Txirrindularitza

Usoa Ostolazak ez du Laboral Kutxa-Euskadin jarraituko

«Sei urteren ondoren, agur esaten diogu Usoari. Bihotza uzkurturik esaten diogu agur, baina batez ere, sekulako harrotasunez: euskal txirrindularitzak eman duen txirrindularirik onenetako bat hazten ikusi izanaren harrotasunez», esan du taldeak.

Usoa Ostolaza txirrindularia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Usoa Ostolaza txirrindularia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko irailaren 17a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hutsune handi bat izango du Laboral Kutxa-Euskadik datorren denboraldian: Usoa Ostolazak ez du bertan jarraituko. Taldearekin batera indartu da txirrindulari zarauztarra, onenekin lehian aritzeraino, eta emaitza paregabeak lortu ditu aurten. Esanguratsuena, hauxe: laugarren egin du Espainiako Vueltan. Beraz, haren falta sumatuko du Laboral Kutxa-Euskadik, ezinbestean. Oraindik ez dute jakinarazi zer taldetan arituko den. 

Klubak eskerrak eman dizkio Ostolazari: «Sei urteren ondoren, agur esaten diogu Usoari. Bihotza uzkurturik esaten diogu agur, baina batez ere, sekulako harrotasunez: euskal txirrindularitzak eman duen txirrindularirik onenetako bat hazten ikusi izanaren harrotasunez».

Laboral Kutxa-Euskadik ohar bidez eman du berria. Adierazi du Ostolaza «etorkizun handiko txirrindulari» gisa iritsi zela taldera, eta egun «eredu» bat dela: «Bizikleta fisioterapiako ikasketekin eta lanarekin uztartzen ezagutu genuen, Zarautzen eta Leitzan euripean entrenatzen, erori eta altxatzen, eta ikusi dugu nazioarteko tropeleko onenen artean lekua egiten».

Haren zenbait lorpen ere zerrendatu dituzte. Adibidez, Pirinioetako Itzulia irabazi zuen 2024an: nagusi izan zen Aubisque gainean bukatu zen etapan, eta elastiko horiari eutsi zion hurrengo egunean. Horri esker, taldeak lehen aldiz irabazi zuen itzuli bateko sailkapen nagusia. Laboral Kutxa-Euskadirekin korritu ditu itzuli handiak ere: Frantziako Tourra, Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta. Azken horretan laugarren egin du aurten. 

Dena den, emaitza horiek lortzeko moduan egin du azpimarra taldeak: «Umiltasunez jokatu du, oinak lurrean izan ditu, eta lasterketa guztietan dena eman du, handia edo txikia izan». Zorte ona opa diote bide berrian, eta nabarmendu dute beti izango dela «familia morearen» parte.

Anbiziotsua

BERRIAk maiatzean egin zion elkarrizketa Ostolazari, Vueltan laugarren postua lortu ostean eta Euskal Herriko Itzulia jokatu aurretik —zazpigarren egin zuen— . Vueltan lortutako postuak bere buruan gehiago sinesteko eta gero eta helburu handiagoak jartzeko aukera ematen ziola esan zuen orduan. «Lehen, neure buruari helburu txikiagoak jartzen nizkion, baina gero eta ameslariagoa naiz helburuak jartzeko orduan. Izan ere, ametsak errealitate bihur daitezkeela konturatu naiz pixkanaka. Aurrera jarraitzeko indar handia ematen du horrek».

Eta orain, urrats bat gora egin nahi izan du bere ibilbidean: Laboral Kutxa-Euskadi utzi, eta talde indartsuago batera joango da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA