Manu Garcia. Futbolaria

«Urtarrilean talderik aurkitu ezean, futbola utziko dut»

Talde bila ari da Manu Garcia, baina argi dauka ez dela «edonora» joango. Alavesen inguruan, uste du merezi zituenak baino puntu gutxiago bildu dituela denboraldi hasiera honetan.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Alavesen ibiliari gertutik erreparatzen dio Manu Garciak (Gasteiz, 1986), arabarren jokalari eta kapitain ohiak. Behin Mirandes utzi eta gero, Gasteizera itzuli da, eta bere azken taldea eta erronka izan daitekeenaren esperoan dago. Azken abentura hori lortzen ez badu, «prest» dago etapa berri bat abiatzeko.

Uztailean zenioen fitxaketen merkatuko azken egunetan erabakiko zenuela non jokatu. Zer gertatu da talderik gabe segitzeko?

Uda hasieran, emaztea haurdun zegoen, eta ordu hartan zaila egiten zitzaigun erabaki bat hartzea. Ondoren, udan zehar, beste aukera batzuk sortu zitzaizkidan, baina ez ninduten erabat asebetetzen: ez nuen edonora joan nahi. Kirol arloan ona eta aldi berean familiarentzat egokia zen eskaintzarik ez nuen izan. Uda amaieran talde batera joatear izan nintzen, baina ez zen gauzatu. Banekien talderik gabe egotea gertatu zitekeela, eta, beraz, ez nau ezustean harrapatu. Halere, nire asmoa da jokatzen segitzea.

Zer behar duzu eskaintza bat onartzeko?

Futbolaz eta ogibideaz disfrutatzeko modua emango didan zerbait izatea nahi dut. Familia arloari begiratuta, bizimodu erosoa egin dezakegun toki bat nahi nuke.

Mirandesen jokatu zenuen aurreko denboraldian. Nolakoa izan zen bizi izandako esperientzia?

Esperientzia oso ona izan zen; asko disfrutatu genuen. Talde oso ezberdina zen, eta, horregatik, hasieran agian apur bat tokiz kanpo sentitu nintzen; baina, azkenerako, eroso egon nintzen. Egunerokotasunarekin asko disfrutatu nuen, baina espero baino gutxiago jokatu nuen. Joko zelaian gehiago eman nezakeela uste dut.

Talde bila zabiltza orain, ezta?

Entrenatzen ari naiz, bai. Urtarrilean, neguko merkatuan, aukera hori sortzen bada, ongi, eta, bestela, nire kirol ibilbide profesionala amaitu egingo da; futbola utziko dut. Gustatuko litzaidake jokatzen jarraitzea, ondo bainago jokatzeko. Baina futbolaren mundua halakoxea da. Barneratuta daukat agian bidea hemen amaituko dela.

Helburu horrekin, nola ari zara lanean?

Udan oso errutina zehatza izan nuen. Aitzitik, orain, bestela ari naiz lanean, lasaitasun handiagoz. Egunero lan egiten dut, jaten dudan guztia zaintzen dut, baina beste era batera hartu dut. Neguko merkatua gerturatu bitartean hala izango da, bederen.

2024ko udako fitxaketen merkatura arte zain egotea ez duzu pentsatu?

Ez. Jokatzeko aukerak izan ditut, baina ez dut eman pauso hori, eskaintzek ez nindutelako erabat asebetetzen. Beraz, horrelako zerbait beharko nuke, edo bestela hortxe amaituko litzateke futbol profesionala niretzat. Ez da ezer gertatzen: etapa berri bat hasteko prest nago. Hemen utzi behar badut, pozik egongo naiz egindako ibilbidearekin.

Zipreko Aris Limassol taldean ere aritu zinen. Atzerrian jokatzeko prest zeundeke?

Bai, prest egongo ginateke. Aris Limassolekoa oso esperientzia ona izan zen arlo guztietan, eta, horrelako eskaintza on bat jasoko banu, atzerrian aritzeko prest nengoke.

Roberto Torresek, adibidez, Iranen jarraitzen du. Horrelako egitasmoren bat gustuko zenuke?

Ez dakit. Familia eroso dagoen leku bat izan behar du, eta Roberto, adibidez, bakarrik joan da hara. Oraintxe bertan ez nago prest bakarrik joateko.

Futbol osteko etapa berri horretarako prestatzen hasita zaude?

Bai. Ez diot ikasteari utzi, eta argi daukat etorkizunean ere futbolari lotuta egon nahi dudala. Baliagarria sentitzen naizen toki bat aurkitzea da orain kontua.

Zehazki badakizu zertan lan egin nahi zenukeen?

Ez, oraindik ez. Klub baten barruan ikusten dut neure burua, baina ez dakit zein postutan. Entrenatzaile tituluak eta badauzkat, baina oraindik ez dakit zehazki non egon nahi dudan. Probetxuzkoen non izan naitekeen deskubritzea falta zait.

Victor Laguardiak berriki eman du bulegoetarako jauzia.

Lagu-ri antzeko zerbait gertatu zaio, baina agian belauneko arazo horiek ere behartu dute pixka bat hori egitera. Aipatu dizudan prozesu horretan murgilduta dago orain: zertan lagun dezakeen ikasten ari da. Oso ondo prestatutako jendea da, eta oso baliagarria izango da klubarentzat.

Beste eginkizun batzuekin bada ere, polita izango litzateke Alavesera itzultzea, ezta?

Klubarekin oso harreman ona daukat. Taldetik joan nintzenean, aukera horren inguruan hitz egin genuen, baina iruditu zitzaidan ez zela horretarako garaia. Horixe ez dudala baztertzen aukera hori; polita izango litzateke klubak ikustea baliagarria izan naitekeela eurentzat. Ez dut nire izenagatik sartu nahi, eman dezakedanagatik baizik.

Nola ikusi duzu Alaves denboraldi hasiera honetan?

Irudipena daukat merezi zituenak baino puntu gutxiago dauzkala. Beste hiru edo lau punturekin, taldea lasaiago egongo litzateke, baina dinamika onean ikusten dut. Eraginkorragoa izatea falta zaio. Etxetik kanpo partida sendoak egin ditu punturik lortu ez arren, eta epaileen erabaki batzuek agian puntu bat edo bestekendu diote. Ondo egokitu da maila aldaketara, eta klubak ere lan ona egin du taldea osatzeko. Gustatzen zait kanpotik ikusten dudana, eta orain hobetzen eta garatzen segitzea ezinbestekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.