Europako Ligako atariko kanporaketa gainditu ostean, Bidasoari Asobal ligari ekiteko garaia heldu zaio. Alex Mozasek (Madril, 1985) bigarren denboraldia egingo du Irungo taldearen entrenatzaile. Taldea indartzeko sei fitxaketa egin ditu klubak
Nola iritsi da taldea liga hasierara?
Ondo. Uste dut Europako Ligako kanporaketako bi partidetan ondo lehiatu garela, eta taldea ondo prestatuta iritsi dela.
Iragan sasoiarekin alderatuz, zerbait aldatzen saiatu zara?
Beti saiatzen zara taldearen onena ateratzen. Taldea dezente aldatu da; beraz, dauzkagun jokalariei erreparatuta, taldea egokitzen saiatu gara, jokalarien errendimendurik onena atera ahal izateko.
Zer moduz joan zen denboraldiaurrea?
Ondo. Europako Ligako kanporaketa prestatu behar genuen; beraz, desberdina izan da. Ohi baino lehenago hasi ginen entrenatzen, eta, hasieratik, pistako lan gehiago egin genuen, baloiarekin. Denbora gutxi geneukan, eta hasiera-hasieratik oso garrantzitsua zen jokatzen ari ginena.
Ligako lehen partida igo berri den talde baten aurka jokatuko duzue, Caserio Ciudad Realen kontra. Horrek lasaitasuna emango dizuela uste duzu?
Ez, guztiz kontrakoa. Jokalariek eta nik urte asko daramatzagu honetan, eta badakigu igo berriak diren taldeak oso-oso arriskutsuak direla, eta Caserio Ciudad Real are gehiago. Oso fitxaketa onak egin ditu.
Fitxatu dituzuen jokalariek zer eman dezakete?
Bakoitzak gauza desberdinak eman ditzake. Xavi Tua eta Xavi Gonzalez jokaldiak amaitzen oso trebeak dira; Iñaki Peciñak asko eman diezaguke defentsako lanean, lider bat da; Mario Nevado Asier Nietoren lekua betetzera dator, denboraldiaurre itzela egin du, kanpoko jaurtiketa ona dauka eta defentsa lanetan ere oso ondo moldatzen da; Piotr Mielczarskik talentu handia du, eta etorkizun oparoena duen jokalaria da; azkenik, Nacho Valles taktikoki ekarpena egiteko asmoz dator, eta erasoan daukan nagusitasun hori eman diezaguke. Joan den denboraldian, hainbatetan, ez genuen nagusitasun hori eduki.
Zer moduz egokitu dira taldera?
Oso ondo. Oso gustura nago haiekin. Jokalari oso onak dira, baina, batez ere, oso pertsona onak. Fitxaketak egiteko garaian kontuan izan ohi dugu zer-nolako pertsonak diren. Uste dut aurreko sasoian baino talde hobea daukagula, bai pistan, bai hortik kanpo.
Zer ezaugarri ditu taldeak?
Talde oso orekatua daukagu, eta postu guztietan zerbait eman dezaketen jokalariak. Espero dut horrek bizi jokatzeko aukera emango digula; joan den denboraldian, batzuetan ez genuen lortu.
Zer helburu daukazue ligarako?
Partidaz partida joan nahi dugu, eta guztiak irabazten saiatu. Liga hain parekatua izanik, uste dut edonori irabazteko gai garela, eta, aldi berean, edonork irabaz diezaguke. Beraz, helburua hauxe da: partidaz partida joatea, eta sailkapenean non gabiltzan ikustea. Horrekin batera, beti daukagu lehen lau edo bost sailkatuen artean egoteko helburua.
Goian egoteko funtsezkoa da gorabeherarik ez izatea. Zein da hori lortzeko gakoa?
Faktore asko daudela iruditzen zait, baina, batez ere, defentsan ondo aritzea. Hori izaten da garrantzitsuena. Gure esku dauden alderdietan segida izatea ere inportantea da. Horrekin batera, zure esku ez dauden faktore batzuk daude: lesioak, esaterako.
Liga gero eta parekatuagoa izaten ari dela uste al duzu?
Bai. Uste dut jada ez dagoela horrenbesteko desberdintasunik goiko eta beheko taldeen artean. Horregatik, Bartzelona kenduta, partida guztietan edozer gerta daitekeela iruditzen zait.
«Europako Ligako multzoen faserako sailkatuta, poza hartu dugu, ez lasaitua. Ezin gara presio horrekin bizi»
Zein izango dira zuen aurkari zuzenak goiko postuetarako?
Pentsatzen dut azken urteetan goiko postuetan ibili direnak ibiliko direla aurten ere: Granollers, Logroño, Ademar eta Torrelavega. Besteren bat ere sartuko da ziur aski, ia beti gertatzen den moduan.
Europako Ligako multzoen faserako sailkapena lortu duzue jada. Lasaiago zaudete orain?
Ezin gara presio horrekin bizi. Poztu egin gara, ez lasaitu. Joan den denboraldian ederki lehiatu ginen txapelketa guztietan. Liga batez ere gogorra izan zen, Europarekin uztartu behar izan genuelako. Europako lehen kanporaketa honetan egotea irabazi genuen, eta, orain, sari hori errematatzea lortu dugu multzoen fasera sailkatuz. Klubarentzat pozgarria da Europako Liga jokatzea, eta hori pistan irabazi dugu.
Zein helburu duzue Europan?
Joan den denboraldian bezala, partida bakoitza irabazten saiatzea. Multzo oso zaila tokatu zaigu. Talde oso indartsuak izango ditugu aurrean, eta, talde ona izanda ere, oso zaila izango da haiek menderatzea. Dena ez dago gure esku. Partidaz partida joan behar dugu hor ere, eta guztiak lehiatzen saiatu. Ahalik eta urrunen iritsi nahi dugu, eta lehiaketaz gozatu.
Bigarren denboraldia egingo duzu Bidasoa taldeko entrenatzaile lanetan. Emaitzak alde batera utzita, zer helburu dituzu?
Entrenamendu eta partida bakoitzaz gozatzea, neure buruari eta taldeari presiorik ez sartzea, eta taldeko kide ez direnek diotenaz ez arduratzea.