Txirrindularitzako merkatua: eserleku gehiago mahai nagusian

World Tourreko ziklo berria indartuta hasiko dute Red Bull, Lidl eta Decathlon taldeek, goi mailako ziklistak fitxatu ondotik. Aurre egin nahi diete UAEri eta Vismari. Laboral Kutxak, bestalde, bost txirrindulari berri izango ditu datorren sasoian.

Remco Evenepoel Red Bullen arituko da hurrengo denboraldian. MARTIN DIVISEK / EFE
Remco Evenepoel Red Bullen arituko da hurrengo denboraldian. MARTIN DIVISEK / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko abenduaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste ziklo bat abiatzear da World Tourrean, hiru urtekoa. Gizonezkoen tropelean, hemezortzi taldek izango dute maila nagusiko lizentzia, eta berritasunak Uno-X, Lotto —Intermarcherekin elkartu da— eta NSN —Israelen tokia hartu du— izango dira. Boteretsuenen artean, baliteke azken urteetako indar oreka aldatzea, Red Bullen, Lidlen eta Decathlonen anbizioak eraginda. Itzuli handietan parez pare begiratu nahi diete UAEri eta Vismari, eta itzal handiko txirrindulariak fitxatu dituzte horretarako. Emakumeen tropelean, ordea, ez da izarrik mugitu talde batetik bestera; arrasto handia utzi duten zenbait ziklistaren erretiroa izango da aldaketa nagusia. Laboral Kutxak, adibidez, Ane Santesteban galduko du; aldi berean, bost ziklista berri ekarri ditu, eliteko egutegian behar bezain ondo erantzuteko.

Izarren argitan

Evenepoel, Red Bullera

Itzuli handietan hegoak astintzen hasia da Red Bull taldea, eta alemaniarrek beste urrats bat egin nahi dute: Tourra irabazi nahi dute. Horretarako, aginte makila Remco Evenepoeli emango diote. Flandriarra Soudal taldean aritu da profesionaletara iritsi zenetik, eta beste urte baterako kontratua zeukan; Red Bullek, ordea, diru zorroa atera du.

Txirrindularitzako talde nagusiak eskaintza handiak egiten hasi dira, futbol merkatuko arauak bere eginda. Ez dute itxaron nahi ziklistak libre geratu arte. Horren erakusgarri, Lidlek dirutza ordaindu du Juan Ayuso UAEtik ekarri ahal izateko. Valentziarra ezin da lider fidagarritzat jo oraindik, baina haren zangoetan bada nahikoa gaitasun itzuli handietan irabazteko lehian aritzeko.

Paul Seixas ere horretarako gai izango den esperantza du Decathlonek. Harekin batera itzulietan distira egiteko, Matthew Riccitello fitxatu dute frantziarrek. Hori bai, hobekuntzarik handiena esprintetan izango dute, Olav Kooij Vismatik ekarri dute-eta taldera. Klasikoetan ere zeresana emateko moduan izango da Decathlon, Tiesj Benooti esker. Hura ere Vismatik iritsi da.

Ondo badabil, ez ukitu

UAEren nagusitasuna

Azken hiru urteetan, bi talde eseri dira ahaltsuenen mahaian: UAE eta Visma. Bi horien artean ere izan da aldea; batik bat aurten, UAE urte osoan izan baita nagusi: 97 garaipen lortu ditu osotara, sailkapen nagusiak, itzulietako etapak eta egun bakarreko probak aintzat hartuta. Hori horrela, ez dute fitxaketa nabarmenik egin. Ayusok eta Rafal Majkak taldetik alde egin arren. Benoit Cosnefroy izango da fitxaketa nagusia.

Vismak txirrindulari garrantzitsuak falta izango ditu; Kooijek eta Benootek ez ezik, Dylan van Baarlek eta Cian Uijtdebroeksek ere taldea utzi dute. Besteak beste Bruno Armirail eta Davide Piganzoli fitxatu dituen arren, printzipioz ahuldu egin zaio multzoa. Hori bai, baliteke alde egindako laster ahaztea baldin eta Wout van Aertek distira berreskuratzen badu klasikoetan, eta Matthew Brennan gai bada beste aurrerapauso bat emateko.

Itzalpetik atera nahian

Soudal, iraganera bueltan

World Tourraren barnean, talderik ahaltsuenak multzo esklusibo bat sortzen ari dira, eta gainontzekoentzat zaila da joera horri aurre egitea. Ineos jada ez dago piramidearen goiko erpinean, baina proba askotan oso emaitza onak lor ditzakeen txirrindulari bat fitxatu du: Kevin Vauquelin. Arkea desagertu eta talderik gabe geratu ondotik, pauso handia emango du bretoiak. Soudalentzat ere zaila izango da egiturarik indartsuenen itzalpetik ateratzea; areago, Evenepoelek alde egin ondoren. Lehengora itzuli, eta klasikoetan ipiniko du arreta, Van Baarle eta Jasper Stuyven fitxatuta. Movistarri dagokionez, Uijtdebroeks izango da berritasun aipagarriena.

Bestalde, Israel taldea tropeletik kanpo geratu da, eta haren lizentzia Andres Iniesta futbolari ohiaren NSN enpresak erosi du. Eutsi egingo dio kirol egiturari, baina lizentzia aldetik Suitzakoa izango da, eta egoitza Katalunian edukiko du. Biniam Girmay da fitxatu duten ziklistarik sonatuena.

Arrastoa utzita, badoaz

Ortzadar koloreko ubera

Emakumeen tropelak dar-dar egin zuen iaz, goi mailako hainbat txirrindulari taldez aldatu ziren eta. Alde horretatik, jarraitutasun handiagoa izango da datorren sasoian, izar nagusiak ez baitira tokiz mugituko. Batzuk, hori bai, itzali egin dira: erretiroa hartu dute Elizabeth Deignanek, Chantal van den Broekek eta Ellen van Dijkek. Hirurak munduko txapeldun izan ziren bere garaian —Deignan eta Van den Broek errepidean, eta Van Dijk erlojupekoan, hiru bider—. Ane Santestebanek ere gorenean arrastoa utzita esango du agur.

Erretiroei dagokienez, belaunaldi aldaketa betean dago gizonezkoen tropela, eta ziklista gisa azken sasoia izan dute aurtengoa Geraint Thomasek, Romain Bardetek, Jakob Fuglsangek, Rui Costak, Aleksander Kristoffek, Caleb Ewanek eta Arnaud Demarek. Euskal txirrindularien artean, agur esan dute Jonathan Castroviejok eta Omar Frailek, eta Ion Izagirrek berriki iragarri du 2026ko sasoia bukatzean erretiratuko dela.

Laboral Kutxaren erronka

Talde orekatua osatu du

Aurten lortutako emaitzei esker, datorren denboraldian Laboral Kutxak aukera izango du World Tourreko egutegia osorik jokatzeko. Bost txirrindulari fitxatu ditu erronkari aurre egin ahal izateko: Irati Aranguren, Paula Patiño, Sara Fiorin, Marjolein van't Geloof eta Tiril Jorgensen. Haiei esker, lehian aritu ahal izango da mendateetan, esprintetan eta klasikoetan.

(ID_15531061) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-11-20, Usurbil. Irati Aranguren, Laboral Kutxa taldeko txirrindularia
Irati Aranguren Laboral Kutxaren elastikoarekin. GORKA RUBIO / FOKU

Pro Team mailako gizonezkoen euskal taldeei dagokienez, Caja Ruralek Fernando Gaviria esprinterra fitxatu du, eta harrobitik igotzeko aukera eman dio Ellande Larronde saratarrari. 2021ean Romain Sicard erretiratu zenetik, profesionaletan ez da izan Ipar Euskal Herriko txirrindularirik. Euskalteli dagokionez, Jonathan Lastrak zakua eskarmentuz betea ekarriko du Cofidisetik, eta Kern Pharmak haztegiari erreparatu dio taldea osatzeko garaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.