Van der Poelek, ihesaldia borobildu, eta hirugarren etapa garaipena lortu du Tourrean

Etapa oso gogorra izan da gaurkoa, ibilbidea moztu izanagatik. Pogacarrek jarraitzen du lider sailkapen nagusian.

Van der Poel, helmugara sartzen. YOAN VALAT / EFE
Van der Poel, helmugara sartzen. YOAN VALAT / EFE
jon ordonez garmendia
2026ko uztailaren 12a
18:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mathieu van der Poelek beste etapa bat irabazi du Tourrean, hirugarrena, eguneko ihesaldia borobildu ostean. Frantziako Tourreko bederatzigarren etapa jokatu da gaur, eta, beroa dela-eta laburtu egin badute ere, oparoa izan da ikuskizunari dagokionez.

40 gradu inguru jasan behar izan dituzte txirrindulariek, eta, antolatzaileek ibilbideari 30 kilometro kendu badizkiote ere, ziklisten sindikatuak eskatu du horrelakoetan ordutegia ere aldatu eta goizago lehiatzeko modua egiteko. Hala ere, tropelean inor ez da kikildu, eta hasieratik saiatu dira ihes egiten, bat bestearen atzetik. Ibilbidea egokia zen horretarako: 3.300 metroko desnibela, Malemort eta Ussel arteko 155 kilometroetan.

Lau mendate puntuagarri zituen etapak, eta klasiko itxura hartu du berehala. Pidcockek, Van der Poelek eta Filippo Gannak hauspotu dute eguneko ihesaldi nagusia, eta UAEk gertutik jarraitu die; Pogacarrek maillot horiari eutsi dio.

Van der Poelek Mont Bessoun jo du eraso erabakigarria. Johannessen harekin joan da, eta Pidcockek eta Baudinek, atzean geratu ostean, lortu dute bi horiekin bat egitea. Laukoteak elkarrekin egin du bidea helmugaraino. Azken metroetan ere herbeheretarrak egin du eraso, eta lehen postuan helmugaratu da. Van der Poelek lehenago ere irabaziak ditu etapak Tourrean: 2021ean bat, eta 2025ean beste bat.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA