Izotz hockeya

Txuri Urdin: aldatuta, baina oinarriak sendo

Irene Senac entrenatzaileak udan utzi zuen taldea, baina denboraldiari ondo ekin dio Donostiako izotz hockeyko taldeak. Aitziber Salillas atezainak parekotasun handia espero du ligan: «Titulurako kanporaketetarako sailkatzeko ere gauzak estu egongo dira».

Aitziber Salillas Txuri Urdineko atezaina geldiketa bat ospatzen. GIOVANNI BATISTA
Aitziber Salillas Txuri Urdineko atezaina geldiketa bat ospatzen. GIOVANNI BATISTA
ainara arratibel gascon
2026ko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Talde batek entrenatzailea ordezkatzen duenean, beti izaten dira aldaketak. Are gehiago prestatzaile horrek denbora badarama taldea zuzentzen. Hori gertatu zaio Txuri Urdin izotz hockeyko taldeari. Lau denboraldiren ostean, entrenatzaile kargua utzi zuen Irene Senacek aurreko sasoi amaieran. Haren eskutik Donostiako taldeak bi liga eta Espainiako Kopa bat irabazi zituen, eta harrobiaren alde egindako apustua indartu zuen. Jose Miguel Ruiz de Galarreta da Senacen ordezkoa, klubeko entrenatzaile multzoan denbora daraman prestatzaile bat. Aitziber Salillas atezainak azaldu du «harro» daudela Senacekin egindako lanarekin: «Bai pistan, bai hortik kanpo aparta izan da, eta emaitzetan ikusi da. Teknikoki eta taktikoki asko hobetu zuen taldeak haren eskutik, eta arlo psikologikoari garrantzi handia eman zion». Orain «ilusioz» eta «patxadaz» heldu diote aldaketari: «Azken batean, jokalari gehienek jarraitu egiten dugu, harrobiaren aldeko apustua egin baita, eta multzoak oinarriak sendo ditu. Urte hauetan egindako lanketa psikologikoak garrantzi handia izan du horretan».

Denboraldi hasiera «polita» egiten ari direla nabarmendu du Salillasek: jokatu dituzten hiru partidetatik bi irabazi dituzte, Tartaloren (2-9) eta Majadahondaren kontra (5-3); galdu egin zuten, berriz, Puigcerdaren kontra (4-2). Gaur Valdemoron jokatuko dute, Madrilen, Quimeras taldearen kontra. «Azken garaipenak, Majadahondaren aurkakoak, konfiantza handia eman behar digu. Izan ere, egungo liga txapelduna da, eta uste dut gai izan ginela izotz pistan entrenatzaile berriak ezarri nahi dituen gauzetako batzuk erakusteko. Horrek esan nahi du pixkanaka ulertzen eta barneratzen ari garela hark eskatzen diguna, eta hori inportantea da». Kontatu du Puigcerdaren kontra galdu arren «nahiko gustura» aritu zirela. 

Eta zeintzuk izan dira teknikari berriak ezarri nahi dituen aldaketa horiek? Segidan azaldu ditu: «Irenek garrantzi handia ematen zion aurkariaren arean presentzia izateari, bai golak sartzeko eta bai gero diskoa toki arriskutsuetan berreskuratzeko. Alde horretatik ausartak izateko eskatzen zigun. Entrenatzaile berriak bide horretatik jarraitzea nahi du, eta beste aurrerapauso bat emateko. Hala, arlo fisikoari garrantzi handia ematen ari zaio. Patinatzean segida izatea nahi du, eta hiru zatietan oreka bat izatea».

«Arlo fisikoari garrantzi handia ematen ari zaio entrenatzaile berria. Patinatzean segida izatea nahi du, eta hiru zatietan oreka bat izatea presioa egiteko orduan» 

AITZIBER SALILLAS  Txuri Urdineko atezaina

Uste du lor dezaketela, eta multzoa asko aldatu ez izanak lagundu egingo duela horretan: «Ondo ezagutzen dugu elkar». Gainera, bi jokalari garrantzitsu bueltatu dira taldera: Haizea Fernandez eta Iara Haiek. Hungarian jokatu ostean itzuli dira. «Herrialde horretako liga indartsua da, eta hockeya kirol profesionala da. Kalitate handia duten bi jokalari dira, eta horri halako txapelketa batean lehiatzeak dakarren esperientzia gehitu behar zaio. Asko ikas dezakegu haiengandik». 

Segida izatea

Beste fitxaketetako bat Paula Marina izan da. Jakatik iritsi da Donostiara. «Hura ere nazioarteko txapelketetan lehiatua da. Gainera, kanpotik etorrita, beste modu batera biziko zuen hockeya. Alde horretatik ere egin diezaguke ekarpena. Gainera, kalitate handia duen jokalaria da».

Azken urteetako ligarik estuena espero du atezainak: «Talde guztietan aldaketa asko izan dira, eta uste dut denak mailaz igo garela». Beraz, helburuak ezartzeko orduan zuhur mintzatu da. «Urratsez urrats joan nahi dugu, eta lehen helburua kanporaketetarako sailkatzea izango da. Izan ere, kanporaketetan muturra sartzeko ere borroka handia izango da. Estu ibiliko gara denak». 

Berdintasun hori egotea pizgarri moduan ikusten du Salillasek: «Liga interesgarriagoa egingo du eta ikusgarritasun handiagoa emango dio, eta talde guztiok hobetzen segitzera behartuko gaitu». Hobekuntza horretan segida izatea ere funtsezkoa dela uste du. «Bai entrenamenduetan, bai partidetan. Kontuan izan gure ligako klubek entrenatzeko ditugun baldintzak oro har zailak direla. Oso berandu egiten dugu. Bidaiak ere luzetxoak izaten dira, eta zaila da lana edo ikasketak eta kirola uztartzea. Hori ondo kudeatzea garrantzitsua izango da». 

Hori lortze aldera, ezinbestekotzat jo du emozioen arloa lantzen jarraitzea. «Irenek arrastoa utzi zuen horretan, eta oso errotuta dago multzoan esparru hori lantzea. Asko zaintzen dugu elkar». Horrekin batera, bakarka izan ditzaketen helburuen gainetik taldearenak jartzen dituzte. «Talde moduan ere helburu txikiak jartzeko zaleak gara, arreta datorkigun partidan jartzekoak». Atezaina izanda, Ona Perez beste atezainarekin duen harremanaz mintzatu da Salillas: «Dagoeneko urte batzuk daramatzagu elkarrekin. Ondo ezagutzen dugu elkar, eta hori garrantzitsua da». Hockeyaz disfrutatzen jarraitu nahi du egunerokoan, eta bere buruan gero eta konfiantza handiagoa izaten. «Egunerokoan dudan ilusio horri eutsi nahi diot».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA