Asier Illarramendi. Realeko jokalaria

«Uneaz gozatu nahi dut; azken urteak ez dira errazak izan niretzat»

Reala nola, Asier Illarramendi ere une gozoak bizitzen ari da. Txuri-urdinen kapitainak ez du lesiorik izan azkenaldian, eta «taldeari laguntzen» ari da zelaian. Lehen itzulikoari eutsi nahi dio, ligan goian segitzeko eta Europan urrun ailegatzeko.

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
Zubieta
2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Realak galdu egin du ligako azken partida, baina sasoi ona egiten ari da. Horretaz jakitun, Asier Illarramendik (Mutriku, Gipuzkoa, 1990) eta haren taldekideek orain arteko bidean segitu nahi dute. Arlo pertsonalean, «uneaz gozatzea» da kapitainaren xedea. Ekainaren azkenean amaituko zaio kontratua, baina, oraingoz, ez dio horri erreparatu nahi.

Oro har, ona da denboraldiaren balorazioa, ezta?

Bai, balorazioa oso ona da. Ligan hirugarren postuan gaude. Lehen itzulian puntu asko bildu ditugu, eta itxura ona eman dugu. Europa ligan ere ez zen erraza lehen postuan sailkatzea, jakinda zein multzo genuen. Taldeak lortu du ligaxka postu horretan amaitzea eta kanporaketa jokatu beharrik ez izatea. Kopan dugu, agian, pena pixka bat. Gauza handiak lortzeko ilusioa genuen; Bartzelonaren aurka partida ona egin zuen taldeak, baina bigarren zatian jokalari bat gutxiagorekin geratu ginen, eta hori, pena. Orokorrean, uste dut denboraldiaren lehen zatia oso ondo baloratu behar dela.

Zeintzuk izan dira horren ondo aritzeko gakoak?

Batzuek gehiago jokatu dute, beste batzuek gutxiago, baina talde osoa aritu da ondo. Batek edo besteak jokatu, goian mantentzeko gai izan gara. Uste dut talde ona dugula, eta taldeak ez du igarri nork jokatu duen. Hori izan da gakoa. Egunez egun ondo ari gara entrenatzen, sasoi onari eusten, eta hor dago koska.

Orain urte batzuekin alderatuta, lehiakor ari da Reala. Imanolen estiloa nabarmentzen al da?

Dudarik gabe, hori izan da haren egitekoa. Iritsi zen lehen egunetik hori txertatu nahi izan zigun. Bazekien taldeak bazuela kalitatea baina intentsitateak egiten duela aldea. Hori esan zigun ailegatu zen egunean; zenbat eta intentsitate handiagoarekin jokatu, orduan eta aukera gehiago egongo zela partidak aurrera ateratzeko. Agerian geratu da hori. Taldea beti saiatzen da horretan, eta emaitzak hor daude.

Denboraldi amaierara begira, helburu jakinez hitz egiten al da aldagelan?

Ez. Europara sailkatzea zen urte hasierako helburua, eta lehen itzulia oso ona izan da. Ligan hirugarren postuan gaude, baina, atzera begira, goiko bi taldeak beste maila batean daudelako. Atzetik dauden taldeak ere indartsuak dira, baina orain arte bezain ondo jokatzea da garrantzitsuena. Horri helduz gero, hor geratzeko aukera izan dezakegu, baina ez dugu luzera begiratu behar. Onena da hurrengo partidari heltzea, eta bospasei partidaren faltan ikusiko dugu zertarako gai garen. Azken urteetan Europarako sailkatu gara, baina azken jardunaldiko azken minutuan. Iaz ere lehen itzuli oso ona egin genuen, baina huts pixka bat egin genuen bigarrenean. Uste dut garrantzitsuena dela mailari eustea, partidaz partida.

Orain bost urte, BERRIAko elkarrizketa batean esan zenuen «gauzak oso ondo eginez gero» Europarako sailkatzea zela helburua. Azken urteotan erreskadan lortu duzue. Gauzak ondo egin direnaren seinale?

Taldeak aurrerapauso handia eman du azken urteetan. Ez da erraza Espainiako ligan hiru urtez jarraian Europarako sailkatzea, zer talde dauden ikusita. Taldeak lortu egin du, eta gure helburua da. Polita da aste barruko Europako partidak Realarekin jokatzea. Orain artean lana ondo egin dugu, eta horrela jarraitzea da gakoa, berdin segitzeko.

Europa, bai. Garaia al da koska bat gorago begiratu, eta Txapeldunen Ligaz mintzatzeko?

Lehen esan bezala, hirugarren amaitu dugu lehendabiziko itzulia, baina, iaz ere, bigarrenean hustu egin ginen pixka bat. Mantentzea da gakoa; orain artean emaitza onak lortu ditugu, baina Lehen Mailan ez dago partida errazik. Puntuak biltzea da helburua.

Jokalari asko daude lesionatuta. Gehiegi behartzeko arriskua dago?

Lesio aldetik zoritxar asko izan ditugu, baina klubean profesional asko daude. Haiek arduratzen dira gu fisikoki ondo egoteaz, ondo errekuperatzeaz, karga gehien dutenei lana kentzeaz... Egun, arlo asko zaintzen dira, eta kluba saiatzen da horretan. Aspektu asko zaintzen dira: atsedena, elikadura, errekuperazioa... Klubak badaki hori garrantzitsua dela.

Otsailean partida gutxiago izateak lagunduko du arintzen?

Bai, dudarik gabe. Hobea izango litzateke partidak edukitzea, esaterako, [Espainiako] Kopako finalaurrekoetan egongo ginatekeelako, baina tira, horrela egokitu da. Partidak prestatzeko eta min hartutakoak taldera batzeko denbora gehiago izango dugu, eta, asteak luzeagoak direnean, entrenamenduak ere kalitate handiagokoak izaten dira, asteburukoak prestatzeko.

Zuk lesio gutxi izan dituzu azkenaldian. Segi dezala horrela.

Bai, horrela segi dezala. Taldearen zoritxar horren barruan, zorionekoa naiz ni aurten. Ondo sentitzen naiz, denbora asko noa lesiorik eta oinazerik gabe. Hau ez da zientzia, eta tokatu egiten da, nahiz eta inork nahi ez. Batzuetan batzuei, eta bestetan besteei. Alde horretatik, oraingoz ondo nago.

Zelaian ere azken urteetako unerik onenean al zaude?

Tira, ikusita azken lau urteetan ez dudala asko jokatu... Orain, taldeari zelaian laguntzea egokitu zait. Egia esan, lehen itzulian ez dut aukera askorik eduki. Orain gehiago dut, eta gustura. Denok prestatzen gara horretarako, eta pozik nago orain dudan jarraitutasunarekin. Lau urte atzera begiratuta, pozgarria da, ikusita nondik natorren.

33 urte beteko dituzu martxoan. Zer ikusten duzu etorkizunera begira?

Ikusten dudana da gero eta zaharragoa naizela [barrez]. Ez. Talde gaztea dugu, eta zelaian laguntzea egokitzen zaidanean, gustura egiten dut. Bestetan, esperientziatiklaguntzen saiatzen naiz. Gazteak ere behetik gora datoz, eta lesioekin asko lagundu gaituzte, eta uste dut hala segituko dutela. Etortzen direnak ari dira frogatzen lehen taldeari laguntzeko gai direla, eta nik ere neurea egiten dut ahal dudan heinean. Barruan naizenean, barruan, eta, kanpoan naizenean, kanpotik.

Joan den ostiraleko prentsaurrekoan, Imanolek esan zuen bere esku balego, gaur-gaurkoz, zure kontratua berrituko lukeela. Zer esaten duzu zuk?

Egia esan, ez naiz ari etorkizunean pentsatzen. Momentuaz gozatu nahi dut. Azken urteak ez dira errazak izan niretzat. Lesio asko eduki ditut, eta lesio horiek ez dira nik nahi bezala joan. Orain, jokatzeko aukera dut, eta gozatu egin nahi dut. Ikusiko dugu urteak nola amaitzen duen, futbolak buelta asko ematen baititu. Ikusiko da. Denboraldi amaieran balorazio bat egingo dugu; klubarekin ez dut inolako arazorik, eta hitz egingo dugu, eta dena delakoa izango da. Baina, esan dizudan moduan, orain momentuaz gozatu nahi dut.

Osasunarekin lotu zaituzte azkenaldian. Aukera hori hor al dago?

Baten batek kontatu zidan hori. Futbolean, horrelako albiste asko ez dira egia izaten sarri, eta hori esan duenak edo artikulua idatzi duenak nik baino gehiago jakingo du. Ni orain gustura nago, eta esan dizudana: urte amaieran hitz egingo dugu ea zer den onena bakoitzarentzat.

Ligan ondo kokatuta zaudete, eta Europa liga ere hor dago; final-zortzirenetan ariko zarete. Txapelketa horretan zerbait polita egiteko gogoz al zarete?

Bai, gogoz bai! [barrez]. Azken hiru urteetan sailkatu gara, baina, gero, ez dugu aurrera egiteko zorterik izan, edo ez gara gai izan. Polita litzateke Realarekin Europan gauza handiak lortzea. Ligan eman dugu aurrerapausoa, eta zergatik ez Europan? Uste dut taldeak gaitasuna erakutsi duela, aurkari handien aurka partida onak egiteko gai dela. Baina, bueno, hori erakutsi egin behar da. Guk ilusio hori badugu, eta ea zer gertatzen den gero. Gogoa eta ilusioa behintzat baditugu.

Final-zortzirenen atariko kanporaketa saihestea garrantzitsua izango zen, noski.

Bai, dudarik gabe. Kanporaketa hori ez da erraza izango [multzoen fasea] bigarren postuan geratu direnentzat. Txapeldunen Ligatik datozen taldeen aurka da, talde ahaltsuak dira, eta kanporaketa gogorra izango da. Onenak ez irabaztea da onena guretzat [barrez];gu hurrengoan egongo gara zain.

Asko falta da sasoia amaitzeko, baina zer lerroburu irakurriko zenuke udan gustura?

Uste dut amestea garrantzitsua dela, eta ahalik eta goren begiratzea. Zenbat eta gorago begiratu, orduan eta errazagoa da hori lortzeko borrokatzea. Polita izango litzateke orain arteko mailari eustea. Hori eginez gero, badakit goiko postuetan egongo garela. Kalean ere ikusten da jendeak ilusioa duela, eta Anoetan ere bai. Jendeak indar handia ematen dio taldeari, eta une hau guztiona da, bai zaleena, baita taldearena ere. Polita izango litzateke ligan goian egotea. Ea Europan ere lerroburu ederren bat idatz dezakegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.