Iosu Goñi. Pays d'Aix taldeko jokalaria

«Umiltasunez jardun ezean, muturrekoa jasoko dugu»

Hiru euskal jokalari ariko dira gaurtik Espainiarekin Frantziako Munduko Txapelketan: Julen Aginagalde irundarra, Eduardo Gurbindo iruindarra eta Iosu Goñi barañaindarra. Estreinakoz ariko da Goñi. «Irrikan» dago.

«Umiltasunez jardun ezean, muturrekoa jasoko dugu».
Julen Etxeberria.
2017ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Eskubaloiarekin harreman estua duen familia bateko kide da Iosu Goñi (Barañain, Nafarroa, 1990). Xabier aitak ibilbide luzea egin zuen eskubaloian, eta Barañaingo Lagunak taldeko koordinatzailea izan zen uste askoan. Talde horretan ari da Manuel anaia ere, eta bertan hasi zen bera ere. Anaitasunara pasatu zen gero, eta, handik, Ademar Leonera. Han egin zuen estreinakoa Asobal ligan, 2011n, 21 urte besterik ez zuela. Espainiako taldearen diru arazoek, ordea, Qatarrera eraman zuten lehenbizi, Al-Quiyadara, eta Frantziara gero, Pays d'Aixera. 2013ko udatik bertan egiten ari den lan bikainari esker lortu du toki bat Espainiako selekzioan. Estreinako txapelketa handia du gaur Frantzian hasiko dena. «Sekulako ilusioa dut», aitortu du, hara abiatzear.

Txapelketa handi baten atarian irrikaren eta tentsioaren arteko sentipen bat izan ohi da, eta are gehiago, zure kasuan, estreinakoa duzula aintzat hartuta. Nola zaude?

Ilusio handia dut. Hemen egoteko desiratzen nengoen, eta, behin hemen, jokatzeko irrikan nago.

Txapelketa handi baten atarian geratutakoa zara. Horren beldur izan zara oraingoan ere?

Beldurrik ez dut izan. Nire onena ematea besterik ez dut izan buruan. Kosta ahala kosta egon nahi nuen azken zerrendan, eta lortu dut. Orain, nigan izan duten konfiantza eskertu behar dut.

Frantzian ari zara, eta Frantziak antolatuko du txapelketa. Horrek bereziago egiten du lehiaketa hau?

Egia esan, bai, ilusioa egiten dit. Ia lau urte daramatzat Frantzian jokatzen, eta hemen jokatzeak berezia egiten du lehiaketa.

Frantziak etxean jokatuko duela kontuan hartuta, bera da faborito nagusia?

Bai. Frantziarentzat porrota litzateke etxean jokatuta tituluak ihes egitea. Ikusteko dago gehiegizko presio horrek nola eragiten dion.

Azkeneko bi txapelketa handietan, 2016ko Poloniako Europako Txapelketan eta 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan, ordea, ez du Frantziak irabazi, eta hori albistea da. Antzekoa gerta daiteke?

Bai, maila handiko selekzioak ariko direlako: Danimarka, Alemania, Kroazia, Polonia, gurea... Inor ez dago muturreko bat jasotzetik salbu.

Eslovenia, Mazedonia, Islandia, Tunisia eta Angola izango dituzue aurkari ligaxkan. Zein iritzi duzu?

Aurreneko hirurak dira indartsuenak. Gure helburua lehen partida irabaztea da, Islandiaren aurkakoa. Partidaz partida joan nahi dugu, geure buruari epe luzerako helbururik jarri gabe.

Europako txapeldunorde eta munduko laugarrena da Espainia. Ez da helburu apalegia partidaz partida joatea?

Ez. Noski nahi dugula gutxienez dominen lehian sartu, baina oso argi dugu umiltasunez jardun behar dugula; hori egin ezean, muturrekoa jasoko dugu.

Prestaketa partidetan oso maila ona eman duzue.

Bai, eta oso baliagarriak izan dira konfiantza hartzeko, eta egiten ari garena ondo dagoen ustea sendotzeko. Oraindik, halere, badugu zertan hobetu.

Rioko Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu izanak aldaketa ekarri zuen aulkian. Jordi Ribera da hautatzailea orain. Zertan aldatu da taldea?

Hasteko, txapelketa handi batean estreinakoz ariko garen bost jokalari gaude. Eta jokoari dagokionez, aldaketa agerikoa da. Joko dinamikoagoa egiten dugu orain.

Eta multzo horretan zein da zure egitekoa?

Erasoan zein defentsan lagun dezaket, eta horrek mesede egiten dit. Gainera, egokitzapen handirik ez dut behar izan, aurretik hautatzailearekin lan egindakoa bainaiz, Ademarren. Badakit zer-nolako jokoa gustatzen zaion.

Asobal ligatik kanpo ari diren jokalarietako bat zara. Beharrak bultzatutako erabakia izan zen zurea?

Erabat. Krisiagatik izan ez balitz, ziurrenik ez nintzen Frantziara joango, baina babak eltzetik atera behar nituen, eta, horretarako, kanpora joan beharra nuen.

Argi dago ondo atera zaizula apustua.

Hala da. Lehen egunetik oso gustura egon naiz bai Pays d'Aix taldean, bai Aix en Provence hirian. Oso ondo egokitu naiz.

Nolakoa da Frantziako Liga?

Ez du antz handirik Asobal ligarekin. Indar fisikoa dago taktikaren eta teknikaren gainetik.

Zer asmo duzu etorkizunean?

Beste hiru denboraldirako luzatu berri dut kontratua, 2020ra arte. Beraz, gutxienez beste hiru urtez ariko naiz Pays d'Aixen.

Ez duzu tentaziorik Asobal ligara itzultzeko?

Ez. Kirol proiektu polita dauka Pays d'Aixek. Aurki, gainera, pabiloi berria izango dugu. Oinarri sendoko klub batean nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.