Yago Dominguez: gorenean aritzearen gogortasuna, ikasbide

Sopelako surflariak lehen urtea du WSL Munduko Surf Ligan, onenekin lehian. Orain arte ez du emaitza onik lortu, baina uste du bizitzen ari den hori oso baliagarria izango dela etorkizunari begira.

Yago Dominguez surflaria, oholarekin, uretara bidean. BERRIA
Yago Dominguez surflaria, oholarekin, uretara bidean. BERRIA
2025eko urriaren 29a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yago Dominguez surflaria (Sopela, Bizkaia, 2002) duela astebete eskas iritsi zen etxera, Brasildik. Oraingo honetan, gainera, denbora luzez egongo da bertan. Izan ere, urtarrilean lehiatuko da berriz ere WSL Munduko Surf Ligan. Ez da ohikoa hain eten luzeak egitea, eta aspaldian denbora gutxi egon da etxean. «Beti bidaiatzen ibili beharra oso gogorra da. Eskerrak elkarrekin lehiatzen garenok lagun talde eder bat daukagun. Mesede egiten dit haiekin hitz egiteak. Burua argitzen eta lehiaketan hainbeste ez pentsatzen laguntzen didate», aitortu du.

Dominguez lehen aldiz ari da parte hartzen Challenger Series kategorian. Iaz lortu zuen kategoria horretan sartzea: «Gogor ari naiz lanean, sekula baino gehiago, dudarik gabe. Denbora asko pasatu dut bakarrik, baina gauzak ez dira nahi bezala atera». Hala ere, ziur dago asko ikasiko duela urte zail honetatik ere: «Orain, ziurrenik, ez zait irudituko hala denik, baina ziur nago etorkizunerako oso ondo etorriko zaidala, gorenean aritzeko». Oraindik «egokitzen» ari da Challenger Series kategoriara. «Batetik, lehiatzeko modura egokitzen ari naiz, eta, bestetik, surflarien mailara». Ikasteko eta hobetzeko «asko» daukala onartu du, baina pozik dago, uste baitu dagoen lekuan «ikaragarri» ikasiko duela: «Gainontzekoen txandak ikusten ditut, eta beste surflariekin hitz egin. Oso lagungarria da».

«Skateak airean mugimenduak egiten laguntzen dit; snowboardean arituta, berriz, hobeto kontrolatzen ditut taularen izkinak. Horri guztiari esker, trebeagoa naiz surfean»

YAGO DOMINGUEZSurfalaria

Gogor borrokatu da dagoen lekura iristeko, eta gogoratu du nola hasi zen surfean: «Ez dut ondo gogoratzen zein izan zen surfeko taula bat hartu nuen lehen aldia, baina bai olatuaren gainean batetik bestera mugitu nintzen lehen aldia. Plentziako hondartzan izan zen, eta izugarri gozatu nuen: munduko surflari onena sentitu nintzen». Beste era bateko ohol baten gainean ere ibili izan da, skatean aritu baitzen. Hori bakarrik egiten zuen hasieran: «Baina, pixkanaka, surfean hasi nintzen. Surfean egitean sentitzen duzunak ez du zerikusirik patinatzen sentitzen duzunarekin. Surfean, bakarrik egoten zara, askoz ere lasaiago, eta horrek harrapatu ninduen», azaldu du. Gurasoek ere izan dute zerikusirik aldaketan. Ama ez da surfean aritzen, baina «izugarri» gustatzen zaio hondartzara joatea, eta Dominguez umea zela «denbora asko» igarotzen zuten bertan. Aita skatean ibiltzen zen, eta noizean behin surfean ere bai. «Aitak animatuta probatu nuen lehen aldiz surfa. Harengatik izan ez balitz, ez dakit surfa ezagutuko nuen ere», aitortu du. Snowboarda ere egin izan du Dominguezek. Skate eta snowboard oholetan ibili izanak eragina du surf egiteko haren moduan. «Asko» laguntzen dio surf egiteko orduan. «Skateak airean mugimenduak egiten laguntzen dit; snowboardean arituta, berriz, errazago egiten ditut birak. Gainera, taularen izkinak hobeto kontrolatzen laguntzen dit. Horri guztiari esker, trebeagoa naiz. Azkar eta zehatz egiten dut surfean».

Buruko osasunaren garrantzia

Urtea horren gogorra izanda, Dominguezek buruko osasunaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: «Prestakuntza psikologikoa askotan garrantzitsuagoa da fisikoa baino. Buruz ondo egon behar duzu, eta egin behar duzuna egiteko gai zarela sinetsi; gainontzean, ezinezkoa da». Hori lantzeko, kirol psikologo baten laguntza izaten du: «Guztia kontatzen diot, eta, gaizki nagoenean, harekin hitz egiten dut gehien». Horren harira, argi adierazi du aurtengo gauzarik gogorrena porrotak izan direla: «Kategoria honetan, surfean aritu baino gehiago, lehiatu egin behar duzu. Posible  da oso olatu onak hartu eta hala ere kalera joatea. Dena ondo egin behar duzu», nabarmendu du.

Gauza onei ere erreparatu nahi izan die, eta gogora ekarri du inoiz ahaztuko ez duen txanda edo kanporaketa bat: Huntingtonen izan zen, Kalifornian (AEB), eta Josh Kerren aurka neurtu zituen indarrak. Lehen txandan izan zen, eta Dominguez gailendu zen: «Gazteagoa nintzenean, Josh nire erreferentea zen. Lehiatu ostean, harekin hizketan egon nintzen, eta oso pertsona ona iruditu zitzaidan», kontatu du. Euskal Herriko surflariei dagokienez, «inoizko sasoirik onenean» daudela azpimarratu du. Emakumezkoen aurtengo lehia «ikaragarria» izaten ari dela uste du, eta gizonezkoetan «punta-puntako talde erraldoi bat» dagoela. «Elkarri asko laguntzen diogu, eta uste dut euskal kultura ezagutarazten ari garela munduan zehar. Niretzat ohore handi bat da horren parte izatea».

Denboraldi honi begira dituen helburuez galdetuta, hauxe erantzun du: «Ederra izango litzateke lehen hogei surflarien artean geratzea, horrela datorren urteko Challenger probetarako sailkatzeko». Emaitzak edozein izanik ere, argi du aurrerantzean ere «surfaz gozatu» nahi duela. Are, nabarmendu du gozatzeari utziz gero alde batera utziko duela surfa: «Urte luzez jarraitu nahi nuke surfean, ez dakit lehiatzen edo munduan zehar bidaiatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.