Baskoniak gaur jakin du Euroligako ligaxkako egutegia. Lehen jardunaldia etxean jokatuko du, Buesa Arenan, eta ez du nolanahiko aurkaria izango: egungo txapeldunaren aurka neurtuko ditu indarrak, Olympiakosen aurka. Partida irailaren 24an izango da, 20:30ean. Lehen itzulia Belgraden amaituko du, Izar Gorriaren kontra, abenduaren 23an, 20:00etan.
Bigarren itzulia ere zaleen babesa duela hasiko du Paolo Galbiatik zuzentzen duen taldeak. Oraingoan, Valentziaren aurka izango da, abenduaren 29an, 20:30ean. 2027. urteko lehen partida hurrengo jardunaldian izango da, 21.ean. Hori ere Gasteizen jokatuko du, eta Bolognako Virtus izango dute kontrario. Neurketa horrek ere badu data: urtarrilaren 8an, 20:30ean. Martxoan egutegi gogorra izango dute arabarrek, lau partida jokatu beharko baitituzte etxetik kanpo, Bartzelonaren, Real Madrilen, Dubairen eta Istanbulgo Efesen aurka.
Ligaxkako azken partidan Maccabiren aurka neurtuko ditu indarrak, etxetik kanpo. Apirilaren 15ean izango da, eta Baskoniak 20:05ean jokatuko du. Aurreko denboraldian ligaxkan kanpoan geratu ostean, kanporaketetarako sailkatzea izango da Gasteizko taldearen helburu nagusia.
Aldaketak taldean
Uda mugitua ari da izaten Buesako bulegoan. Jada zortzi jokalarik utzi dute taldea: Timothe Luwawu-Cabarrotek, Markquis Nowellek, Eugene Omoruyik, Gytis Radzevideiusek, Jesse Edwardsek, Mamadi Diakitek eta Rafa Villarrek. Bestalde, hiru fitxaketa egin dituzte: AJ Lawson hegalekoa, Chris Duarte eskolta eta DJ Stewart hegalekoa. Espero da oraindik ere fitxaketa gehiago egitea, taldea erabat osatu gabe baitago. Aurreko denboraldian baina erregularrago izan nahi du taldeak, eta, horretarako, garrantzitsua izango da denboraldiaurreko lehen entrenamenduetan jokalari guztiak edukitzea.