Xotak badu berriro zertan sinetsi

Udako krisi instituzionalak erabat baldintzatu zuen Irurtzungo taldearen sasoiaurrea, eta ligako lehen jardunaldietan ere sumatu zituen horren ondorioak. Azken bi garaipenek, ordea, taldearen konfiantza indartu dute. Mailari eusteko lehiatu nahi dute.

Xotako jokalariak gol bat ospatzen. XOTA
Xotako jokalariak gol bat ospatzen. XOTA
Oier Zumarraga
2026ko azaroaren 14a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udan Magna Xotaren kezka nagusia ez zen Lehen Mailari eustea, bertan lehiatzeko aukera izatea baizik. Ramon Lazaro enpresaburuak klubaren kontrola hartu ondoren, haren inguruko ustelkeria ikerketak eta zuzendaritzako gorabeherek kolokan jarri zuten Irurtzungo (Nafarroa) taldearen etorkizuna. Desagertzeko arriskua ere izan zuen, eta Espainiako Federazioaren jokatzeko baimena abuztu amaieran jaso zuen; denboraldiaurreari jokalari multzoa osatu gabe ekin eta gero.

Ziurgabetasun haren ondorioak ligako lehen jardunaldietan sumatu zituzten: jokatutako aurreneko bost partidak galdu zituzten. Azken asteetan, ordea, haizea alde dute. Sala 10 Zaragozari (6-4) eta Noiari (4-3) irabazita, denboraldiko lehen sei puntuak eskuratu dituzte. Garaipen horiek bestelako norabidea eman diote taldearen denboraldiari. Udako ezinegonak eta hasierako porrotek eragindako etsipena atzean uzten hasi dira, eta orain arte urrun ikusten zuten helburuari, Lehen Mailari eusteari, beste aldarte batekin begiratzen diote. «Jendeak uste zuen ez genuela puntu bakar bat ere lortuko, eta dagoeneko sei ditugu», nabarmendu du Roberto Martil bigarren entrenatzaileak.

Udan gertatutakoa ez dute berehalakoan ahaztuko. Ramon Lazaro enpresaburuaren inguruko auzi judizialak, zuzendaritza aldaketek eta Espainiako Federazioaren baimenaren inguruko zalantzek klubaren jarduna baldintzatu zuten. Jokalari ugari joan ziren, eta denboraldiaurreari ekin ziotenean ez zuten taldea osatzeko adina jokalari. Fitxaketak «tantaka» iritsi ziren, eta harrobiko gazteek bete behar izan zituzten hutsuneak. Martilek aitortu du garai hartan ez zekitela zer gertatuko zen. «Uda bakar batean gertatutako guztiarekin liburu bat idatz liteke». Hala ere, klubaren inguruan sortutako elkartasuna nabarmendu du: langileena, harrobiko entrenatzaileena, jokalari gazteena eta Irurtzungo herritarrena. «Gauza txar guztien artean, oso gauza onak ere gertatu ziren. Horiek dira klub bati aurrera egiten laguntzen diotenak».

Egoera horretan hasi zuten liga. Jaenen (1-3) eta Valdepeñasen (0-2) aurka lehiatzeko gai izan ziren, baina ondoren porrot gogorrak jaso zituzten, besteak beste, Palmaren (2-7), El Ejidoren (9-1) eta Bartzelonaren (0-8) aurka. Emaitzek zalantzak sortu zituzten taldean. Martilen esanetan jokalariek ez zekiten irabazteko gai izango ziren, ezta partida oso batean aurkariari eusteko moduan izango zirenik.

Konfiantza berreskuratzen

Azken bi garaipenek, sailkapenean ez ezik, aldagelako giroan ere izan dute eragina. Denboraldi hasierako porrotek zalantzak eragin zituzten jokalarien artean, eta taldearen konfiantza apaldu egin zen. Orain, ordea, egindako lanak fruituak eman dituela ikusita, bestelako aldarte batekin ari dira: «Jokalariak berriro ausartzen hasi dira, eta zailtasunei aurre egiteko gai direla erakutsi dute». Horren adierazgarri izan zen Noiaren aurkako partida: bi golen aldea galdu arren, ez zuten amore eman, eta azken unean eskuratu zuten garaipena. «Gehien gustatu zaidana zera da: jokalariak zailtasunen aurrean erantzuten ari direla. Talde hain gazte batean ez da erraza hori lortzea».

«Jokalariak berriro ausartzen hasi dira, eta zailtasunei aurre egiteko gai direla erakutsi dute. Talde hain gazte batean ez da erraza hori lortzea» 

ROBERTO MARTIL Xotako bigarren entrenatzailea

Martilen ustez susperraldi horretan zeresan handia izan du Gonzalo Iglesias Morenin entrenatzaileak ere. Liga hasita iritsi zen Irurtzunera, artean osatzeko zegoen jokalari multzo baten ardura hartzera. Martilek haren «gertutasuna eta pazientzia» nabarmendu ditu, baita «jokalariei entzuteko eta egoerara egokitzeko erakutsi duen gaitasuna» ere. Izan ere, udako gorabeherek arrastoa utzi zuten taldean, eta, jokatzeko modua lantzeaz gain, elkar ezagutzeko eta konfiantzazko giroa sortzeko beharra izan dute.

Helburua, mailari eustea

Bi garaipenek ez dituzte udako arazo guztiak konpondu. Zuzendaritza berriak egonkortasuna berreskuratzeko lanean jarraitzen du, eta Martilek azpimarratu du kirol proiektu sendo batek oinarri ekonomiko sendoa behar duela. Babesle berriak erakartzeak baliabide gehiago izateko aukera emango lieke, baita jokalari multzoa indartzekoa ere. Dena den, egindako urratsekin taldearen asmoak aldatu dituzte. «Uda hasieran partida bakoitzean lehiatzea zen helburua. Orain, mailari eustea da benetako helburua». Aldaketa hori aldagelako giroan ere antzeman dute. Lehen zalantzak nagusi ziren tokian, orain aurkariei irabazteko aukera ikusten dute.

Martilek, hala ere, ez du ahaztu nahi nondik datozen, ezta zer zailtasun dituzten ere. Aurreko asteburuan ez zuen partidarik jokatu Xotak, selekzioen arteko partiden etenaldia dela eta. Gaur ekingo dio berriro lehiari, Interren aurka, etxetik kanpo (17:00). Bi garaipenak Anaitasunan lortu ondoren, etxetik kanpo ere maila bera eman nahi dute. Martilek badaki aurkariek beste begi batzuekin ikusiko dituztela orain: «Jada ez gaituzte ezer egiteko aukerarik ez duen talde bezala ikusiko». Irurtzunen, berriz, zaleak berriro harmailara erakartzea espero du. Udako ziurgabetasunaren ondoren, Xotak badu berriro zerbaiten alde borrokatzeko aukera.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA