Bikain ari da Maddi Barrokal (Bergara, Gipuzkoa, 2005) Adosen lau eta erdikoan: bost partida jokatu ditu, eta guztiak irabazi ditu. Orain, txapela jantzi nahi du.
Lau eta erdiko finala jokatuko duzu. Pozik?
Oso. Asko poztu nintzen jakin nuenean klubak lau eta erdiko txapelketa antolatuko zuela: asko gustatzen zait modalitate horretan jokatzea. Bete-betean prestatu nuen txapelketa, eta, igarri egin da hori: finalean nago.
Bikain ari zara: bost partida jokatu dituzu, ligaxkako hiru, final-laurdena eta finalerdia, eta guztiak irabazi dituzu.
Lehenik, ligaxka jokatu nuen, eta alde handiz irabazi nituen aurreneko hiru partida horiek [22-7 Agirreri, 22-5 Arrastiari eta 22-8 Mujikari]. Final-laurdenetan ere antzeko aldeaz irabazi nuen [22-8 Aranbururi]. Aurkari zailak dira horiek guztiak, eta horrela irabazteak agerian uzten du izugarri ondo aritu nintzela. Finalerdia, berriz, gaixo egon berritan jokatu nuen, eta apur bat sufritu nuen. Baina gai izan nintzen irabazteko [22-13 Mendibururi].
Zertan ari zara ondoen?
Batetik, sasoi betean nago, eta, horri esker, oso bizi ari naiz kantxan. Bestetik, askoz hobeto ari naiz sakatzen, eta hori oso garrantzitsua da lau eta erdian. Azkenik, oso ondo ari naiz tantoa bukatzen; konfiantzaz nabil.
Zergatik gustatzen zaizu horrenbeste lau eta erdian jokatzea?
Buruz buru aritzen baikara. Fisikoak eta buruak garrantzi handia dute: adibidez, galtzen joan arren, ez duzu inoiz amore eman behar, eta une oro sinetsi behar duzu gora egin eta egoerari buelta emateko gai zarela.
Binaka jokatzen duzue gehien urtean zehar. Eskertu egiten duzue beste modalitate batean aritzea?
Bai. Ohituta gaude urte osoan ia beti binaka aritzera. Orain arte, bertso-pilota torneoan eta sanferminetan baino ez genuen jokatzen lau eta erdian. Aurten, ordea, txapelketa honi esker, gehiago aritu gara lau eta erdian, eta eskertu egin dugu. Ni oso gustura nabil.
«Sasoi betean nago, eta, horri esker, oso bizi ari naiz. Bestalde, askoz hobeto ari naiz sakatzen, eta oso ondo ari naiz tantoa bukatzen»
Leire Oskozen aurka jokatuko duzu finala. Zer itxura hartzen diozu partidari?
Oso final gogorra izango da: Leire oso ondo moldatzen da lau eta erdian, eta, asko jokatu du modalitate horretan. Finalerdian ikusi zen zein ondo moldatzen den: izugarri ondo aritu zen Ieraren aurka [Agirre Iturriagaren aurka]. Oso indartsu ekin zion partidari, baina, gero, Ierak estutu egin zuen; hala ere, gai izan zen irabazteko. Zaila izango da hari irabaztea, baina ondo ari naiz, eta hark ere lan zaila izango du.
Zertan da ona Oskoz?
Asko sartzen da boleaz eta gantxoz, eta lau eta erdian oso garrantzitsua da airez ondo aritzea. Horrez gain, oso ondo baztertzen du pilota, eta, sasoiko dagoenez, oso ondo mugitzen du pilota batera eta bestera.
Zer egin behar duzu ondo hari irabazteko?
Ondo hasi, barruan dudan guztia eman eta nire jokoa egin, tantoz tanto, tanto bakoitza ondo landuz: Leireren aurka asko landu behar da tantoa, patxadaz.
Amaitzear dago urtea. Zer balorazio egiten duzu?
Urte polita izan da, baina baita gogorra ere, txapelketa asko jokatu baititugu. Ondo aritu naiz, eta oso gustura nago eginiko lanarekin.