Partidari modu ikusgarrian buelta eman zion atzo Javier Zabala pilotariak, eta 22-15 gailendu zitzaion Jokin Altunari Gasteizko Ogeta pilotalekuan, 11-4 galtzen joan ostean.
Lau eta Erdiko Txapelketaren barruan, final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldiko partida jokatu zuten Zabalak eta Altuna III.ak, eta bi partida ikusi ahal izan zituzten zaleek: lehenengoan, Altuna III.a oso nagusi izan zen, eta 9-1 eta 11-4 aurreratu zitzaion errioxarrari.
Zabalak arazoak izan zituen eskuineko eskuan, eta partidaren ostean adierazi zuen pilota bideratu ezinean ibili zela, harik eta eskuko babes geruza batzuk kendu arte. Takoak jaitsi zituen, eta hortik aurrera hasi zen bigarren partida. Altunari III.ari ez zion aukerarik eman 11 tanto baino gehiago egiteko, eta, bitartean, bera tantoak egin eta egin aritu zen. Horrela lortu zuen markagailua 11-15 jartzea.
Altunak III.ak ahaleginak egin zituen, hasieran abantailari eusteko, eta gero Zabalarengana hurbiltzeko. Baina lau tanto egitea besterik ez zuen lortu.
Emaitza horrek ataka zailean utzi du Altuna datorren larunbaterako: Lasoren aurka jokatu beharko du Donostian, eta final aurreratu baten antza hartuko du partidak, biek izango baitute jokoan txapelketan aurrera jarraitzea. Zabala, ostera, Peña II.aren kontra arituko da, Logroñon (Espainia). Irabazlea finalerdietarako sailkatu da, biek irabazi baitute ligaxkako lehen jardunaldian.Â
Zabalak, partidari buelta eman, eta argi irabazi dio Altunari Lau eta Erdiko Txapelketan
Errioxarrak 22-15 irabazi du Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Hasieran, Altuna III.a izan da nagusi, eta 11-4 egon da aurretik. Baina gero lau tanto bakarrik egin, eta Zabalak agindu du partidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu