Vueltan, bizikleta adina ikurrin

«Ez dugu gure artean mugarik nahi», aldarrikatu du Gure Esku-k, Vuelta Euskal Herritik pasatzean.

Ikurrinez bete dituzte gaurko etapako errepide ertzak. GURE ESKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 9a
18:41
Entzun

Vueltaren hamalaugarren etapa Euskal Herritik igaro da gaur; besteak beste, Larrainetik eta Urdatxetik (Zuberoa). Uztarrozen (Nafarroa) bukatu da etapa, Belaguako portuan. Gure Esku-k eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteak bultzatuta, herritar ugarik ikurrinak eta Nafarroako banderak atera dituzte errepide ertzetara, txirrindulariei animoak helarazteaz gain, Euskal Herritik igarotzen ari zirela ere argi adierazteko. «Espainiako Vuelta Xiberua eta Nafarroatik igaroko da eta euskaldunok errepideetara aterako gara geure ikur eta aldarriekin. Berriro ere argi esango dugu: zazpi lurraldez osatutako herria gara, ez dugu gure artean mugarik nahi eta geure etorkizun politikoa libre eta demokratikoki erabaki nahi dugu», nabarmendu du Gure Esku-ko bozeramaile Josu Etxaburuk, Larrainen.

Gainera, Vuelta Zuberoako herri horretatik igaro izanari garrantzia eman dio Etxaburuk: «Paso hau egunerokoan itxita daukate eta gaurko bakarrik egongo da zabalik, lasterketa igaro dadin. Batzuentzat muga dena guretzat ez, eta egunerokoan zabalik eduki nahi dugu, geure herritik libre mugitzeko, geure artean ez baitugu mugarik nahi. Guk erabaki nahi ditugu bai geure artean bai bi estatuekiko harremanak eta horregatik, oraingoan ere harro esaten dugu: Euskal Herriak erabaki!».

Jando Iriartek, Larraineko auzapezak, ere hartu du hitza bere herrian egindako agerraldian: «Ez da sekula izan mugarik geure artean. Muga zerratua da ofizilaki, baina guk ez dugu ezagutu hau zerratua, eta gure anai-arreba nafartarrekin beti harremana izan dugu. Horrek segi behar du. Gure iritzia gabe ezin dira herri honetan gauzak erabaki, eta bistan dena: guk ez ditugu onartzen bi estatuek [Frantziak eta Espainiak] hartu dituzten horrelako erabakiak, gure bizia baita hemen pasatzen dena».

Bihar ere Vuelta Euskal Herritik pasatuko da; Nafarroatik, hain zuzen. Iruñean hasiko da, eta Lekunberriraino joango dira, Lizarratik eta Etxarri-Aranatzetik barrena, besteak beste. Gure Esku-k Nafarroa Berriz Altxa-k biharko ere dei egin die euskal herritarrei Vuelta ikurrinez betetzeko.

Bihar 17:30ean dago aurreikusita Vueltaren hamabosgarren etapa amaitzea, eta hori baino lehen egitarau bat osatu dute Lekunberrin, kalejirarekin eta herri bazkariarekin. Ondoren ikurrinak eta bestelako ikurrak banatuko dituzte, Vueltan astintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.