Vingegaard: «Vueltan protestan ari direnek arrazoi dute: gertatzen ari dena izugarria da»

Lasterketako liderrak adierazi du hedabideek ahotsa eman behar dietela protestan ari direnei. Matteo Jorgenson haren taldekideak ere esan zuen egokiena Israelgo taldeak lasterketa uztea zela.

Jonas Vingegaard Vueltako etapa baten hasieran, atzean Palestinako banderak dituela. JAVIER LIZON / EFE
Jonas Vingegaard Vueltako etapa baten hasieran, atzean Palestinako banderak dituela. JAVIER LIZON / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko irailaren 8a
19:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atseden eguna du gaur Espainiako Vueltak, eta halako egunetan ohikoa izaten da lasterketako liderrak hitz egitea. Hala egin du Jonas Vingegaardek (Jumbo Visma). Palestinaren alde eta Israelgo taldearen aurka izandako protesten inguruan mintzatu da Danimarkako txirrindularia: «Protesta egiten dutenek arrazoi osoa dute. Gertatzen ari dena izugarria da».

Txirrindulariak argi du: «Protesta egiten ari direnek ahotsa izan nahi dute, eta ziurrenik horregatik ari dira protestan. Hedabideek ahotsa eman behar diete. Denek argi dugu zer ari den geratzen, eta entzunak izan nahi dute».

Matteo Jorgensonek, Vingegaarden taldekideak, duela egun batzuk adierazi zuen egokiena Israel Premier Tech taldeak lasterketa uztea zela. Txirrindularien sindikatuko Whatsapp multzo batean hitz egin zuen, baina zabaldu egin zen. Israelgo taldeak, hala ere, jarraitzeko asmoari eutsi dio. Oraingoz, egin duen bakarra zera izan da: taldearen elastikotik Israel izena kendu. 

Vueltako zuzendari teknikoak, berriz, adierazi zuen gutxi dutela egiteko: «Denen artean konponbide bat topatu behar dugu. Nire ustez, oraintxe bertan irtenbide bakarra dago: Israelek bere kabuz erabakitzea Espainiako Vuelta uztea. Hemen egonda, ez du gainontzekoen segurtasuna bermatzen. Baina guk ezin dugu erabaki hori hartu».

Bihar Vueltako azken asteari helduko dio tropelak. 16. etapa jokatuko dute, Poio eta Mos.Castro de Herville artean (167,9 km). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.