Olaizola II.a-Begino 22. Berasaluze VIII-Albisu 5

Txukun eta azkar

Olaizola II.a nahierara aritu da, piloteoan zein errematean, eta Bilboko torneoko finalerako sailkatu da Beginorekin

Berasaluze VIII.a kontra kantxan irrist egiten, aurtengo Bilboko torneoko lehen partidan. M. RAMIREZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Iraupena. Partidarena: 43.32; jokoarena 18.58.

Pilotakadak. 384.

Saketik. Olaizolak hiru; Berasaluzek alerik ere ez.

Markagailua. 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 8-2, 8-3, 8-3, 11-3, 11-4, 20-4, 20-5 eta 22-5.

Bestelakoak. Mila ikusle inguru Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Apustuak doblean irten dira gorrien alde.

Profesional ona da Aimar Olaizola, AEBetako filmetako soldatapeko hiltzaile hotzen antza du askotan. Lanak txukun, bizkor eta modu eraginkorrean egiten dituzten horiena. Hala irabazi zuen atzoko Bilboko torneoko partida, eta larunbateko finalean ariko da Aritz Beginorekin batera. Goizuetakoak agindu zuen kantxa gainean, eta nahierara aritu zen, piloteoan zein errematean. Hamahiru tanto eginda bukatu zuen norgehiagoka, eta huts bakar batekin, 20-5ekoan, baina jokoan izandako eragina askoz haratago joan zen. Aurrean, Pablo Berasaluzeren magia itzali zuen, pilota gainetik edo alboetatik nola pasatzen zitzaion ikustera behartuz, eta, atzean, Jon Ander Albisuren alde grisa azaleratu zuen.

Mila pertsona inguru bildu zen partida ikusteko. Artekarien ustez faborito argia zuen, dirua doblean irten baitzen, baina Berasaluzeren sasoia eta Albisuren ahala ezustekoa posible zela pentsatzeko nahikoa arrazoi ziren. Bada ez, ez zen halakorik izan, eta errua, edo meritua, Olaizolarena izan zen. Bederatzi minutu aski izan zituen 7-2 aurretik jartzeko. Berasaluzek ordurako hiru huts eginak zituen —guztira sei izan ziren— eta bazekien ez zuela bere eguna izango.

Partida luzatu ahala, irabazleen aldea irekiz joan zen (14-4). Piloteo politenak atzelarien artean egon ziren, eta Beginok maila ona eman zuen. Kideak pilota txar asko kendu zizkion, eta Autzakoak eroso jokatu zuen Albisuren aurka. Ataundarrak, Olaizola saihestu nahian, arriskatu behar izan zuen eta lau huts egin zituen. Albisuren hutsak partidaren erdi aldetik aurrera iritsi ziren, eta Olaizolaren eraginkortasunak berean jarraitu zuenez, azken txanpako tantoak oso bizkor erori ziren irabazleen alde. Bizkorregi gauza onerako.

Torneokop B multzoan finalera zer bikote igaroko den gaur argituko da, Irujo-Barriola eta Bengoetxea VI.a-Apraizen arteko partidan (18: 30, ETB1). Aspekoak oso zail dute sailkatzea; baina irabazita, Titin-Merino enpresako kideek sartuko dituzte finalean. Asegarcekoek, berriz, garaipena behar dute aurrera egiteko.

Aspeko pilotarien bilera

Aspeko pilotariek bilera bat egiteko asmoa dute enpresak soldatak jaisteko eskakizunari nola erantzun aztertzeko. Ez dago egunik finkatuta, baina aurki izango da. Bilera horretan euren ordezkariak izendatuko dituzte zuzendaritzarekin negoziatzeko. Ez dirudi jarrera oso oldarkorra izango dutenik. Dena den, enpresaren eskakizun zehatza zein den jakin gabe ezin da ezer aurreratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.