Shon Weissman Granada futbol taldeko jokalaria ez da Iruñera joango gaur Osasunaren aurkako partida jokatzera, «segurtasun» neurri gisa.
Espainiako COPE irratiaren arabera, «kanpoko segurtasun aholkua» jaso du Granada taldeak, eta horren zuzendaritzak jokalariarekin adostu du Sadarren ez jokatzea. Hedabideak gaineratu dutenez, Osasunaren «muturreko zaleenekin aurrez aurrekoa» saihestu nahi dute neurriarekin.
Ika-mika egon da jokalariarekin azken egunotan, sare sozialetan zein haietatik kanpo. Urriaren 13an Granadako eta Palestinako herritar batzuk fiskaltzan salatu zuten Weissman, «gorroto delituarengatik».
Jokalariak Twitterren idatzitako txioak aipatu dituzte salaketan. Weissmanek erantzun egin zion Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren inguruko argazki bat zuen txio bati. Irudian, Israelgo Armadako kide bat agertzen zen, fusilarekin biluzik eta desarmaturik zeuden bi palestinarri apuntatzen. «Zergatik ez die tiro egiten buruan?», galdetu zuen futbolariak txioan.
Beste hainbat mezutan Palestinarren aurkako mendekua hartzeko eskatu zuen. Horietako batean, «Gazaren gainean 200 tona bonba» botatzeko eskatu zuen. Weissmanek Israelgo Aire Armadan egin zuen soldaduska.
Salaketa jarri duten herritarrek eskatu dute gelditzeko kirolari horren mezuen modukoak, «gorrotoa eragin eta bizikidetza hausten» dutelako.
Banderen debekua
Ikusmin handia dago asteburu honetan estadioetan Palestinaren eta Israelen arteko gatazkak eragin dezakeen intzidentzien inguruan, batez ere ikurren kontuan. Izan ere, joan zen igandean ika-mika piztu zen Eibarko Ipurua futbol zelaian, Eibarren eta Huescaren arteko partidan, zelaiko segurtasun zerbitzuek eta Ertzaintzak ikusle bat kanporatu zutelako, hain zuzen, Palestinako bandera harmailan erakusteagatik. Zaleari isuna jarri zioten. Afera Eusko Legebiltzarrera heldu da, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak idatziz erantzun beharreko galderak bidali dizkiolako Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari: «Zer dela-eta jazarri zaio Ertzaintza zaleari? Zer legeren eta zer artikulu edo paragraforen arabera?».
Euskadi Irratiak gaur zabaldu duenez, Osasunak adierazi du Espainiako Poliziak duela harmailetako segurtasunaren ardura, eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak adierazi duela kendu egingo dizkiela zaleei Palestinako edo Israelgo banderak, estadiora eramanez gero, «istiluak saihesteko».
Realak bihar du partida, Mallorcaren aurka, eta, Euskadi Irratiak zabaldu duenez, taldeak esan ez dutela banderarik erretiratuko. Gainera, manifestazio nazionala deituta dago bihar Donostian, Palestinari elkartasuna erakusteko, Gernika-Palestina ekinaldi herritarrak deituta.
Palestinako gatazkaz harago, lehen ere sortu dute ika-mikarik bandera batzuk estadioetan zentsuratzeko ahaleginek. Urtarrilaren 14an, Osasunako segurtasun pribatuak hainbat ikur kendu zizkien zaleei, tartean ikurrina eta Nafarroako bandera bana, eta GKS Gazte Koordinakunde Sozialistaren pankarta bat. Erabakiak protesta asko eragin zituen, eta biharamunean, Osasunaren zuzendaritzak gertatutakoa gaitzetsi zuen, eta jakinarazi du ikerketa bat zabalduko zuela. Agindua Espainiako Poliziak eman zuela azaldu zuen taldeak.
Hurrengo partidan, urtarrilaren 26an, Nafarroako bandera eta ikurrin asko atera zituzten zaleek, taldeko bazkide batzuk banderak eramateko deia egin ostean.