Athleticeko entrenatzailea

Javi Lerga: «Zaila izan da, baina askoz hobeto gaude orain: askatu egin gara»

Ligako lehen bederatzi partidetatik bakar bat ez zuen irabazi Athleticek, baina, behin zama hori gainetik kenduta, bolada gozoan da taldea. Lergak uste du bigarren itzulia hobea izango dela.

Javi Lerga. ATHLETIC
Javi Lerga. ATHLETIC
Jone Bastida Alzuru.
Lezama
2025eko abenduaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Espektatiba handiak genituen, eta oso gaizki pasatu dugu». Javi Lerga Athleticeko entrenatzailearen hitzak dira (Tafalla, Nafarroa, 1979), eta aitortu du inondik inora ez zuela espero denboraldia hain kaskar hastea. Baina azpimarratu du ikasteko balio izan diela, eta baikor dago. Bestelakoa da orain egoera: azken lau partidetatik hiru irabazi dituzte, eta bat berdindu. Hala ere, teknikariaren hitzetan, badute zer hobetua, batez ere erasoan: «Taldea oldarkorra izatea nahi nuke, ez bakarrik baloia ez duenean, baizik eta baita baloia edukita ere». Entrenamendua amaitu berritan, patxadaz hitz egin du. Gaur jokatuko dute Madrilen aurka, etxetik kanpo (19:00, DAZN).

Gauzak aldatzen hasi dira?

Bai, dudarik gabe. Denboraldiaurrean jokalari asko egon ziren min hartuta. Blokea landu ahal izateko jende asko falta zitzaigun, gerora guretzat garrantzitsuak izan diren jokalari asko. Liga hasterako ez geunden prest. Bolada zaila izan da. Gauza asko egin ditugu ondo, partida askotan izan gara nagusi, baina, hala ere, ez genituen hiru puntuak eskuratzen. Onena da bide honetan taldea heldu egin dela. Kapaz izan gara eusteko eta egoerari buelta emateko. Bagenekien denbora kontua izango zela, eta askoz hobeto gaude orain: askatu egin gara. 

Asko dira bederatzi partida irabazi gabe. Urduritzen hasiak zineten?

Talde teknikoko kideak lasai geunden. Ikusten genuen jokalariak nola entrenatzen ziren, zer giro zegoen, zer jarrera zuten, aurrera egiteko zer-nolako gogoa zuten... Baina egia da partidetan denborak aurrera egin ahala, batez ere bigarren zatian, galtzeko beldur hori sartzen zitzaigula. Talde gaztea dugu, eta espektatibak ere oso handiak ziren. Azken denboraldian oso ondo ibili zen Athletic, eta bazirudien orain ere halaxe hasi behar genuela. Baina prozesu bakoitza diferentea da, sasoi bakoitza desberdina da, eta denboraldiaurreko egoerak liga hasiera baldintzatu zigun. Taldea batzuetan itsututa ere egon da irabaztearekin, eta zenbat eta gehiago obsesionatu emaitzarekin, orduan eta zailagoa da garaipena lortzea.

Zertan huts egin duzuela uste duzu? Eta, orain, zertan ari zarete asmatzen?

Aurkaria estutzea falta zitzaigun, erritmo biziagoan jokatzea, oldarkorragoak izatea... taldearen indar hori erakustea, lehiakor izatea. Askotan baloia eta jokoaren ekimena izaten genituen, baina horixe falta zitzaigun. Azken neurketetan lortu dugu aurkariaren zelaian oldarkorragoak izatea, zuzenago jokatzea.

Hiru neurketa soilik galdu dituzue, baina zazpi berdindu. Halakoetan, zaila da egoera kudeatzea? Lehen garaipenak, Eibarren aurkakoak, konfiantza eman zizuen?

Bartzelonaren aurka ez ginen ondo aritu; Real Madrilen kontra, berriz, emaitza gehiegizkoa izan zen, nire ustez [1-4], eta, Deportivoren aurka, irabaztea merezi izan genuen. Baina egia da partida asko berdindu ditugula, eta espero izatekoa zen horietako asko irabaztea. Azkenean, egoerak lotu egiten zaitu, jokalari askok konfiantza faltagatik ez dute ardura hartzen, eta taldekideari pasatzen diote baloia, entrenatzaileok ere saiatzen gara tekla egokia sakatzen baina teklatua mailakatu gabe... Hausnartu, autokritika egin, eta ulertu genuen taldeak egonkortasuna behar zuela. Lehen partida irabazi genuenetik, errazagoa izan da dena.

«Taldea batzuetan itsututa egon da irabaztearekin, eta zenbat eta gehiago obsesionatu emaitzarekin, orduan eta zailagoa da garaipena lortzea»

Bestalde, jokatutako hamahiru partidetatik bitan bakarrik lortu duzue gol bat baino gehiago sartzea; hain justu, 2-0 irabazi zenuten Eibarren kontra, eta 1-5 Granadaren aurka. Baduzue hor zer hobetua, ezta?

Bai. Gehiagotan iritsi behar dugu aurkariaren areara, eta baldintza hobeagoetan. Beharrezkoa da klubaren estiloari leial jokatzea: arean baloi asko sartu, hegaletatik erdiraketa asko egin, oldarkorrak izan baloia galdutakoan eta berreskuratutakoan... Agian ez dugu beste talde batzuek jokalari jakin batzuei esker duten gaitasun hori gola sartzeko. Horregatik, erasoan aukerak sortuz sartuko ditugu golak. Orain arte, partida askotan izan dugu jokoaren kontrola, baina kostatu zaigu aukera garbiak sortzea. Hala ere, uste dut taldea beste dinamika batean dagoela orain.

Gainera, azken partidetan aurkariei gehiago kostatu zaie zuei gola sartzea. Arreta berezia jarri duzue hor?

Defentsan talde fidagarria gara, eta badakigu lehiakorrak izateko inportantea dela atea hutsean uztea. Guretzat funtsezkoa da hori. Atzean talde sendoa izan behar dugu, eta, horretarako, denek egin behar dute lan defentsan. Alde horretatik, konpromiso handiko taldea gara, eta aurkariei ez diegu uzten beren jokoa egiten.

Denboraldi hasieratik hona, helburu orokorrak aldatu dituzue?

Helburua egunez egunekoa da. Esaldi egina dirudi, baina hala uste dugu. Ikasi dugu oraina dela garrantzitsua. Anbizio handiko kluba da, eta gu ere anbiziotsuak gara, baina ezin gara despistatu iraganean edo etorkizunean pentsatzen. Espektatiba handiak genituen, eta oso gaizki pasatu dugu. Uste genuen gauzak beste modu batera gertatuko zirela. Baina ikasi dugu, eta egoerak behartuta heldu gara. Gure helburua hobetzen segitzea da: taldeak hobeto jokatu behar du, eta aurrean aukera gehiago sortu. Aurrerago ikusiko dugu zer lortzeko borrokatuko garen. Hala ere, ziur gaude bigarren itzulia lehena baino hobea izango dela.

Nolako taldea izatea nahi zenuke?

Talde oldarkor bat izatea nahi nuke, ez bakarrik baloirik gabe, baita baloiarekin ere; eta konpromisoa izatea talde gisa. Uste dut talde konprometitua garela, baina hobetu dezakegu.

«Gehiagotan iritsi behar dugu aurkariaren areara. Orain arte, partida askotan izan dugu jokoaren kontrola, baina kostatu zaigu aukera garbiak sortzea»

Badago nabarmentzen ari den jokalari bat: Daniela Agote. Aurrez ezagutzen zenuen. Espero zenuen hain ondo aritzea?

Bai, dudarik gabe. Askotan, jokalari gazteen gabezietan jartzen da arreta, eta ez hainbeste haien ahalmenean. Oso-oso talde gaztea daukagu, baina ez diogu begiratzen adinari. Gazteei denbora eman behar zaie, baina, hazteko, jokatu egin behar dute, eta Agote demostratzen ari da egunez egun hobetzen ari dela. Bat-batekoan jokalari abila da, eta gaur egungo futbolean ez daude halako jokalari asko. Piztu egiten gaitu. Oso gustura gaude harekin, baina pozik gaude oro har taldearekin ere. Oraina bermatuta dago, baina baita etorkizuna ere.

Badago harritu zaituen beste jokalariren bat?

Gehienak ondo ezagutzen nituen, Espainiako selekzioko azpiko kategorietatik edo absolututik. Baina tira, taldean dagoen giroa nabarmenduko nuke. Oso-oso aldagela sanoa dugu. Elkarri laguntzeko prest daude beti, eta hobetzen segitzeko oso gogotsu. Guretzat luxua da. Gaizki pasatu dugu, baina bolada zailetan ere beti jaso dut animo hitz bat, eta laguntzeko prestasuna. Jokatzen ari ez diren jokalariek ere pilo bat lagundu digute. Niretzat, hori da taldearen termometroa. Badaude guk nahi baino gutxiago jokatzen ari direnak; izan ere, egoerak bultzatu gaitu hamaikako egonkorrago baten alde egitera. Hala ere, horiek dira taldeari eutsi diotenak. Asko eskertzen diet.

Batez ere zertan egin behar izan duzu lan?

Arlo emozionalean. Buelta asko eman dizkiot buruari: taldea nola katigatu, nola sinetsarazi gauzak ondo egiten ari garela eta horretan segitu behar dugula, mezua nola eman... Agertokirik txarrenean ere ez genuen usteko bederatzi jardunaldi egingo genituela irabazi gabe.

«Badut arantzatxo bat: hasiera nahasi samarra izan dela. Gustatuko litzaidake beste patxada batekin bizi izana, lasaiago»

Madrilen aurka jokatu, eta gero, etenaldi luzea duzue ligan. Garrantzitsua izango da irabaztea? Nolako partida espero duzu?

Oso partida garrantzitsua da guretzat. Jauzi kualitatibo bat egin dugu, baina Madrilen aurka irabaztea beste aurrerapauso bat litzateke. Badakigu partida zaila izango dela. Talde ona dute, oso ondo aritu dira orain arte, eta azken hiru partidak irabazi dituzte. Baina bolada onari segida emateko ilusioa dugu. Irabaziz gero, gora begira jarriko ginateke, eta horixe nahi dugu.

Urtea bukatu aurretik Kopako partida ere jokatuko duzue, ostiralean, Europaren aurka. Zer asmo duzue Kopan?

Ilusio handia dugu, eta kanporaketa gainditu nahi dugu kosta ahala kosta. Neurketa zailak izaten dira, eta dena eman beharko dugu.

Aipatu duzu gustura zaudela Athleticen. Nola jaso zenuen eskaintza? Espero zenuen?

Urte batzuk neramatzan Espainiako selekzioan. Asko gozatu eta ikasi nuen, baina egunez egunekoa bizitzeko beharra ere banuen. 19 urtez azpikoekin Europako lehiaketa jokatzen ari ginela jaso nuen Athleticen deia. Behin amaitutakoan, dena oso azkarra izan zen. Badut arantzatxo bat, halere: hasiera nahasi samarra izan dela. Dena planifikatuta izanda ere, datorrena onartu behar. Jokalari askok hartu zuten min denboraldiaurrean, eta nik ere belauna hautsi nuen lehen astean. Hiru hilabete egon naiz makuluekin, eta ez zara pertsona bera, ez duzu berdin komunikatzen... Gustatuko litzaidake hasiera beste patxada batekin bizi izana, lasaiago. Baina hala izan da, onartu behar da, eta balio izan dit ikasteko ere. Ilusioz nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.