Futbola

Valverde: «Denboraldi txarra daramagu, baina garaiz gaude gauzak konpontzeko»

Ziklo amaiera ahalik eta ondoen agurtu nahi du Ernesto Valverdek Athleticen, eta arreta zelaian jartzeko eskatu du kazetarien aurrean. Bide horretan, partida garrantzitsua dute zuri-gorriek bihar, Betisen aurka, San Mamesen (18:30, DAZN).

Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailea prentsaurrekoan, gaur, Lezaman. JAVIER ZORRILLA / EFE
Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailea prentsaurrekoan, gaur, Lezaman. JAVIER ZORRILLA / EFE
jon eskudero
2026ko martxoaren 21a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldia amaitzearekin bat Athletic utziko duela iragarri eta biharamunean, kazetari ugariren artean hitz egin du Ernesto Valverdek, Lezamako prentsaurrekoan. Bezperan esan bezala, erabakia ez du goizetik gauera hartu; aspaldi hausnartutakoa izan da. «Goi mailako kirolean zikloak izaten dira, eta onartu behar da nire zikloa azkenera iristen ari dela. Era natural batean hartzen dut guztia, dramarik gabe. Taldearen etorkizuna da axola zaidan bakarra, eta guztion artean helburua betetzen saiatu behar dugu». Besteak beste, sasoia amaitzeko hamar partida falta direnean, liga ahalik eta duinen amaitzea du xede entrenatzaileak. Horregatik, arreta zelaiko jardunean jartzeko eskatu du, eta azken hamar partida horietatik lehenengoa bihar izango dute zuri-gorriek, Betisen aurka, San Mamesen (18:30, DAZN). Denboraldiaren azken laurdenari ongi ekiteko ezinbestekoa izango du hiru puntuak eskuratzea.

Zerbait baldin badu Valverdek, eskarmentua du, eta 495. aldiz zuzenduko du bihar Athletic. Hori bai, gutxitan bezalako egoera zaila bizitzen ari da sasoi honetan. Datuek ez diote gezurrik. Inoizko emaitzarik txarrenak pilatu ditu orain arte taldearen gidariak. Hiru ziklotan banatuta, bederatzi denboraldi oso osatu ditu Athleticen aulkian, eta zortzi aldiz Europarako sailkatu izan du taldea. 2022-2023 sasoia izan zen salbuespena. Bada, ohiko erregulartasun horretatik urrun dihardu denboraldi honetan. Sailkapenean 35 puntu dituzte zuri-gorriek; denboraldiko garai honetan, inoizko gutxien. «Datu horien berri badut, eta nire erabakia orain jakinarazi izana ez da izan estrategia kontu bat, taldeak goranzko bidea har dezan. Klubeko hauteskundeak sasoi amaierarako iragarrita daude, eta uste nuen nire erabakiaren berri emateko momenturik onena hauxe zela».

Datuak eta taldearen jarduna ez dira izan erabakiaren arrazoi, Valverderen esanetan. «Egia da lan zailak izaten ari garela denboraldia abiatu zenetik, baina aspalditik erabakita neukan hauxe izango zela nire azken urtea. Yerayren zoritxarra izan zen lehen albistea, eta handik aurrera lesioek ez digute batere lagundu. Baina ez dut aitzakiarik jartzen, talde guztiek izaten dituzte-eta lesioak. Emaitzak alde batera utzita, gure jokoa txarra izaten ari da, baina albisterik onena da garaiz gaudela gauzak aldatzeko». Hamar partida falta ditu ligak akaberara heltzeko, eta helburuak bete nahi ditu entrenatzaileak. Dena den, zeintzuk dira helburuak? «Lehenik eta behin, 42 puntu eskuratzea da gure zeregin nagusia, horrek lasaitasuna ekarriko liguke eta. Hortik aurrerako puntuak ongi etorriak izango dira».

Itxura guztien arabera, gutxitan bezain merke egon daiteke Europarako sailkatzea. Izan ere, zortzigarren sailkatuak horretarako eskubidea irabaz dezake. Gutxienez, beste hamabost puntu pilatu beharko lituzke Athleticek Europan izateko, jokoan geratzen zaizkionen erdiak. «Europarako sailkatzea nire ibilbideari ginga ederra jartzea litzateke, baina ezin dugu horretan pentsatu. Bigarren solairura iristeko lehen solairutik igaro beharra dago, eta gu beheko aldean gaude oraindik». Lehen pausoa bihar Betisi irabaztea izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!