Osasuna itxuraldatu egin da Realaren aurka 1-3 galdu zuenetik. Mugarri izan zen hamahirugarren jardunaldian, abenduaren atarian hartutako kolpe hori. Geroztik, emaitza onak kateatu ditu Nafarroako taldeak, eta, batez ere, txinparta berreskuratu du, uzkurkeria alde batera utzita. Jokamolde bizi eta oldarkorra plazaratzeari ekin dio, eta hori da zale gorritxoek ikusi nahi dutena.
Halaber, jokalariei beraiei ere mesede egin die estiloaren garapenak. Horren adibide da Victor Muñoz (Bartzelona, 2003). Osasunak iparra berreskuratzearekin batera, hegaleko kataluniarrak partidak erabakitzeari ekin dio. Sinbiosi perfektua da: nafarrek abiadura handiko jokoa egin nahi dute, eta Victor Muñoz Espainiako Lehen Mailako jokalaririk azkarrenetako bat da.
Osasunak iazko udan fitxatu zuen, apustu handia eginda: bost milioi euro ordaindu zizkion Real Madrili jokalariaren eskubideen erdien truke. Begiz joa lehenagotik zuten gorritxoek; iragan sasoian Bryan Zaragozak min hartu zuenetik, hain zuzen. Alessio Lisci ere aurrez saiatua zen hura bereganatzen, artean Mirandeseko entrenatzailea zela. Kataluniarrak, baina, Real Madrilen jarraitu zuen, eta iazko maiatzean egin zuen debuta elitean; non, eta Bartzelonaren zelaian. Huts egin zuen gol aukera garbi batean, Real Madril 4-3 galtzen ari zela, eta zaleek oso gogor hartu zuten. Hainbeste, ezen sare sozialetako kontuak itxi baitzituen. Bada, urtebete ere ez da igaro ordutik, eta, behin Iruñera iritsita, Osasunako eta, are, txapelketa osoko jokalaririk ikusgarrienetako bat bilakatu da.
Hazi den modu berean jokatzen du: abiada bizian. Ikaragarri azkarra da esprintean; sasoi honetan, orduko 35 kilometrotik gorako abiadan egin du korrika. Horrek abantaila handia ematen dio aurrean zelai zati handiak dituenean. Gainera, bizkortasuna abileziarekin uztartuta, geldiezin bilakatzen da kontrarioentzat. Orain arte, 50 aldiz egin dio izkin aurkari bati arrakastaz, eta soilik hiru izarrek gainditu dute kopuru hori: Lamine Yamalek, Mbappek eta Viniciusek. Rayoren zelaian, zehazki, hamabi aurkari utzi zituen atzean; beste inork baino gehiago neurketa bakarrean. Baloia oinetara iristen zaionean, atzelarien bila zuzen abiatzen da, bitan pentsatu gabe. Aurkarien defentsak luzatu egiten ditu, baita higatu ere, temati aritzen baita aurrera egin nahian, dela hegaleko bezala, dela bigarren aurrelari moduan.
Eta baloirik gabe ere, oso jokalari saiatua da. Aurkariei kosk egiten die presioan, debutean bertan erakutsi zuen gisara; Gayari baloia lapurtu, eta Valentziako kapitainaren txartel gorria behartu zuen. Lehen egunetik egin du bat Sadarko zaleekin, eta harmailetan eztanda eragin zuen Elxen aurka sarturiko gol puskarekin. Aurrenekoa zuen Osasunako jokalari legez. Lehen hamalau partidetan, ez zuen besterik sartu. Menturaz, erabakigarriagoa izatea eta azken metroetan erabaki hobeak hartzea eska zekiokeen. Nolanahi ere, distira egin zuen taldearen garairik itzalienetan. Tximista izan zen iluntasunaren erdian; hainbat partidatan, Aimar Orozen lesioarekin bat eginez, Victor Muñozen abiadura beste argudiorik ez zuen izan Osasunak erasoan.
Fisikoki sendotu egin da
Orain, sistema bizi eta aberatsago baten parte da hegaleko gorritxoa. Hazkunde kolektiboak on egin dio, eta, gainera, egokitu egin da eliteko futbolak eskatzen duen ahaleginera. Partida gehienetan hasieratik aritu arren, lehenago erregaia agortu egiten zitzaion bigarren zatian, eta nekez amaitzen zituen neurketak zelaian. Haatik, hasi eta buka jokatu ditu azken sei lehietatik lau. Bost izan direla ere esan daiteke, Vallecasen 94. minutuan joan baitzen aulkira. Erresistentzia aldetik izandako garapenaren adierazle da luzapenean Rayo garaitzeko egin zuen korrikaldia. Astebete lehenago, Oviedoren kontrako neurketa ere azken hatsean erabaki zuen.
Guztira lau gol sartu ditu orain arte; guztiak Sadarren, eta horietatik bi buruz, nahiko txikia izan arren. Dena den, datuez harago doa haren eragina. Osasunak, oraingoz, ondo lotua du: 2030era arte sinatu zuen, 40 milioi euroko etete klausula ezarrita. Real Madrilek, hori bai, dezentez merkeago berreskura lezake.