Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak osatutako bikoteak piztu du ikusminik handiena binakako txapelketan. Zehatzago izanda, Ezkurdia atzelari aritzeak piztu du ikusminik handiena. Hori dela eta, txapelketa hasi aurretik zalantzak zeuden bi pilotari horiek zer egingo zuten elkarrekin jokatuz gero. Baina bikote horrek lehen bi partidak jokatzea nahikoa izan zen haien inguruan zeuden zalantza horietako asko desager zitezen, biak ala biak irabazi baitzituzten nagusitasunez. Aise aritu ziren bietan: Altuna III.a ikusgarri aritu zen aurrean, eta Ezkurdia, sendo atzean. Meritu handia zuen horrek, kontuan hartuta Aspe enpresako bi atzelari indartsuenen aurka jokatu zutela: Jose Javier Zabaletaren eta Beñat Rezustaren aurka, hurrenez hurren.
Baina binakakoa txapelketa luzea bezain gogorra da, eta astero dago proba gogor bat gainditu beharra. Aurreneko biak nota onarekin gainditu zituzten Altuna III.ak eta Ezkurdiak. Hirugarrenean, ordea, kale egin dute, eta lehen aldiz galdu dute. Javier Zabalak eta Julen Martijak 22-16 irabazi diete gaur Bartzelonan. Merezita irabazi dute Zabalak eta Martijak, hasi eta buka nagusitu baitira: 6-0 jarri dira hasi bezain pronto, gutxienez hiru tantoren aldeari eutsi diote gero, eta, azken txanpan, berriro jo dute kolpea; hala, partidan izandako alderik handienarekin irabazi dute. Â
Bartzelonako pilotazaleek oso gutxitan dute aukera puntako pilotariak ikusteko. Gaur ikusi dituzte; ez, ordea, partida polita. Lau pilotariek huts dezente egin dituzte: hamasei lauren artean. Altuna III.ak egin ditu gehien: sei. Amezketarra pattal aritu da gaur, eta hori erabakigarria izan da. Zabala izan da onena lau pilotarien artean. Batez ere, neurketa hasieran nabarmendu da. Gero, ez da horren distiratsu aritu, baina gogotik egin du lan. Baita Martijak ere. Oso borrokalari aritu dira biak ala biak, eta, horri esker, aurkariak nagusi izandako zenbait tanto irabazi dituzte. Â
Baikokoak, bihar eta etzi
Bihar eta etzi jokatuko dituzte hirugarren jardunaldiko beste bi partidak. Baikoko pilotariak ariko dira horietan: bihar, Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk Iker Larrazabalen eta Jon Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute Donostian, 17:15ean (ETB1). Lasok eta Albisuk jokatu dituzten bi neurketak irabazi dituzte; Larrazabalek eta Mariezkurrena II.ak, ordea, biak galdu dituzte.
Astelehenean, berriz, Erik Jaka eta Martxel Iztueta Iñaki Artolaren eta Ander Imazen kontra ariko dira Tolosan (Gipuzkoa), 17:15ean (ETB1). Bi bikoteek norgehiagoka bat irabazi dute, eta bestea galdu. Giro bikaina espero da Beotibarren, Tolosaldeko hiru pilotari ariko baitira: Jaka, Iztueta eta Artola.
ADOSEN LAU ETA ERDIKOAREN FINALERDIAK, ZEHAZTUTA
Gaur jokatu dituzte Ados Pilota klubak lehen aldiz antolatutako lau eta erdiko txapelketaren final-laurdenak, Azkoitian (Gipuzkoa): Iera Agirre Iturriagak 22-21 irabazi dio Naroa Agirreri; Ane Mendiburuk 22-4 Olatz Ruiz de Larramendiri; Leire Oskozek 22-12 Maite Ruiz de Larramendi Mujikari; eta Maddi Barrokalek 22-8 Natale Aranbururi. Hilaren 14an jokatuko dituzte finalerdiak, berriro Azkoitian, 11:30ean: Oskoz Iturriagaren aurka ariko da, eta, Mendiburu, Barrokalen kontra.Â
Bihar, berriz, Emakume Master Cupeko lau eta erdiko finalerdiak jokatuko dituzte Basaurin (Bizkaia),12:00etan (ETB1): Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga ariko dira aurrenekoan, eta Goiuri Zabaleta eta Enara Gaminde bigarrengoan.
Â