ondo ari gara, baina hobeto joka dezakegu», esan du aurrelariak. «Txapelketa polita egiten ari gara», gehitu du atzelariak. 

Aurreneko aldiz, Lehen eta Bigarren Mailakoak ari dira elkarrekin jokatzen BERRIA Txapelketa. «Oso gustura» dabiltza. «Josetxo oso ona da, eta ilusio handia piztu dit harekin jokatzeak. Nire lana sakearekin ahalik eta gehien laguntzea da, eta pilota gutxi galtzea», azaldu du Goikoetxea VI.ak. «Badakit nik dudala ardura handiena bikotean. Nire lana Josebari ahalik eta gehien laguntzea da», adierazi du Ezkurra II.ak.

Argi du: «Gu gara faborito. Inork ez zuen espero haiek finalean egongo zirenik. Lehenik, Arluziaga ordezko hasi zen, eta irabazitzat eman zieten lehen partida. Eta gero, ezustekoa eman dute, bai ligaxkan Martixperi eta Barrenetxeari irabazita, bai finalerdietan Segurolari eta Aldaberi irabazita. Merituak egin dituzte, eta finalean ere ezustekoa eman nahiko dute». Haren ustez, aurkarien indargunea ez da erasoan jokatzea, «defentsan gogor» aritzea baizik. «Funtsezkoa izango da, batetik, gure indarra aprobetxatzea, tantoa egiteko, eta, bestetik, hutsik ez egitea».

Goikoetxea VI.ak aurreko bi ekitaldiak jokatu ditu, eta bietan irabazi du txapela. Hirugarrenez egin nahi du gauza bera. «Niretzat, berezia da BERRIA Txapelketa. Aurreko bietan txapela irabazi dut, eta sekulakoa litzateke hirugarrenez jarraian irabaztea». 

Partida gogortu nahi dute

Arluziaga eta Azpiroz «konfiantzaz gainezka» ariko dira. «Bi bikote oso indartsuei irabazi diegu, beraz, ezin zaigu meriturik kendu. Sekulako bikotea osatu dugu», esan du Azpirozek. Arluziagari, berriz, «ilusio handia» egin dio txapelketa jokatzeak. «Hasieran ez nuen jokatu behar, baina Gurrutxagaren ordez jokatuko nuela eta Xabirekin ariko nintzela esan zidatenean, asko poztu nintzen. Lesio batengatik denbora dezente neraman jokatu gabe, baina azken bi partidetan oso gustura aritu naiz. Xabik konfiantza handia eman dit, eta asko lagundu nau. Plazera izan da harekin jokatzea. Bete-betean ariko gara finalean». Azpiroz ere prest dago. «Besoan min izan dut, baina fisioterapeutarengana joateak mesede handia egin dit. Oso gustura ari naiz».

Atzelariak aitortu du erremontisten artean inork ez zuela espero hark eta Luzuriagak finala jokatzea. «Finalerdia jokatu bezperan, entrenatzera etorri nintzen, eta sasoi betean ikusi nuen Aldabe. Irabazteko oso ongi jokatu beharko genuela pentsatu nuen. Bada, oso ondo jokatu genuen». Arluziagak beren lana nabarmendu du. «Zorteak ez zaitu horren urrun eramaten. Lan handia egin dugu, eta inoiz ez dugu amore eman. Horregatik gaude finalean». 

Aurkariei buruz, Azpirozek esan du «bikote arriskutsua» direla. Arluziagak, berriz, «funtsezkotzat» jo du Ezkurra II.ari «pilota kentzea, haren eremutik ateratzea, eta beti pilota bat gehiago jotzea». «Partida gogortu behar dugu. Gogor aritzeagatik iritsi gara finalera», adierazi du Azpirozek. Arluziagak argi du: «Berdin dio faborito izateak edo ez izateak. Gure lana egiten badugu, irabazi egingo dugu».

BI EMAKUMEZKO ARIKO DIRA EPAILE FINALEAN

Miriam Arrillaga eta Nora Mendizabal pilotariak ariko dira bihar epaile Galarretan. Arrillagak eta Mendizabalek bizpahiru hilabete daramatzate zeregin horretan, eta azkenaldian Galarretan jokatu diren jaialdi batzuetan egin dituzte epaile lanak. Esku huskan badaude emakumezko epaileak, baina erremontean haiek izan dira lehenak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA