Eli Pescador. Hibaikako arraunlaria

«Uretan nahi dugu trainerua, gazteek ere aukera izan dezaten»

Punta-puntako traineru zena talde eraberritu eta gazte bihurtu da Hibaika. Egitasmo berria da aurtengoa, eta hor jarraitzen du Eli Pescador beteranoak, esperientzia gazteei erakusteko gogoz.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Errenteria</i>
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Oporrak hartu berri da Eli Pescador (Errenteria, Gipuzkoa, 1982), baina, aurreko udako oparraldian bezala, aurten ere arraunean ariko da lanean atsedenerako dituen egunak. Arraunari eta Hibaikari, jakina, bere taldeari.

Beste sasoi bat da zuretzat, baina hau berezia da, Hibaikak oso bestelako proiektua baitu.

Erronka berri bati aurre egiteko denboraldia izango da, oso talde gaztea dugulako. Gustura ari gara lanean, pozik.

Iaztik jarraitzen duzuenontzat,zer izan da zailena erronka berri honi heltzeko garaian?

Hasiera zaila izan zen, ez genekielako trainerua ateratzea lortuko genuen edo ez. Zalantzak eduki genituen arraunlariak lortuko genituen edo ez. Hasiera nahiko gogorra izan zen. Baina gogoz heldu genion, etxeko arraunlariekin ari ginelako lanean. Azkenean, gure helburua da traineruak uretan jarraitu ahal izatea, haiek arraun egiteko aukera izan dezaten. Alde horretatik pozik gaude. Beste momentu gogorra, niretzat behintzat, hau izan zen: Orioko jaitsieran parte hartu aurreko astea. Oso urduri nengoen. Aurreko urtean, errekorra egin genuen estropada horretan, eta aurten, banekien ez zela berdina izango. Buruak beste era batera pentsatzea kosta egiten da, azkenean. Beste ikuspuntu batekin ekin diogu denboraldiari, baina gogoz eta ilusioz gaude. Talde honekin lan egitea gozamen hutsa da, edozer egiteko prest daudelako arraunlariak, eta gauzak umore onez hartzen dituztelako.

Urte gehien daramazuenon lana funtsezkoa izango da gazteei bide zuzena erakusteko.

Bai. Bidea zehaztu behar diegu, ohitura onak har ditzaten, eta, gero, ardura hartu beharko dute.

Hibaika ondo ari da lanean harrobiarekin, eta heldu zaie gazteei traineruan lehiatzeko ordua. Polita da hori?

Ederra da belaunaldi aldaketa egitea lortu izana. Baliteke aldaketa hau oso kolpekoa gertatu izatea, beste lasaitasun batekin egin beharko zen, baina horrela tokatu da, eta aurre egin behar.

Gazte asko dituzue taldean, eta, agian, berez egin beharko lituzketen baino estropada gehiago egin beharko dituzte?

Bai. Berez, noizbehinka ibili beharko zuten lehian, adinagatik eta gorpuzkeragatik, baina beste modu batera egin beharko dute, eta, egoera guztiek bezala, gauza onak eta txarrak izango ditu. Euskadiko distantzia luzeko txapelketan, bederatzi gazterekin egin genuen arraunean, adibidez.

Azkarregi etorri zaie, hortaz, aukera?

Bai. Baina momentuak ez dira aukeratzen. Gustura dabiltza.

Lehiari dagokionez, zeintzuk dira Hibaikaren asmoak?

Taldeari segida ematea, lehenik eta behin. Eta lehiari buruz hitz eginda, asteburu honetan daukagunez Euskotren ligan sartzeko kanporaketa, liga horretan sartu nahi dugu. Uste dut aukerak ditugula sartzeko, eta ea nola ateratzen diren bi estropada horiek. Ez bagara sailkatzen, ETE liga daukagu, eta lehiaketa polita izango da, gozatzeko aukera emango baitigu. Asteburuan gertatzen dena gertatzen dela, aurrera egin behar dugu.

Ikusita talde berria eta gaztea zaretela, egokiago ez da ETE ligan aritzea?

Denontzat da helburua Euskotren ligan sartzea, telebista hor egongo delako, eta zaleentzat telebistan azaltzen dena existitzen delako soilik. Gizonezkoetan gertatzen da. Alde horretatik, sartzea komeni zaigu. Bestalde, taldea egiteko helburua dugunez, baliteke egokiagoa izatea ETE liga, pausoak pixkanaka emate aldera. Baina guk borroka egingo dugu Euskotrenen sartzeko.

Laugarren eta azken lekua dago kolokan, ematen duenez. Hautagai asko daude.

Bai. Galiziarren berri ez dugu, eta hemengoen artean, Hondarribia, Deustu, Tolosaldea, Donostiarra... Ez dakit zein sailkatuko den laugarren. Orio eta San Juan barruan izango dira, eta ematen du Arraun Lagunak ere besteok baino goraxeago dabilela. Lehia handia izango da bi estropadetan besteon artean. Ahalik eta lanik onena egin beharko dugu, oso kontzentratuta eta serio.

ETE liga eta elkartea sortzearen inguruan zein da zure iritzia?

Ona eta beharrezkoa da, forma emango diolako liga berriak orain arte oso gauza nahastua zen bati. Oso estropada gutxi izaten ziren Euskotren ligatik kanpo zeuden taldeentzat. Baina kezka pixka bat ere sortzen dit, hobe izango zelako liga bakarra egotea. Banaketa eragingo du taldeen artean, Euskotrenetik kanpo daudenak ahaztuak ez ote diren geratuko. Ikusiko dugu zer gertatuko den.

Euskotren ligak daukan erakargarritasunak itsutu egin ditzake ETE ligatik igo ezinda dabiltzan taldeak, horiek desagerraraziz?

Badago arrisku hori. Talde batzuk goian geratuko dira, edo goikoren bat leher daiteke denboraldi batetik besterako bidean. Beste batzuk behean geratuko dira, aldiz.

Datorren urterako, gainera, arraunlariak etxeko, berezko eta kanpoko gisa bereizi nahi dira. Aldaketa handiak dira.

Hori ere badator, eta ezingo da orain arte bezala arraunlari bat talde batetik beste batera eraman besterik gabe. Harrobia lantzea izango da gakoa.

Zein egoeratan dago emakumezkoen traineruen gaia?

Hamar urte hauetan aurrerapauso handiak egin dira, baina lan handia dago egiteko. Eskatzeko garaian gaude emakumeen arrauna aurrera ateratzeko. Liga bakarra egotea eskatuko nuke, adibidez.

Arriskua dago hamar urte hauetako lorpena egun batetik bestera galtzeko?

Elkarte berrian ondo ari dira. Segida luzea izango du. Taldeak desager edo ager daitezke, baina egitura sendoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.