Bost, gehienez ere. Hori da Txuri-Urdin izotz hockey taldeari liga irabazteko geratzen zaion norgehiagoka kopurua. Kataluniako Puigcerda taldearen aurka finalerdietako lehia erabakigarria irabazi zuen joan den asteburuan, eta, ondorioz, finalerako sailkatu zen. Donostiarrek Jacaren aurka jokatuko dute finala, bost partidatara. Asteburu honetan ekingo diote lehiari, etxetik kanpo. Gipuzkoako taldeak 2018-2019ko denboraldian irabazi zuen azkenekoz liga, eta finalerako ez da 2020-2021eko denboraldiaz geroztik sailkatu.
Ligan laugarren postuan sailkatu zen Txuri-Urdin. Ondorioz, kanporaketa lehen sailkatuaren aurka jokatu behar izan zuen, Puigcerdaren kontra. Gainera, lehenengo eta azken norgehiagokak etxetik kanpo jokatu zituzten. Joseba Aizagirre da taldeko kapitaina, eta taldea nola dagoen azaldu du: «Garaipenak konfiantza eman zigun, ligako lehen sailkatua kanporatu baikenuen». Orain zazpi denboraldi irabazi zuen azken aldiz Txuri-Urdinek ligako garaikurra, eta egungo taldeko hainbat jokalari ez ziren adin nagusikoak ere. Final hau jokatzeak zer esanahi duen kontatu du Aizagirrek: «Irabazi genuen azken liga hartan gaztea nintzen. Jadanik taldearen parte nintzen, baina ez nintzen orain bezain garrantzitsua. Aspaldian ez nuen entrenatzeko eta asteburua iristeko gogo bizi hori izaten».
«Irabazi genuen azken liga hartan gaztea nintzen. Jadanik taldearen parte nintzen, baina ez nintzen orain bezain garrantzitsua. Aspaldian ez nuen entrenatzeko eta asteburua iristeko gogo bizi hori izaten»
Joseba Aizagirre Txuri-Urdin izotz hockey taldeko jokalaria
Puigcerdaren aurkako azken norgehiagoka erabakigarria zen, eta presioa nola kudeatu zuten azaldu du kapitainak: «Konfiantzaz iritsi ginen partidara. Eurek presio gehiago zuten; izan ere, lehen postuan sailkatu ziren ligan, eta, gainera, etxean jokatzen zuten. Presio gehigarria ez edukitzeak on egin zigun». Liga erregularrean, gainera, Kataluniako taldearen aurka jokatutako bi norgehiagokak alde handiarekin galdu zituzten, guztira hamabost gol jasota eta bakar bat ere sartu gabe. Horren harira, Aizagirrek kanporaketa hasi aurretik talde barruan zer hitz egin zuten kontatu du: «Garrantzi handia eman genion norgehiagokan inor ez kaleratzeari. Puigcerdak jokalari bat gehiagorekin jokatu izan duen gehienetan irabazi egin du, eta, horregatik, garrantzia eman diogu atzean sendo aritzeari. Atzealdean denboraldi osoko bertsiorik onena eman dugu kanporaketa osoan zehar».
Taldearen batasuna
Ez da erraza talde bateko kapitaina izatea, eta are zailagoa da funtzio hori ongi betetzea. Txuri-Urdineko kapitainak hori nola bizi duen kontatu du: «Entrenatzaileak transmititzen duen mezua gainontzeko taldekideei transmititzen saiatzen naiz. Egunerokotasunean hori egitea funtsezkoa izan da kanporaketa aurrera ateratzeko». Etxeko eta kanpoko jokalariz osatutako taldea eratu du Txuri-Urdinek aurten, eta Aizagirrek euren artean duten harremanaz hitz egin du: «Harreman ona dugu. Pistan fitxaketen presentzia nabaria da; izan ere, taldearen maila hobetzen dute». Pistatik kanpo ere, multzoaren batasunari garrantzia ematen zaio hainbat taldetan. Kapitainak kanpotik iritsitako jokalariek taldera egokitzeko izandako jarrera azpimarratu du: «Pistatik kanpo egin izan ditugun ekintzetan ere parte hartzeko gogoa erakutsi dute. Hori ere garrantzitsua eta eskertzekoa da».
Asteburu honetan hasiko da finala, eta azken norgehiagoka apirilaren 4an jokatuko dute, Jacan. Denboraldian zehar ongi egindako gauzak eta hobetu beharrekoak aztertu ditu kapitainak: «Egindako akatsetatik egunero ikasi dugu. Atzealdean, une garrantzitsuetan, kontzentrazio falta izan dugu. Behin ikasita, baina, lortu dugu arreta atzean zein erasoan mantentzea. Ligan, golak jaso ondoren, besoak azkar jaisten genituen, baina kanporaketan aurrerapausoa eman dugu horretan. Orain arte golak sartzeko arazoak eduki ditugu, eta hor badugu zer hobetua».
Finalari begira, Jacaren inguruan aritu da Aizagirre: «Puigcerda baino talde osoagoa da Jaca. Atezain ona dute, eta bi-hiru lerrotan jokalari erabakigarrian dituzte». Finaletan hainbat faktorek izaten dute eragin zuzena, eta gakoen inguruan hitz egin du Aizagirrek: «Lehen gola guk sartzea garrantzitsua izango da, gisa honetako norgehiagoketan erraza baita gol bat jaso eta arreta galtzea».