Bera Bera eskubaloi taldeko entrenatzaile ohia

Imanol Alvarez: «Une aproposean toki aproposean egon naizela sentitzen dut»

Alvarezek Bera Bera entrenatzeari utzi dio, bederatzi urtez lan ederra egin eta gero: besteak beste, taldeak hemezortzi garaikur irabazi ditu. Gazteekin egin nahi zuen lan, eta hori egingo du, Bera Beran bertan. «Ez dago toki aproposagorik».

Imanol Alvarez. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Imanol Alvarez. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
Donostia
2026ko ekainaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bera Bera eskubaloi taldearen bulegoak erakusleiho ederra du, makina bat garaikurrez apainduta. Horietatik asko irabazi ditu Imanol Alvarezek (Ermua, Bizkaia, 1967) taldearen entrenatzaile aritu den bederatzi urteetan. Kartel bat ere badago kristalean. Maitane Etxeberria taldeko kapitaina ageri da ispilu baten aurrean, eta haren isla neskatxa bat da. Kartelak zera dio: Txapeldunak balioetan. Garenaren isla. Berdintasuna. Errespetua. Umiltasuna. Inklusioa. «Balio horiek izatea da benetan garrantzitsuena, eta Bera Berak baditu», esan du Alvarezek. «Oso harro» dago klub horren parte izateaz. Horregatik ariko da bertan lehen taldea entrenatzeari utzi ostean. «Gogo bizia» du gazteekin lan egiteko.

Bukatu da denboraldia. Zer moduz zaude?

Lasai nago. Oso polita izan zen Gaskan egin zidaten omenaldia: alabak eta ilobek aurreskua dantzatu zidaten. Baina, finala jokatzen ari ginenez, ez nuen asko pentsatu horretan. Finala bukatu eta gero, berriz, lanez gainezka ibili naiz. Bizpahiru egun behar ditut lasai egoteko, eskubaloiaz aparte. Orduan hausnartuko dut.

Zer pentsatzen duzu Bera Berako entrenatzaile ohia zarela irakurtzen edo entzuten duzunean?

Bitxia da. Uztailaren 23an ez naiz entrenatzera etorriko. Orduan jabetuko naiz ez naizela Bera Beraren entrenatzailea. Hala ere, ekainean eta uztailean bulegoan ibiliko naiz datorren sasoirako gauzak prestatzen, eta horrek mesede egingo dit pixkanaka egoera berrira egokitzeko. Oraindik ez dut sentitu ez naizela Bera Beraren entrenatzailea, baina badakit sentituko dudala. Orduan konturatuko naiz ez dudala egingo horrenbeste urtez egin dudana.

Galdu egin duzue ligako finala. Horrek gazi-gozoa egin du agurra?

Ez. Ni oso lasai nago. Txapeldunak izan bagina ere orain nagoen bezala egongo nintzateke. Ikasi egin dut irabazitako eta galdutako partidak perspektiba pixka batekin bizitzen. Galtzen dugunean, etxekoengatik sufritzen dut gehien, haiengatik tristatzen naiz gehien: aitak eta seme-alabek liga irabaztea nahi zuten. Oso asebeteta noa. Taldea azkeneraino borrokatu da. Ez dut kexarik. Finala berriro jokatu beharko bagenu, berdin-berdin jokatuko nuke. Aurkaria hobea izan da.

Orain arte egindakoa behar bezala baloratzeko balio dizue?

Bai. Ermuan zera esaten zidaten: «Berriro irabazi duzue? Horrek ez du horrenbesteko meriturik». Orain, aldiz, zera esan didate: «Zer, Imanol? Oraingoan ez duzue irabazi?». Pentsatu behar dugu irabazi izan dugunean beste guztiak baino hobeak izan garela. Oraingoan, aldiz, beste bat izan da gu baino hobea, eta onartu egin behar da hori. Irabaztea ez da erraza, nahiz eta askotan irabazi. Adibidez, aurten, oso zaila izan zen Donostian Kopa irabaztea. Behin irabaztea zaila bada, are gehiago berriro irabaztea, jendeak uste duen baino zailagoa. Baina jendea ohitu egiten da irabaztera, eta badirudi ez baduzu irabazten gaizki ari zarela. Baina batzuetan ez zara gaizki aritu: beste bat hobeto aritu da.

«Oso asebeteta noa. Taldea azkeneraino borrokatu da. Berriro finala jokatu behar bagenu, berdin-berdin jokatuko nuke»

Irabaztea zaila dela diozu. Eskerrak, zure esanetara Bera Berak hemezortzi garaikur irabazi baititu.

Sekulakoa da hori. Inoiz ez nuen pentsatuko horrenbeste titulu irabaziko nituenik. Nire lehen partida ofizialean Superkopa irabazi genuenean, zera esan nion neure buruari: «Imanol, jada txapelduna zara zerbaitetan». Oso pozik nago hemezortzi titulu horiek irabazteagatik, beti nahi izan baitut hobeagoa izan, irabazten jarraitzeko.

Bera Beraren eta bion artekoa oso arrakastatsua izan da. Zein izan da gakoa?

Oso-oso gustura aritu naiz. Ahalik eta ondoena adierazi dut entrenatzaile gisa adieraz dezakedan hori. Ingurua perfektua izan da. Kluba eta biok oso ondo egokitu gara elkarri. Une aproposean toki aproposean egon naizela sentitzen dut. Horrek oso ondo sentiarazi nau, eta, gaur egun ere oso ondo sentiarazten nau. Horregatik ez dut beste inora joan nahi. Beste lan bat egin nahi dut, baina hemen egin nahi dut, are eta gehiago hobetzeko.

«Inkontziente hutsa» izan zinen 2013an Tati Garmendiak postua eskaini eta baietz esan zenionean. Ez zara damutu, ez?

Ez, baina oso argi dut inkontziente hutsa izan nintzela. Urte asko neramatzan mutilak entrenatzen, eta ez nekien zehazki zer zen Bera Bera; apur bat urrun neukan. Nire ikuspuntua mutilen eskubaloikoa zen. Baina hona iritsi bezain laster jabetu nintzen toki itzel batera iritsi nintzela.

Zer eman dizu Bera Berak?

Dena. Entrenatzaile gisa, inon ez naiz horren ondo eta gustura aritu. Tituluez gain, aukera eman dit jende pila bat ezagutzeko eta goi mailako emakumezkoen eskubaloia egunero-egunero bizitzeko. Niretzat pentsaezina zen hori.

«Bera Beran, ahalik eta ondoena adierazi dut entrenatzaile gisa adieraz dezakedan hori. Ingurua perfektua izan da»

Zer eman diozu zuk?

Ahal izan dudan guztia, entrenatzaile zein pertsona gisa. Nire etxean lanean edo zerbait konpontzen banengo bezala aritu naiz, eta, niretzat oso atsegina izan da hori sentitzea.

Entrenatzeari utziko zeniola esan zenuenean tituluak irabaztearen gainetik jarri zenuen balio batzuk transmititzea. Garrantzi handia ematen diozu horri?

Niretzat irabaztea baino garrantzitsuagoa da hori. Zerbaitengatik asko haserretzen banaiz, balio horiek errespetatzen ez direlako edo garrantzitsutzat jotzen ez direlako haserretzen naiz. Ez du balio edozein modutan irabazteak, eta Bera Bera ez litzateke Bera Bera edozein modutan irabazteak balioko balio. Balio batzuk errespetatuz irabaztea eta galtzea da garrantzitsuena. Niretzat, hori da bidea kirolean eta bizitzan. Hemen, horrela jokatzen dugu. Nik horretan lagundu dut, eta oso harro nago horretaz.

Partidaren bat duzu bereziki gogoan?

Ez, baina aldatuko nuke baten emaitza: iaz Alemanian Blombergen aurka penalti jaurtiketetan galdu genuena, Europako Ligako final-laurdenetan. Talde horrek, jokalari horiek, merezi zuten Lauko Finala jokatzea.

«Ez du balio edozein modutan irabazteak, eta Bera Bera ez litzateke Bera Bera edozein modutan irabazteak balioko balio»

Nola agurtu zaituzte jokalariek?

Askok pena dute, denbora asko pasatu baitut haiekin. Baina esan diet ez naizela inora joango, eta bulegoan egongo naizela. Galdetu didate ea entrenamenduetara joango naizen, eta ezetz esan diet, uste baitut ez dudala joan behar, betiere Jonek [Beristainek, Bera Beraren hurrengo entrenatzaileak] ez badit deitzen. Bulegoan egongo naiz, baita harmailan ere. Oso gertu egongo naiz, behar dutenerako.

Gogorra egingo zaizu harmailan egotea?

Ez dakit, baina badut gogoa partidak harmailatik bizitzeko. Ilusioa pizten dit etxeko laurek elkarrekin partidak ikusteak. Uste dut disfrutatu egingo dudala eta zale sutsua izango naizela.

Nola hartu dute etxekoek zuk entrenatzeari uztea?

Hasieran, seme-alabek ez zuten nahi uztea, alabak ez baitzion ospetsua izateari utzi nahi [barrez]. Orain, galdetzen didate ez badut entrenatu behar zertan lan egingo dudan. Esan diet gazteak entrenatuko ditudala. Eta orduan galdetzen didate ea aulkian edo harmailan haiekin egongo naizen. Haiekin egongo naizela esaten diet. Apur bat arrotza egiten zaie, ia bizitza osoan ikusi bainaute Bera Bera entrenatzen.

Hobeto kontziliatuko duzu.

Bai, ez baitut bidaiatu beharko. Saiatuko naiz etxekoen eta harrobikoen partidak ondo antolatzen. Espero dut emazteari gehiago laguntzea, hura arduratu baita horretaz batez ere kanpoan egon naizenean. Aste barrukoa, ordea, ezer gutxi aldatuko da: beti gosaldu eta afaldu dut etxekoekin.

«Ilusioa pizten dit etxeko laurek partidak elkarrekin ikusteak. Uste dut disfrutatu egingo dudala eta zale sutsua izango naizela»

Hasi zara lan berrian?

Bai. Gogotsu nago, ondo egin nahi dut. Ez da epe motzerako lana, baina jakin nahi dut nola aritu den orain arte Jon. Pistak topatzea izango da zailena. Harrobiak funtzionatzea nahi badugu, pistak behar ditugu. Hori gabe, zaila da hobetzea. Baina gogor lan egiteko gogoz nago.

Azken urteetan etxeko jokalari gutxi egonkortu dira taldean. Horregatik egin nahi duzu lan hori?

Bai. Nik ulertzen dut jendeak euren taldea irabazten ikusi nahi duela balio batzuk errespetatuta. Hona etorri diren jokalariek errespetatu egin dute hori. Norbait fitxatzeko orduan oso kontuan izan dugu beti nolako pertsona zen. Horretan oso gutxitan okertu gara, eta jokalarien %98 Bera Bera dira, eta hemendik joan direnean ere Bera Bera dira. Batzuk euskara ikasten saiatu dira, eta hori garrantzitsua da. Baina gustatuko litzaiguke donostiar eta gipuzkoar gehiago aritzea taldean. Saiatu gara batzuk fitxatzen, baina arrazoi batzuengatik edo beste batzuengatik ez dugu lortu. Lan egin behar dugu aukera gehiago egon dadin. Hori da erronka.

«Jende guztiak egiten du amets Bera Bera bezalako toki batean lan egitearekin, eta nik lortu dut. Hori ordainezina da»

Beristainek hartu dizu lekukoa. Zer iritzi duzu hari buruz?

Klubari argi esan nion ez zegoela hura baino aproposagorik. Ezin hobeto ezagutzen du ezagutu beharreko guztia, langile peto-petoa da, eta beti pentsatzen du zer den onena taldearentzat. Gainera, pertsona ona da. Bera Berako entrenatzaile batek izan behar dituen baldintza guztiak ditu. Justuena da hark entrenatzea taldea.

Zer esango zenieke zaleei?

Oso ondo pasatu dudala eta izugarri gozatu dudala. Jende guztiak asko baloratu eta errespetatu nauela sentitu dut. Oso eskertuta nago. Jende guztiak egiten du amets Bera Bera bezalako toki batean lan egitearekin, eta nik lortu dut. Hori ordainezina da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA