Bidasoa Irun taldeko kirol zuzendaria

Julen Aginagalde: «Urtero bigarren izan, Kopan finalak jokatu... Bai, hobetu daiteke»

«Pozik» dago Julen Aginagalde, taldea «ondo» ari baita, eta «gertu» baitute bigarren postua ziurtatzea. Cuetarari kontratua berritu ez izanaz, berriz, esan du «eskertuta» daudela harekin, baina uste dutela «agian onena emana» duela.

Julen Aginagalde. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Aginagalde. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
IRUN
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Erretiroa hartu eta gero, Julen Aginagaldek (Irun, Gipuzkoa, 1982) lehen sasoia du bete-betean Bidasoa taldeko kirol zuzendari lanetan. Dagoeneko «master bat» egina duela dio. Ez du batere sumatzen ez jokatzea. 

Bidasoak irabazi egin zuen asteburuan, eta Granollersek galdu. Beste urrats bat egin duzue bigarren postuari eusteko?

Bai. Guk irabazi egin genuen, eta haiek Bartzelonaren aurka jokatuko zutela kontuan hartuta, bagenekien jardunaldi ona izan zitekeela. Bost puntu ateratzen dizkiegu; alde garrantzitsua da.

Bost jardunaldi falta dira jokatzeko. Zer itxura hartzen diozu?

Amaiera arte borrokatu behar gara, baina taldeak daraman joera ona aintzat hartuta, gertu dugu bigarren postua lotzea. Errematea falta zaigu. Baikor naiz; taldea sendo dabil.

Bolada txarra izan ondoren, gora egin du berriro. Horrek konfiantza ematen dizue?

Bai. Ligan gorabehera asko izaten dira, eta, itxuraz, atzean utzi dugu bolada txarra. Halere, igandean Leonera goaz, eta han partidak beti dira gogorrak. Dena eman beharko dugu.

Zein da orain arteko balorazioa?

Taldea oso denboraldi ona egiten ari da. Bagenekien Europan ez aritzeak aukera eman ziezagukeela sasoiari beste modu batera heltzeko. Hala izan da, eta oso ondo ari gara; batez ere, lehen itzulian aritu ginen ondo. Bigarren gara, eta hori da nahi genuena. Ea eusten diogun.

Helburuak bete dituzue?

Oraingoz, bai: ahalik eta gorenen geratu nahi genuen ligan, eta, bigarren gara; Kopako azken fasea jokatu nahi genuen, eta lortu dugu. Aldiz, Asobal kopan, etxean jokatuta, finalera iritsi nahi genuen, baina ez genuen lortu. Halere, oraingoz, ona da denboraldia.

Zer egin du ondoen taldeak?

Lehen itzulian oso ondo aritu zen defentsan. Bi atezainak nabarmendu dira. Iaz, berriak ziren ligan, baina, denboraldi honetan, erakutsi dute zein onak diren. Haiei esker aurrerapauso handia eman dugu.

«Taldea oso ondo ari da defentsan. Bi atezainak nabarmendu dira. Aurrerapauso handia eman dugu haiei esker»

Zeintzuk dira sasoia amaitu arteko helburuak?

Bigarren postua lotzea eta Kopan ahalik eta urrunena iristea.

Aspaldi hasi zineten hurrengo denboraldia prestatzen. Aldaketa garrantzitsua dago: zortzi urtez taldea entrenatu eta gero, ez diozue kontratua berritu Jacobo Cuetarari. Badakizue zaila dela ulertzen erabaki hori kontuan hartuta haren aginduetara taldeak aspaldiko emaitzarik onenak lortu dituela?

Ulertzen dut zaleek eta kazetariek ez ulertzea erabakia. Eskertuta gaude harekin, oso toki onean jarri baitu taldea. Baina, gure ustez, aldaketa mesedegarria da etorkizuneko erronkei heltzeko. Uste dugu beste entrenatzaile mota bat behar genuela klubaren planifikazio berrian.

Zeintzuk izan dira arrazoiak?

Uste dugu, agian, emana duela dena. Gure ustez, aurrerapausoa emateko edo hori egiten saiatzeko gauza batzuk aldatu behar dira, eta ikusi dugu hura ez dela pauso hori emateko entrenatzaile aproposa. Eskertuta gaude harekin, baina aurrera egin behar da.

Gazteekin ezberdin egiteko asmoa eta txapelketa laburragoetan hobeto aritzeko nahia aipatu zenituzten erabakiaren berri eman zenutenean.

Gazteak iritsi dira, baina hark ideia finko batzuk ditu, eta horiei eusten die. Guk, aldiz, uste dugu aurrerapauso bat emateko aldaketa eta egokitzapen batzuk egin behar direla.

Justuak izan zarete harekin?

Hau kirola da. Eskertu egin diogu egin duen lana, eta denborarekin esan diogu ez duela jarraituko. Guk baloratu behar dugu zer nahi dugun eta nora joan nahi dugun.

Zaila izango da hark egindakoa berdintzea.

Noski, baina borrokatu behar gara. Ezin gara geratu bakarrik egindakoarekin. Agian, jendea gainera botako zait, baina, nik, behintzat, hobetzeko anbizioa dut. Badira hobetzeko gauzak, eta nik hori bilatu behar dut kirol zuzendari gisa.

Zer lor daiteke bigarren izatea baino gehiago?

Adibidez, urtero bigarren izatea; azken bi urteetan hirugarren eta laugarren izan gara, eta sasoi honetan ez gara Europan aritu. Kopan, berriz, saiatu behar gara finaletan egoten. Badaude beste helburu batzuk titulu bat irabazi aurretik. Borrokatzen saiatu behar gara, ametsak hori izan behar du, eta pausoak eman behar ditugu, nahiz eta jakin oso zaila dela hori lortzea. 

Burua lasai duzue?

Oso, eta arrazoiak oso argiak dira. Egunez egun argiago dugu hartu dugun erabakia taldearen onerako izango dela.

Kirol zuzendari zarenetik hartu behar izan duzun erabakirik zailena izan da?

Bai, are eta gehiago sortu den saltsa kontuan hartuta. Hilabete gutxian jokatzetik halako egoera bizitzera igaro naiz. Ez da gustagarria, baina ematen ditugun pausoak uste dugu Bidasoaren onerako direla. Onartu egin behar dugu batzuetan jendeak nahi ez dituen gauzak egin ditzakegula. 

«Eskertuta gaude harekin [Cuetararekin], baina aldaketa mesedegarria da etorkizuneko
erronkei heltzeko»

Alex Mozasek ordezkatuko du. Zergatik bera?

Torrelavegan lan ona egin duen arren, uste dugu gora egiteko, hobetzeko eta gauzak aldatzeko anbizioa duela. Harekin eta harekin batera datozenekin lan egiteko beste modu bat izan dezakegu. Hori nahi genuen.

Horregatik fitxatu dituzue bigarren entrenatzaile bat, atezainen entrenatzaile bat eta prestatzaile fisiko bat?

Guk Borja Burguetek jarraitzea nahi genuen [bigarren entrenatzailea da], baina denboraz esan zigun hau izango zela haren azken sasoia. Nik nahi nuen talde guztientzako prestatzaile fisiko bat eta atezainen entrenatzaile bat fitxatu. Halako espezialistak izatetik dator etorkizuna.

Jokalarien artean, ordea, ez da aldaketa askorik egongo. Lauri bukatzen zitzaien kontratua, eta hiruk berritu dute: Jakub Skrziniarzek, Dariel Garciak eta Matheus da Silvak. Mehdi Harbauik, aldiz, ez, baina jada badu ordezkoa: Leo Maciel. Pozik?

Bai. Badakigu taldea horren ondo ari denean zaila dela jokalariei eustea; adibidez, bi atezainei. Gutxienez, Kubari eutsi diogu. Mehdiri ez, baina azkar topatu diogu ordezkoa. Matheusek eta Darielek ere jarraituko dute. Oso pozik gaude.

Norbait fitxatuko duzue?

Diru kutxaren mende gaude. Hala ere, harrobiko jokalariak ere badaude. Denboraldi honetan konfiantza eman diogu Julen Mujikari, eta aurrerapausoa eman du. Asier Iribarrek ere emango du datorren sasoian.

irunen jokatuko da 2029ko munduko txapelketako finala

Europako Eskubaloi Federazioak Espainiakoa aukeratu du Emakumezkoen 2029ko Munduko Txapelketa antolatzeko. Espainiako Federazioak jakinarazi duenez, Irun izango da txapelketa horretako egoitza nagusia, han jokatuko baita azken fasea; besteak beste, finalerdiak eta finala hartuko ditu. Horretarako, Irungo Udalak lehen urratsak egin ditu, Ficoban 5.000 ikuslerentzako kirol pabiloi bat eraikitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.