Urteek egin dute Zarauzko eremua garrantzitsu

Zarauzko bandera jokatuko dute gaur eta bihar Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziek. Eremuak ospe ona du: berezia da arraunlari askorentzat, eta zergatiak azaldu dituzte.

Hibaika ziaboga ematen, iazko Zarauzko estropadan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Hibaika ziaboga ematen, iazko Zarauzko estropadan. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
2025eko abuztuaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egin beharreko estropaden erdiak eginak dituzte Eusko Label ligako ontziek; orain astebete bete zuten helburu hori Euskotrenekoek. Biek ala biek Zarauzko estropadetan lehiatu beharra dute: itsasoan eta lau kaletan banatuta. Bi jardunaldiko ligako saio bakarra izango da. Arraun egutegian gorriz markatutako asteburua da hau. Arraunlari askori galdetuta, esan ohi dute bandera gustukoena Zarauzkoa dutela. Hibaikako arraunlari Nerea Orenak eta Donostiarra klubeko Xabat Pastorrek arrazoitu dute baieztapen hori.

Pastorrek urte batzuk atzera egin du galderari erantzuteko. Azaldu du garai batean, ligarik jokatzen ez zenean, herri bakoitzak bere estropada antolatzen zuela, eta egun seinalatu horiek garrantzi handiagoa hartzen zutela. «Bereziak ziren sari bereziak zituztelako, eta prestigio handiagoa zeukatelako». Hortaz, garrantzitsuak iruditzen zaizkio historikoki bandera hori irabazi duten taldeak.

Geroztik eremu berezi batzuk mantendu direla aipatu du, hala nola Kontxa, Zarautz eta Sestaoko eremua. «Lehengo arraunlariengandik ikasi dugunez, oinordetzan hartu dugun garrantzia ematen diegu».

«Beti izaten da olatu horma bat edo portu bat, baina Zarauzko eremuak ez du horrelako babesik»

XABAT PASTOR Donostiarra klubeko arraunlaria

Orena ados dago: berari ere iruditzen zaio antzinatasunak balio erantsia ematen diola. Hibaikakoak gaineratu du, bide batez, parajea ere «izugarria» dela, «Euskal Herriko txoko gehienetan bezala». Bandera bera polita dela baieztatu du: ikurrina duen bandera bakarra da. 

Donostiarra klubekoak erantsi du urte osoan itsaso zabalean jokatzen den eremu bakarretakoa dela: «Gainerakoek beti izaten dute olatu horma bat, portu bat edo antzeko zerbait ondoan, baina Zarauzkoak ez du horrelako babesik». Halere, ez luke esango denboraldiko estropada eremurik «nobleena» denik: «Izaten dira kaleen arteko aldeak: lehen kaletik, olatuen paretako erreboteak kalte egin diezazuke, itsasoa nola dagoen».

«Kontxakoa bezala: bereziak dira». Orenak azaldu du Kontxako estropadatik gertu dagoela Zarauzkoa, eta esan ohi dela horretan ondo dabilenak Donostian ere aukerak izango dituela irabazteko. 

«Bi egunetan lehiatzeak emozio handiagoa ematen dio: dena aldatu daiteke egun batetik bestera»

NEREA ORENA Hibaikako arraunlaria

Bi jardunaldiko denborak batuta azkarren egiten duenak irabaziko du bandera. Hori dela eta, igandean ere eremu berean arituko dira; orain arte ez da bi jardunaldiko lehiarik izan aurtengo ligan; «Bi egunetan lehiatzeak emozio handiagoa ematen dio: dena aldatu daiteke egun batetik bestera». Inork baino hobeto daki hori Pastorrek. Iaz Donostiarrak irabazi zuen bandera: lehen jardunaldia Urdaibaik irabazi zuen, eta Donostiarrak bigarrena, lehenengoan behar izandako segundoak errekuperatu baitzituzten azken olatu bati esker. Iaz Donostiarrak garaikur hori eta Getariako Bandera irabazi zituen.

Hibaikari 2015. urtean antzeko zerbait gertatu zitzaiola gogorarazi du Orenak, hamazazpi urte baitaramatza Hibaikan arraunean: larunbateko saioan «izugarri gaizki» jardun zuten, eta hurrengo egunean irabazi. Nolanahi ere, ez zuten lortu azkarren ibili zenaren denbora hobetzea, eta Zumaiak irabazi zuen. 

Iazko denboraldian ere, Arraun Lagunak-ek bandera guztiak irabazi zituen garaian, estropada bakarra irabazi zuen Tolosaldeak: Zarauzko lehen jardunaldia. 

Aurten, lehen aldiz, eremu maitatua ez da Euskotren ligako azken estropada izango. Orenaren ustez, aukera ona zen estropada polit batekin amaitzea, baina, aldi berean, Kontxa iritsi arte asteburu bat geratzen zen zintzilik, estropadarik gabe, eta luze egiten zitzaien: «Kontxa oso berandu da aurten; beraz, egokiagoa da egutegi hau».

Azken txanpan sartzear

Ligara begira, Hibaikakoak kontatu du ohorezko txandan sartzea izan dutela helburu, eta, zailtasunak zailtasun, horretarako borrokan jarraituko dutela: «Gure helburua hasieratik izan da ohorezko txandan sartzea. Azken estropadak jokatu eta gero, zaildu egin zaigu hori, baina horretan sinisten jarraitzen dugu».

Pastorrek, berriz, onartu du askotan zaila dela irabazlearen hurrengoa izatea, baina ez dutela jaitsiko burua: «Garbi genuen hasieratik Orio izango zela dena irabazteko faborito, baina esango nuke ez genuela espero erakusten ari den autoritate hori. Hortaz, batzuetan frustragarria da, estropada ona eginda ere ez dugulako irabazten, ala gutxigatik galtzen dugulako. Baina horrela da kirola, eta denboraldia bukatzeko hilabete luze falta da». Haien alde egiten duen faktore bat aipatu du: «Ez gaude irabazten ohituta».

Pastorrek traineruan du jada burua: pentsatzen jarri da ontziratze eremutik estropada eremura arraunean egin beharreko tartean. Izan ere, Zarauzko bandera da, baina ia Getarian dago eremua, eta bertaraino arraunean iritsi behar izaten dute arraunlariek: «Iristeko ere nahiko lan izaten dugu», esan du, barrez. Ondo baino hobeto berotuta heldu ohi dira traineruak.

Ez dute estropadarik egin, beroagatik

Ohi baino egun bat lehenago hasi behar zuten asteburua bigarren mailako traineruek, Castro Urdialesen (Espainia). Halere, ETE eta KAE1 ligetako zuzendaritzak herenegun erabaki zuen estropada bertan behera uztea, bero handia zegoelako aurreikusita. 

Ontzi horiek berek gaur Zarautzen jokatuko dute estropada, 11:00etan, eta prest utziko dute estropada eremua liga nagusiko estropadetarako. 

Igandean KAE2 ligakoek soilik izango dute estropada, Colindresen (Espainia), 11:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.