PEÑA II.A 17-22 ZABALA

Zabalak sufritu egin du Peña II.ari irabazteko

17-12 joan ondoren, hamar tanto segidan egin eta irabazi egin du Javier Zabalak, Labriten. Grazia eta distirarik gabe aritu da errioxarra, baina, lanaren poderioz, puntu garrantzitsua lortu du.

Javier Zabala. IÑIGO URIZ / FOKU
Javier Zabala, pilota jotzear, gaurko partidan. IÑIGO URIZ / FOKU
jon eskudero
2026ko apirilaren 18a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den urteko sanferminak amaitzearekin batera ateak itxi eta gero, gaur itzuli dira pilota partidak Iruñeko Labritera, pilotalekuko eraberritze lanak bukatu ondoren. Bada, goi mailako lehia ikusi ahal izan dute harmailetan bildutako jarraitzaileek, batez ere emozio handia izan baitu Jon Ander Peña eta Javi Zabalaren artekoak. Errioxarra faborito garbi irten da, batez ere aurrekari hobeak zituelako buruz buru, baina gorriak eta bi ikusi behar izan ditu garaipena lortzeko. Peña II.ak inoizko partidarik onena jokatu du modalitate horretan, eta gehiago izan da parterik handienean. 17-12 aurretik joan da, eta eskura izan du garaipena. Dena den, garaiz erreakzionatu du Zabalak, eta, azken hamar tantoak jarraian eginda, final-laurdenetako estreinako puntua poltsikoratu du. Eginiko lanarekin ez da konforme geratu, ordea. «Triste noa Labritetik, tentsioak eraginda daukadanaren erdirik ere ez dudalako eman».

Jarrera erasokorragoarekin kantxaratu da hasieratik Peña II.a, eta adierazi du ezustea emateko prest zegoela. Berehala hartu du aurrea: 4-1. Sekula ez bezala luzatu du eskuinez pilota atzera, eta tantoa amaitzerako garaian ere direnak eta ez direnak egin ditu. Besteak beste, 4-1eko tantoa errebotean egin du. Garbi erakutsi du ez ziola kasualitatez irabazi Peio Etxeberriari kanporaketa aurrekoan (22-20). Sakeari esker, Zabalak launa berdindu du partida, baina hortik aurrera tolosarrak agindu du: 6-4, 7-5 eta 9-6. Hauspoz hobeki agertu da, biziago ibili du pilota, eta defentsan jardun behar izan duenetan ere ez dio pilota ahoko zuloan utzi aurkariari. Bere ezaugarriei etekin gehiago atera die Baiko Pilota enpresako pilotariak.

Zabala, berriz, faborito izaerak ematen duen presioa kudeatu ezinda ibili da. Buruarekin ezezkoa esanez aritu da ia partida osoa, eta konfiantza falta izan zaio nabarmen. Graziarik eta distirarik gabe jardun arren, lanaren poderioz aurkariari parean eustea lortu du: 10na eta 11na berdindu du partida. Sentipen txarrak izanagatik, gutxienez burutsu jardun du, eta ez du etsi. Polemika ere izan da tartean, epaileak atxiki egiteagatik tantoa kendu baitio Peña II.ari 10-9 zihoazela. Hori bai, bere gidoiari eutsi dio tolosarrak, eta lehen atsedenaldi luzera aurretik iritsi da: 12 eta 11.

Sakea, armarik onena

Partida bost aldiz berdindu arren, aurrea hartzerik ez du inoiz lortu errioxarrak, eta atsedenalditik bueltan suziri baten moduan ihes egin du Peña II.ak: 17-12. Askoz freskoago jokatu du, erabakitasun handiagoz aritu da, eta bazirudien eskura zuela garaipena. Hots, huts egin du erasoko jokaldi batean, eta opari horrekin bizia eman dio Zabalari. Saskitik bere pilota aterata, sakeari sekulako etekina atera dio errioxarrak. Era horretan hiru tanto jarraian egin ditu, eta partida berdintzea ez ezik, aurretik jartzea ere lortu du: 17-18. Egoera kritikoa maisuki irauli du Zabalak. Lana izan du oinarri, eta bigarren atsedenalditik bueltan ere bereari eutsi dio. Pilotakada onak jo ditu atzera, tantoa bukatzen ere asmatu du, eta azken hamar tantoak jarraian eginda, puntu garrantzitsua lortu du: 17 eta 22.

Bada, beste errioxar batek garaipen distiratsua eskuratu zuen atzo, Gernikako pilotalekuan (Bizkaia): Dario Gomezek. Erakustaldia eman ondoren, 22-8 irabazi zion Jokin Altunari, eta, horri esker, finalerdietan du hanka eta erdi. Oraintxe, txapela janzteko hautagai nagusi bihurtu da Dario. Multzo berean, Erik Jakak eta Unai Lasok neurtuko dituzte indarrak, bihar, Gasteizko Ogetan (17:00, ETB1). Laso faborito garbi aterako da.

BERRIA Txapelketako finala, zehaztuta

Zehaztuta geratu da zein bi bikotek jokatuko duten BERRIA Erremonte Txapelketa, hilaren 28an, Galarretan. Josetxo Ezkurra eta Joseba Goikoetxea Mattin Arluziagaren eta Xabi Azpirozen aurka ariko dira. Ezkurra II.ak eta Goikoetxea VI.ak 8-15, 15-11 eta 8-6 irabazi diete finalerdietan Imanol de Rueda Martixpe-ri eta Endika Barrenetxeari, eta Arluziagak eta Azpirozek 13-15, 15-9 eta 8-6 Beñat Segurolari eta Kemen Aldaberi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA