Vueltan, bizikleta adina ikurrin

«Ez dugu gure artean mugarik nahi», aldarrikatu du Gure Esku-k, Vuelta Euskal Herritik pasatzean

Irudian, Belagua (Nafarroa), atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Vueltaren hamalaugarren etapa Euskal Herritik igaro zen atzo; besteak beste, Larrainetik eta Urdatxetik (Zuberoa). Uztarrozen (Nafarroa) bukatu zen etapa, Belaguako portuan. Gure Esku-k eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteak bultzatuta, herritar ugarik ikurrinak eta Nafarroako banderak atera zituzten errepide ertzetara, txirrindulariei animoak helarazteaz gain, Euskal Herritik igarotzen ari zirela ere argi adierazteko. «Espainiako Vuelta Zuberoa eta Nafarroatik igaroko da, eta euskaldunok errepideetara aterako gara geure ikur eta aldarriekin. Berriro ere argi esango dugu: zazpi lurraldez osatutako herria gara, ez dugu gure artean mugarik nahi eta geure etorkizun politikoa libre eta demokratikoki erabaki nahi dugu», nabarmendu zuen atzo Gure Esku-ko bozeramaile Josu Etxaburuk, Larrainen.

Gainera, Vuelta Zuberoako herri horretatik igaro izanari garrantzia eman zion Etxaburuk: «Paso hau egunerokoan itxita daukate, eta gaurko bakarrik egongo da zabalik, lasterketa igaro dadin. Batzuentzat muga dena guretzat ez, eta egunerokoan zabalik eduki nahi dugu, geure herritik libre mugitzeko, geure artean ez baitugu mugarik nahi. Guk erabaki nahi ditugu bai geure artean bai bi estatuekiko harremanak eta horregatik, oraingoan ere harro esaten dugu: Euskal Herriak erabaki!».

Jando Iriarte Larraineko auzapezak ere hartu zuen hitza bere herrian egindako agerraldian: «Ez da sekula izan mugarik geure artean. Muga zerratua da ofizialki, baina guk ez dugu ezagutu hau zerratua, eta gure anai-arreba nafartarrekin beti harremana izan dugu. Horrek segitu behar du. Gure iritzia gabe ezin dira herri honetan gauzak erabaki, eta bistan dena: guk ez ditugu onartzen bi estatuek [Frantziak eta Espainiak] hartu dituzten horrelako erabakiak, gure bizia baita hemen pasatzen dena».

Gaur ere Vuelta Euskal Herritik pasatuko da; Nafarroatik, hain zuzen. Iruñean hasiko da, eta Lekunberriraino joango dira, Lizarratik eta Etxarri Aranaztik barrena, besteak beste. Gure Esku-k eta Nafarroa Berriz Altxa-k gaurko ere dei egin duteVuelta ikurrinez betetzeko.

Gaur 17:30ean dago aurreikusita Vueltaren hamabosgarren etapa amaitzea, eta hori baino lehen egitarau bat osatu dute Lekunberrin, kalejirarekin eta herri bazkariarekin. Ondoren ikurrinak eta bestelako ikurrak banatuko dituzte, Vueltan astintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.