Jacques Anquetil, Felice Gimondi, Eddy Merckx, Bernard Hinault, Alberto Contador, Vincenzo Nibali, Chris Froome eta, orain, Jonas Vingegaard (Visma). Txirrindulari daniarra hiru itzuli handietan nagusi izan diren txirrindularien zerrendan sartu da gaur, Italiako Giroa irabazita. Eta nola, gainera: nahieran ibili da Italiako errepideetan, bost etapa irabazi ditu, eta sailkapen nagusian bost minutu eta 22 segundo atera dizkio bigarren sailkatuari, Felix Galli (Decathlon), eta sei minutu eta 25 segundo hirugarrenari, Jai Hindleyri (Red Bull).
Atzo lasterketari ginga jarri zion Piancavallon, mendiko azken etapan, eta gaur, elastiko arrosa soinean, garaipena ospatzen ibili da Erromako kaleetan. Han, esprinterren lehian, Jonathan Milan (Lidl-Trek) izan da azkarrena, Giovanni Lonardiren (Polti) aurretik.Â

Vingegaardek 2022an eta 2023an irabazi zituen bere palmareseko bi Frantziako Tourrak, eta Espainiako Vueltan iaz nagusitu zen. Sekula ez zituen lortu, ordea, bost etapa garaipen itzuli handi berean. Aurtengo Giroan izan duen nagusitasunaren erakusgarri da hori; estutu ere ez du egin behar izan. Ikusteko dago horrek mese egingo ote dion denboraldiko erronka handirako: Frantziako Tourrerako. Han nor baino nor arituko dira, beste behin, Tadej Pogacar eta biak.