VAR sistema «egokia» da, «baina badu zer hobetua»

Estreinakoz ari dira erabiltzen VAR sistema emakumezkoen Espainiako Lehen Mailan. Ez da gizonezkoen Lehen Mailan erabiltzen denaren berdin-berdina. Epaileek jokaldiak berriz ikusten ematen duten denbora luzeak eragin du eztabaida gehien.

Epaile bat jokaldi eztabaidagarri bat berriz ikusten denboraldi honetan. DAVID ALIAGA / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko urriaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakumezkoen Espainiako Lehen Mailan berritasun handi bat izan da denboraldi honetan: VAR sistema erabiltzen hasi dira. Ez da gizonezkoenean erabiltzen den berdina, VAR «merkea» baita ezarri dutena. Zazpi jardunaldi jokatu dituzte, eta Arene Altonaga Eibarreko jokalariak eta Lucia Rordriguez Realekoak sistema «egokia» dela uste dute; baina, aldi berean, badituela gauzak hobetzeko. Horien artean bat azpimarratu dute: «Jokaldiak berriz ikusten denbora gehiegi igarotzen dute, eta horrek asko eteten du jokoa».

Erabiltzen ari diren sistemaren izena hauxe da: Football Video Support (FSV). FIFAk baimendutakoa da, eta beste hainbat txapelketatan erabili izan da; adibidez, 20 urtez azpikoen Munduko Kopan. Gizonezkoen ligan aplikatzen denaren aldean, baditu desberdintasun batzuk. Batetik, bi taldeetako baten entrenatzaileak eskatu beharko du jokaldia berriz ikustea. Prestatzaile bakoitzak bi aldiz egin ahal izango du eskaria. Horretarako, txartel bat emango dio laugarren epaileari, eta hark adieraziko dio nagusiari ikustera joateko. Entrenatzailearen eskaria egokia bada, bi aukerei eutsiko die; bestela, talde hori aukera bakarrarekin geratuko da. Bestetik, errealizazio gelan ez da beste epailerik izango nagusiari zer begiratu behar duen azaltzeko. Hark bakarrik egin beharko du, bestelako informaziorik gabe. Gizonezkoenean, errealizazio gelan beste epaile bat izaten da. Bestalde, irudiak grabatzen kamera gutxiago daude emakumezkoen ligako partidetan: gehienez sei. «Hainbat zelaitan ez dago gehiagorako tokirik. Pena da».

Lau kasutan eskatu ahal izango dute prestatzaileek epailea jokaldia ikustera joatea: gol bat balekoa den edo ez erabakitzeko; jokaldi batean penaltia egon ote den edo jokoz kanpokoa argitzeko; eta zigortzeko moduko ekintza bat egin duen jokalaria nor den ikusteko. Gainera, gol guztiak berriz ikusiko dira. Rodriguezek argi azaldu du sistemaren inguruan duen iritzia: «Epaileen lana oso zaila da, erabakiak oso bizkor hartu behar izaten dituztelako. Uste dut lagundu egingo diela. Alde horretatik, tresna egokia iruditzen zait». Dena den, segidan egin du ñabardura: «Sistema findu egin behar da». Bat dator Altonaga: «Lehen jardunaldietan guri, behintzat, arraro egin zitzaigun erabiltzea. Baina pixkanaka ohituz joan gara. Dagoeneko erreminta bat bezala ikusten dugu, eta etekina atera behar diogu».

Findu beharreko gauzen artean, bien ustez presazkoena zera da: epaileek azkarrago ikusi ahal izatea jokaldiak: «Etenak oso luzeak dira, eta, horren ondorioz, partidek bizitasuna eta erritmoa galtzen dute. Horrek kalte egiten dio ikuskizunari, eta ikusleentzat nekagarria eta aspergarria izan daiteke. Erabakiak bizkorrago hartu beharko lirateke», uste du Rodriguezek. Zera erantsi du Altonagak: «Jokoaren ekimena duen edo partidaren emaitza iraultzen ahalegintzen ari den taldeari ere ez dio mesederik egiten hainbeste eten egoteak».

Luzapenekin ere arazo bat izaten ari dela nabarmendu du Altonagak: «Lehen jardunaldietan asko luzatu ziren neurketak, zorrotz bete zutelako horri lotutako araudia. Orain, berriz, kasu askotan ez dira beharko luketen adina luzatzen ari, eta taldeetako bat beti izaten da kaltetua». Rodriguezek uste du «betiko kontua» dela hori: «Luzapenak horren luzeak izanda, orain nabarmenagoa da».

Baina epaileen tokian ere jarri dira biak: «Laguntza horrekin ere, askotan zaila da jokaldi batean zer gertatu den argitzea. Gizonezkoenarekin alderatuz, kamera gutxiago daude, eta epaileek ikusten dituzten irudiak ez dira horren argigarriak. Bestalde, epaileak bakarrik hartzen du erabakia, errealizazio gelan ez dago beste epaile laguntzailerik. Beraz, denbora gehiago behar izaten dute. Haiek ere ikasten ari dira».

«Epaile nagusiak gol guztiak berriz ikusi behar izatea zentzugabea da. Goletako asko argiak dira, eta ez dago horren beharrik. Laugarren epaileak egin dezake lan hori»

LUCIA RODRIGUEZ Realeko jokalaria

Bestalde, aldaketa txiki batzuekin eten gutxiago egongo liratekeela uste dute. «Zentzugabea» iruditzen zaie, adibidez, gol guztiak VARean berrikusi behar izatea:  «Goletako asko argiak dira, eta ez dago horren beharrik», uste du Rodriguezek. Altonagak denboraldia hasi aurretik epaileekin izandako bilera gogorarazi du: «Bilera hartan, zera esan ziguten: lehen jardunaldiak igaro ostean laugarren epailea arduratuko zela golen jokaldiak berriz ikusteaz, eta zalantzaren bat egonez gero baino ez zuela joan beharko epaile nagusiak. Baina momentuz epaile nagusia ari da hori egiten. Espero dugu hori hemendik gutxira aldatzea, eta hori bizkorrago egitea».

Bestalde, kapitainak hitz egin dezake soilik epailearekin: «Iaztik hala da, eta halako jokaldietan ere zorrotz betetzen dute. Askotan, jokalditik urrun bagaude, ez dakigu zergatik eskatu den berriz ikustea. Uste dut informazio hori eman egin beharko liguketela, betiere eskaria errespetuz eginda. Horrek lagundu egingo luke», nabarmendu du Rodriguezek. 

Alde onei begiratu behar

Baina aldaketak alde batera utzita, argi dute erremintak hor segituko duela, eta egokitu egin behar direla: «Eten luze horiei etekina atera behar diegu: adibidez, indarrak berritzeko eta gauzak zuzentzeko balia dezakegu», uste du Altonagak. Hala egiten dute Realekoek: «Nire kasuan, hegaletako batean jokatuta, beste hegaleko taldekideekin hitz egiteko aprobetxatzen dut, adibidez. Bestela urruti gaude, eta askotan ezin ditugu elkarrekin gauzak hitz egin edo zuzendu».   

Rodriguezek nabarmendu du eurek landu egiten dutela hori: «Etenean arreta partidan izaten jarraitzen ahalegintzen gara, eta garrantzi handia ematen diogu ondorengoari: geldialdiaren osteko lehen jokaldia ona izateari, akatsik ez egiteari. Jokaldiren bat berriz ikustea eskatu behar badugu ere, entrenatzailearekin oso lotuta dauzkagu gauzak. Hark uste osoa du gugan zerbait eskatzerakoan, eta guk harengan. Oso argi eta zehaztuta daukagu nola jardun behar dugun». Eibarren ere ari dira hori fintzen: «Baina egia da lehen partida hauetan lehentasun handiagoa eman diogula taldearen egokitzapenari».

«Eten luzeei etekina atera behar diegu: adibidez, indarrak berritzeko eta gauzak zuzentzeko balia ditzakegu»

ARENE ALTONAGAEibarreko jokalaria

Bestalde, mentalki ere adiago egoten ikasi behar dute, Altonagaren arabera: «Etenek ezin gaituzte partidatik atera. Gainera, oso argi izan behar dugu partidak dezente luzeagoak direla orain, eta hori kudeatzen ere jakin behar dugu». Hala izanda ere, Rodriguezek argi du: «Ni bete-betean aritzen naiz; ez dut VARean pentsatzen. Nahiz eta egia den eskuak, bultzakadak eta abar gehiago begiratzen direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.