Hilabete eta erdiko jardunaren ondoren, bihar jakingo da zeintzuk diren erremonteko Sagardoaren Txapelketako irabazleak, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Ohi bezala, Erremontari ETB1eko saioaren barruan aritu dira bost bikote nor baino nor gehiago, eta bi onenak lehiatuko dira txapela eskuratzeko. Bigarren urtez jarraian, podiumaren gorenera igotzea izango dute helburu Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak. Orain arteko bidean beste bikoteak baino koska bat gorago egon dira, baina azken pausoa falta dute txapel preziatuak janzteko. Horretarako, behetik gora nabarmen egin duen bikotea menderatu beharko dute: Imanol Ansak eta Aritz Zubirik osatua. Iazko txapeldunak izango dira faboritoak, baina final irekia aurreikus daiteke. Ikusteko dago zer gertatuko den kantxan, baina jakina da harmailetan giro bikaina izango dela, ia sarrera guztiak salduta baitaude.
Bi bikoteak iritsiko dira finalera konfiantzaz gainezka. Halaxe baieztatu dute bikote bakoitzeko pilotari batek: Aldabek (Lekunberri, Nafarroa, 1997) eta Zubirik (Goizueta, Nafarroa, 1987). Finalerako sailkapena aspaldi lortu zuten Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, ligaxkan lehen postuan sailkatu baitziren. «Txapelketa biribila egin dugu orain arte. Bikote gisa bikain funtzionatu dugu, elkar ezin hobeki hartzen dugu, eta finalera motibazioz gainezka helduko gara». Ansa II.ak eta Zubirik laugarren amaitu zuten ligaxka, baina kanporaketako partida lehenik eta finalerdia ondoren irabazita, olatu gainean helduko dira finalera. «Behetik gora egin dugu nabarmen. Orain arteko partida onena finalerdietan jokatu genuen, eta horrek asko lagunduko digu finalari begira».
«Behetik gora egin dugu nabarmen. Orain arteko partida onena finalerdietan jokatu genuen, eta horrek asko lagunduko digu finalari begira»
ARITZ ZUBIRI Erremontista
Faboritoak Aldabe eta Barrenetxea IV.a izango dira. Aldabe bera ere ados dago horretan. «Kanpotik begiratuta, onartu dezaket gu faborito izatea, baina ez naiz fio. Uste dut egungo oilar nagusia erremontean Ansa II.a dela, eta berak musika jotzen badu, badakigu galtzeko arriskua izango dugula. Gure onena eman beharko dugu irabazteko». Txapelketa honetan aurrekari bakarra dute bi bikoteek. Ligaxkan neurtu zituzten indarrak, eta hirugarren jokoan lortu zuten garaipena iazko txapeldunek (8-5). Zubiri prest dago «ezustea» emateko. «Burutsu jokatu behar dugu. Nire eginkizuna Ansa II.ari ahalik eta gehien laguntzea izango da, gero berak babak eltzetik atera ditzan».
Badute txapel bana
Estrategiari dagokionez, ez da sekretu handirik izango kantxa barruan. Ansa II.a saihestea izango dute xede Aldabek eta Barrenetxea IV.ak. Pilota biziak aterako dituzte saskitik hori lortu asmoz. «Lehenengo baldintza nire atzelariak sakearekin min egitea izango da. Sakeari etekina ateratzen badiogu, asko izango dugu irabazia. Gero, jokoan, Ansa II.a jokoz kanpo utzi behar dugu. Horretarako pilotari bere aurrean botea eginaraziko diogu», adierazi du Aldabek. Kontrara, Ansa II.aren eta Zubiriren nahia zera izango da: aurrelariak protagonismoa hartzea. «Pilota motelagoak erabiliko ditugu Ansa II.ak ahalik eta pilotakada gehien jo ditzan. Abiadura berezia ematen dio pilotari, eta aurkariak dantzan jartzeko dohain berezia dauka. Hori bai, ezin dugu horrekin itsututa jokatu, partida luzatzen baldin bada fisikoki ondo egotea ere garrantzitsua izango baita», aitortu du Zubirik.
«Sakeari etekina ateratzen badiogu, asko izango dugu irabazia. Gero, jokoan, Ansa II.a jokoz kanpo utzi behar dugu»
KEMEN ALDABEÂ Erremontista
Bi pilotariek badute txapel bana Sagardoaren Txapelketan. Aldabek iaz irabazi zuen, Barrenetxea IV.arekin berarekin, Javier Urriza eta Iban Larrañagaren kontra. «Erremontari sortu zutenetik, pilotariontzat egutegiko txapelketarik bereziena da hau. Nahi gabe ere, bestelako garrantzia ematen diogu». Iaz Urrizari irabazi izana aintzat hartzen du Aldabek, eta orain Ansa II.a hartu nahi du mendean. «Lehen Urriza zen erremonteko izarra, eta orain, Ansa II.a. Horregatik, bi horien kontra txapela lortzeak aparteko ilusioa egingo lidake».
Zubirik, bestalde, 2022an lortu zuen txapelketa hau irabaztea, Urrizarekin, Ansa II.aren eta Aritz Juanenearen kontra. «Txapelketa honek oihartzun berezia sortzen du, eta kalean nabaritzen dugu. Azken astean sekulako animo pila jaso dut, eta badakit inguruko guztiak Galarretan izango direla. Egun berezia izango da, eta ea txapela janzten dugun».