UPNk salaketa aurkeztu du Espainiako Futbol Federazioaren Lehiaketa Batzordean, Athleticek datorren denboraldian eramango duen elastikoaren kontra, Euskal Herriko mapa ageri delako hartan. Cristina Ibarrola alderdiko presidenteak iragan astean jakinarazi zuen hala egingo zutela baldin eta klubak mapa kentzen ez bazuen, eta gaur adierazi du jada jarri dutela salaketa. Atzo egin zuten: «Alderdi moduan, behartuta gaude hala egitera, eta Nafarroaren identitatea defendatzera. Horretarako jaio ginen. Athleticen zale diren nafar askok esan digute ez daudela ados Athleticek erabili duen ikurrarekin. Athletici eta haren zaleei errespetua izanda hartu dugu erabakia».
Ibarrolak esan zuen ez zutela nahi Nafarroa azaltzea mapa horretan. Hala adierazi zien, gutun bidez, Espainiako Futbol Federazioko presidente Rafael Louzani, Athleticeko presidente Jon Uriarteri eta baita Nafarroako presidente Maria Txibiteri ere. Euskal Herriko mapa ageri da elastikoan, ikurrin eta guzti; «EAEko banderarekin», Ibarrolaren esanetan. Neurriak hartzeko eskatu zien. «Ez dutenez erantzun eta ez dutenez ezer egin, salaketa jarri dugu. Ez dugu ez ikusi egingo, Nafarroako Gobernuak egin duen moduan». Haren ustez, kamisetan Euskal Herriko mapa agertzeak «karga politiko eta identitario argia» dauka, eta «kirol lehietan izan eta eskatu behar den neutraltasunaren kontra doa».
Nabarmendu du Lehiaketa Batzordeak hartzen duen erabakia errespetatu egingo dutela: «Baina eskura dauden bide guztiak baliatuko ditugu legea eta indarrean dauden arauak defendatzeko». Hala, azaldu du Lehiaketa Bartzordearen erabakia ikurra kentzearen kontrakoa bada Helegite Batzordera joko dutela. «Kirolaren Arbitraje Auzitegia eta Kirol Kontseilu Gorena ere hor ditugu». Haren arabera «onartezina» da kamisetan mapa azaltzea. «Futbola ezin da erabili mezu politikoak emateko, ezta herritarren elkarbizitza apurtzen duten mezuak zabaltzeko ere».
Ibarrolaren arabera, barruan ikurrina daraman mapa horrek «apurtu» egiten du «Nafarroaren errealitate juridikoa, politikoa, administratiboa eta soziala, juridikoki existitzen ez den lurralde errealitate baten barruan irudikatzen baitu. Errealitate hori ez dator bat Konstituzioarekin»
Gaztela eta Leongo Voxek ere salaketa jarri zuen duela egun batzuk elastikoaren kontra, Espainiako Kirol Kontseilu nagusian, Trebiñu Euskal Herriaren mapa sartzeagatik. «Espainiako Konstituzioa urratzen du».