Aizkora

Vicente, aro berri baten buru

Otsagabiko aizkolariak bosgarrenez jantzi du Euskal Herriko txapela. 29 urte besterik ez, eta historiako izen handien pare jarri da jada. Zeharka bada ere, begiz joa du Migel Mindegiaren marka: bederatzi txapel jantzi zituen hark.

Iker Vicente ahalegin betean, igandean Zumarragan jokatutako finalean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Vicente ahalegin betean, igandean Zumarragan jokatutako finalean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon eskudero
2026ko azaroaren 26a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esku bateko hatz guztiak behar ditu jada Iker Vicentek (Otsagabia, Nafarroa, 1997) Euskal Herriko Aizkora Txapelketan irabazi dituen txapel guztiak kontatzeko. 2019an irabazi zuen estreinakoa, eta beste laurak jarraian irabazi ditu 2023tik. Azkenekoa joan den igandean jantzi zuen, Zumarragako (Gipuzkoa) Beloki pilotalekuan. Pronostikoei eutsiz, lan biribila egin zuen nafarrak, eta, bigarren zatian erakutsitako distirari esker, merezita igo zen podiumaren gorenera. Egur gogorrak zirela eta, beste urte batzuetan baino beranduago geratu zuen kronometroa: 42.56 minutuan amaitu zituen lanak. Dena dela, «oso gustura» geratu zen egindakoarekin. «Bosgarrena izan arren, lehenak adina ilusio egin zidan txapelak». 29 urte besterik ez, eta «heldutasun betean» sumatzen du bere burua, eta garaipen zerrenda puzten jarraitzeko ilusioz dago. Begiz joa du Migel Mindegiaren marka. Bederatzi txapel jantzi zituen hark. «Ez nau itsutzen horrek, baina erronka polita litzateke hori berdintzea».

Faborito izaera berekin eraman arren, jakin bazekien Vicentek ez zela samurra izango beste bost aizkolariak garaitzea. Batez ere, Julen Alberdi Txikia IV.a-k estutu zuen. «Nire asmoa zen gehiegi jo gabe ekitea finalari, gero luze egiten baita hamabi enbor ebaki beharra; lau oinbiko, tartean. Dena den, Txikiak ez zidan utzi arnasa lasai hartzen ere. Ziztu bizian abiatu zen». Burua hotz mantentzea izan zen gakoetako bat. «Ez nintzen itsutu, baina oso zaila izan zen egoera behar bezala kudeatzea. Lehen enborretik ihes egin zidan, eta aurrez pentsatu baino esfortzu handiagoa egin behar izan nuen». Bigarren enborraren bukaeran iritsi zen aurkari nagusiaren parera. «Suarekin jolas egin genuen, leher egiteko arriskua baitzegoen, baina zorionez gorputzak ongi erantzun zidan, eta aurrea hartu nion hirugarren enborretik aurrera».

Hori bai, abantaila polita eduki arren, lan erdietan soilik minutu erdiaren aldea izan zuen txapeldunak. «Gertutik jarraitu zidan, baina astelehen goizean birritan ikusi nuen finala telebistaz, eta ohartu nintzen bikain asmatu nuela momentu garrantzitsu guztietan. Berak itxi egin zuen bigarren oinbikoa, eta nik bete-betean asmatu nuen une oro. Enbor bakoitzean ze aizkora erabili asmatu nuen, eta huts bakar bat egin gabe amaitu nituen lanak». Bigarren zatian distiratsu jardun zuen. «Lan erdietatik aurrera gozatu egin nuen, gorputzak ere bikain erantzun baitzidan. Faborito izaera gainean eramatea ez da erraza, jendeak uste baitu derrigorrez nik irabazi behar dudala beti. Presio hori ongi kudeatzea zaila da, baina urte osoko lanaren emaitza jaso nuen».

«Entrenamendu bakar batean ere ez nuen hain egur gogorrik moztu. Kolpe bakoitzak ahalegin berezia eskatzen zuen. Horregatik, kronometroari ez nion jaramonik egin» 

IKER VICENTE Euskal Herriko aizkora txapelduna

Egur saila gogorra izan zen oso. Horrexegatik amaitu zituen lanak ia 43 minutuan. Duela bi urte, esaterako, 35.20ko denbora behar izan zuen. «Entrenamendu bakar batean ere ez nuen hain egur gogorrik moztu. Kolpe bakoitzak ahalegin berezia eskatzen zuen. Horregatik, kronometroari ez nion jaramonik egin. Beti sentsazioei erreparatzen diet, eta oso-oso lan ona egin nuen». Irabazle senak ez zion hutsik egin. Izan ere, egun garrantzitsu guztietan bikain erantzuteko joera berekin darama Vicentek. «2016an, Euskal Herriko nire lehen finalean, ez nuen esperotako lanik egin. Jendearen ahotan ibiltzeak ez zidan mesederik egin, eta presioak gain hartu zidan. Antzerako zerbait gertatu zitzaidan 2018an ere, Aitzol Atutxak bere azken txapela irabazi zuenean. Gainontzean, ordea, egia da egun garrantzitsu guztietan ongi erantzun izan didala gorputzak. Entrenatzeaz gain, garrantzitsua da etxeko lanak plazan egitea».

Kopuruei gehiegi erreparatu gabe

Urtez urte joan nahi du Vicentek, kopuruei gehiegi erreparatu gabe, baina jada txapel bakarrera ditu historiako hiru aizkolari handi: Joxemari Olasagasti, Floren Nazabal eta Anjel Arrospide. Seina irabazi zituzten haiek. «Urteko egutegian egunik garrantzitsuena Euskal Herriko finala izaten dugu, eta niretzat ametsa da bost txapel lortu izana. Hori bai, gehiago irabazten segi nahi nuke, eta ohorea litzateke hiru historiko horien pare jartzea. Ez diot presiorik jarri nahi neure buruari, baina, zeharka bada ere, datuei begiratzen diet». Baita Mindegiaren markari ere, bederatzi txapel jantzi baitzituen hark. «Nahi gabe ere, marka hori etorri egiten zait burura. Oraindik gaztea naiz, eta denbora badut txapel gehiago lortzeko, baina nire kezkak ere baditut. Oso goiz etorritako aizkolaria naiz, gazterik ekin bainion goi mailan lehiatzeari, eta gerta daiteke espero baino lehen beheraka hastea. Ez dakit zer gertatuko den. Nik entrenatzen jarraituko dut, eta urtez urte joatea da helburua».

Aurtengo lanak biribilduta, beste erronka batzuei begira jarriko da orain. Munduko Stihl txapelketan egon berri da, Stuttgarten (Alemania), eta seigarren postua lortuta egin zuen etxerako itzulera. «Izugarri pozik nago postu hori lortuta. Esperientzia aberasgarria izan da, aizkora, trontza eta antzerakoak uztartuz asko ikasi baitut. Orain, laster Australiara joango naiz. Horixe izango dut hurrengo erronka». Urte berriari begira, berriz, ez du aterik itxi nahi, eta apusturen bat egiteko aukera mahai gainean jarri nahi du. «Denek badakite gustatzen zaidala apustuak egitea, herri kirolen esentzia bertan sumatzen baita. Motibatu egiten nau. Hizketarako prest nago beti, eta formula berriren bat bilatzeko ere bai».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA