Futbola

Victor Martinek entrenatuko du Athletic

Teknikari espainiarrak denboraldi baterako kontratua adostu du talde zuri-gorriarekin. 33 urte ditu, eta Madril eta Atletico Madril zuzendu ditu.

Jon Uriarte Athleticeko presidentea eta Victor Martin entrenatzaile berria, gaur, Ibaiganen. ATHLETIC
Jon Uriarte Athleticeko presidentea eta Victor Martin entrenatzaile berria, gaur, Ibaiganen. ATHLETIC
Julen Etxeberria.
2026ko ekainaren 26a
12:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athleticek topatu dio ordezkoa Javi Lergari: Victor Martin entrenatzaile espainiarrak zuzenduko du talde zuri-gorria hurrengo denboraldian. Athleticek eta Victor Martinek sasoi baterako kontratua adostu dute. Victor Martinek 33 urte ditu, eta lanik gabe zegoen, Atletico Madrilek kargutik kendu baitzuen joan den urtarrilean, taldea oso bolada eskasean zebilelako: hamar partida zeramatzan irabazi gabe, eta bosgarren postuan zegoen Espainiako Lehen Mailako sailkapenean. Denboraldi eta erdi zeramatzan Atletico Madril entrenatzen, eta aurreko sasoian hirugarren izan zen Ligan. Horri esker, Txapeldunen Ligarako sailkatu zen. Espainiako Kopan, berriz, txapeldunorde izan zen, finalean Bartzelonaren aurka galdu eta gero.

Atletico Madril entrenatu aurretik, Madril CFF taldean aritu zen Victor Martin. Lehenbizi, harrobian aritu zen, eta lan bikaina egin zuen, hark zuzendutako talde guztiek irabazi baitzuten liga. Horri esker, bigarren taldea entrenatzeko ardura eman zioten, eta harekin ere bikain aritu zen, taldea Bigarren Mailara igo baitzen. 2018-2019ko sasoian beste jauzi bat egin zuen, eta lehen taldearen lema hartu zuen. 26 urte besterik ez zuen. Denboraldi hartan, Madril CFF hamahirugarren sailkatu zen, hamasei taldez osatutako txapelketan.

Emakumezkoen futbola utzi zuen orduan, eta gizonezkoekin hasi zen lanean. Albaceteren lehen taldearen bigarren entrenatzaile eta metodologia zuzendari aritu zen. Antzeko lana egin zuen gero Uzbekistanen, Metallurg Bekabad taldean: bigarren entrenatzaile eta analista aritu zen.

2023. urtearen hasieran itzuli zen Espainiara, bigarrenez Madril CFF entrenatzeko. Urte eta erdiz aritu zen entrenatzaile, eta taldeak inoizko emaitzarik onenak lortu zituen haren esanetara: 2022-2023ko denboraldian, bosgarren postuan amaitu zuen Ligan, eta, 2023-2024ko sasoian, seigarren. Lan bikain horri esker fitxatu zuen Atletico Madrilek.

«Klub aitzindaria eta erreferentziazkoa»

«Niretzat oso egun berezia da hau, emakumezkoen futbolean aitzindari eta eredu den klub batean ariko bainaiz; ez dauka parekorik, eta toki guztietan sumatzen da hori. Klubak apustu sendoa egin du egitasmo honen alde, eta haren balioek nireekin bat egiten dute erabat: ilusioa, apustua eta zaintza. Oso argi dut zer egin behar dugun, eta egitasmo honen parean aritu behar dugula. Erantzukizun handia dugu lan ona egiteko». Hori esan du Victor Martinek, kontratua sinatu berritan.

Azaldu duenez, «ondo» ezagutzen ditu liga eta Athletic. «Zorte handia dut jokalari hauek entrenatzeagatik. Oso erronka polita da. Talde gaztea, anbiziotsua, lehiakorra eta erasokorra dugu. Espero dugu zelaian gozatzea eta zaleak gozaraztea. Irrikaz nago Lezaman egokitu, eta taldea lanean hasten denerako ahalik eta prestatuen egoteko. Irrikaz nago jokalariekin lanean hasteko. Prozesuaz gozatu behar dugu, eta goi errendimenduaren kultura bat sortu, klubak duen anbizioaren parean egoteko. Eguneroko lanak egingo du aldea».

Athleticek uztailaren 13an egingo du denboraldiaurreko lehen entrenamendua, Lezaman. Egun horretan ariko da lehen aldiz Victor Martin jokalari zuri-gorriak zuzentzen.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA