Europa Ligan aurrera egiteko garaipen oso baliotsua lortu du gaur Bera Berak Donostiako Jose Antonio Gasca kiroldegian, Frantziako Dijoni 22-19 irabazita. Kanporaketako joaneko partida izan da, eta hiru goleko tartea lortu dute donostiarrek, datorren astean Frantziara itzulerako partida jokatzera joateko. Ia partida osoan zehar nagusi izan da Bera Bera, baina Dijonek ondo jakin du partida estutzen une batzuetan.
Dijon izan da markagailua estreinatu duena, kontraerasoan gola sartuz, baina laster berdindu dute etxekoek. Lehen bost minutuetan bi gol horiek sartu dituzte soilik, eta partidaren zati handienean zer joera izango zen erakutsi dute: partida fisikoa eta gol gutxikoa. Bosgarren minutuan, Dijonek penaltia egin dio Elke Karsten argentinarrari, baina Elba Alvarezek ez du sareratzea lortu. Hala ere, handik gutxira aurrean jarri da Bera Bera.
Donostiarrak defentsan oso sendo hasi dira, eta ez diete frantsesei zulorik utzi erasorako. Haiek ere ondo aritu dira, baina Bera Berak, kostata bada ere, zulo gehiago topatzea lortu du, nahiz eta horietako asko zutoinetara edo langara joan diren. Bi gol aurretik jarri dira gero donostiarrak, Elena Amoresek gol bikain bat sartu baitu. Handik gutxira, frantsesen kontraeraso bat bikain moztu du Maitane Etxeberriak, eta, ziztu bizian aurrera joanda, Amoresek 4-1ekoa jarri du markagailuan. Hala ere, 13. minuturako, frantsesak 4-3 gerturatu dira, eta Alvarezi bi minutuko zigorra jarri diote, baina frantsesek ez dute hori aprobetxatu.
Hurrengo minutuetan bina gol sartu dituzte talde biek, eta Nicole Wiggins Bera Berako atezaina izan da aurrean mantentzearen arrazoietako bat, geldiketa bikainak egin baititu. 5-4koa markagailuan zela, denbora batez ez dute golik sartzerik lortu, 22. minutuan frantsesek berdinketa egitea lortu duten arte; jokaldi bikain baten ostean izan da, baina Lyndie Tchaptchetek azkar itzuli dio taldeari gol baten aldea. Jarraian, Etxeberriak aldeko penalti bat lortu du, eta oraingoan Karstenek ez du barkatu: 7-5. Hor asko aldatu da partidaren erritmoak, eta golak bata bestearen atzetik etorri dira.
Dijonen minutuak
Nahiko pareko aritu dira, baina frantsesek lortu dute gutxinaka tartea txikitzea. Bera Bera bat gutxiagorekin zen, atzean sartuta, eta hala jaso dute 7-6koa, baina jarraian, Amoresek, ezustean baloia berreskuratu, eta aurrera egin du, areriorik topatu gabe, eta atezainaren gainetik botata, 8-6 jarri du talde donostiarra. Baina jarraian sartu du Dijonek, eta, lehen zatia amaitzeko minutu erdi falta zela, berdinketako gola iritsi da. Hala ere, hala amaitu behar zela zirudienean, hamar segundoren faltan, Anne Erauskinek berriro gol bat aurrean jarri du Bera Bera, epaileak atsedena adierazi aurretik.
Lehen zatiaren amaierako intentsitatearekin itzuli dira talde biak bigarren zatira: frantsesek segituan sartu dute 9-9koa, baina, penaltiz, Karstenek berriro aurrean jarri du Bera Bera. Dijonek, baina, 33. minutuan berriro berdinketako gola sartu du. Segituan Dijonen aldeko penaltia etorri da, baina Lucia Pradesek gelditu egin du. Etxeberriak beste gol bat sartu du, berriro Bera Bera aurretik jartzeko: 11-10. Gol bat sartu, beste bat jaso. Hala joan dira minutuak; izan ere, Dijonek berdindu orduko berehala lortu du aurretik jartzea berriro Bera Berak: 12-11.
Ikusi gehiago
Denbora zeramaten donostiarrek bi golen alderik ez zutela, baina 38. minutuan 13-11 jarri dira aurretik, Carmen Arroyoren gol bati esker. Atseden baten ostean, frantsesek berriro estutu dute partida gol batekin, baina Tchaptchetek baloia atezainaren hankazpitik sartuta egin du beste gol bat. Beste atseden bat eskatu dute, partidaren intentsitatearen sintoma gisa, eta Dijon berriro gerturatu da. Hurrengo minutuan beste bi gol izan dira; berriro, lehena Bera Berarentzat, hurrena Dijonentzat. Hartu eta eman; 15-14.
Tchaptchetek, beste behin, aldeko penalti bat lortu du, eta Arroyok sareratu du; hala, biko abantaila eskuratu du enegarrenez. Kontraerasoan, Wigginsi aurpegira bota dio baloia Dijongo batek, eta bi minutuko zigorra jarri diote. Hala, Imanol Alvarezek atezaina aldatu du. Baina, joerari eutsiz, Dijon gerturatu egin da berriro: 16-15. Jokalari bat gutxiago zuten frantsesek, baina beste gol bat sartu dute, eta berdinketa lortu berriro. Baina etxekoek ez diote aurkariari aurretik jartzen utzi: hiru goli eta Pradesen gelditu bikain bati esker, hiruko tartea lortu dute. Tarte horrekin geldotu egin da pixka bat partida, baina 51.ean Tchaptchetek lauko aldea lortu du lehenengoz. 54.ean, Pradesek Dijonek botatako penalti bat geratu du, eta garaipenaren bidea erraztu.
Frantsesena izan da hurrengo gola, baina Arroyok penaltiz lauko aldea lortu du berriro. Azken minutuak. Partidak lasai amaitu behar zuela zirudienean, Dijonek bi gol sartu ditu, baina, hamar segundoren faltan, Tchaptchetek hiruko aldea lortu du partida amaitzeko. Partidako izarra izan da nafarra, gol asko sartu baititu, eta penalti asko eragin.
Bidasoak ere gaur jokatu du bere ligako partida, eta 32-31 galdu du Torrelavegaren etxean.