Zaleen gol erabakigarria

Aldarrikapenen partida jokatu dute herritarrek; berdintasuna, euskara eta ofizialtasuna hauspotu dituzte

Anoeta inguruetan, festa giroa izan zen nagusi partida hasi baino ordu batzuk lehenago. CONNY BEYREUTHER / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Emakumezkoen kirolak, euskal selekzioen aldeko ofizialtasun aldarriak eta euskaraz bizitzearen aldeko ekimenak hauspoa hartu zuten atzo futbol zelaitik kanpo ere. Euskal Herriak eta Eslovakiak jokatu beharreko partidak garaipen kutsua utzi zuen zelaitik kanpo, herritarrengandik jasotako babesari erreparatuz gero. Goizean zientoka pertsonak hartu zuten parte ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak, Euskara Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Herria Kirolak partidaren aurreko orduak girotzeko prestatutako egitarauan.

Realaren kolore txuri-urdinetara dago ohituta Anoeta, eta ez da ohikoa beste kolore batzuk nagusitzea estadio inguruetan. Berdez jantzitako jendetza, ordea, ez zitzaion batere arrotz Donostiako futbol zelaiari. Athleticeko elastiko zuri-gorria zeramatenak ere etxean jokatzekoak ziren atzo. 10:30etik aurrerako egitaraua antolatu zuten, eta partidarako prestatutako Hamaika gara leloari kasu eginez, hamaika izan ziren Anoeta inguruetara hasiera-hasieratik joandako herritarrak. Familian joandakoak ziren gehien-gehienak, haur nahiz helduek baitzuten egitarauaz gozatzeko aukera. Era askotariko jokoak antolatu zituzten haurrentzat, eta argi utzi zuten sokatiran eta beste hainbat herri kiroletan harrobi oparoa dagoela. Artean, guraso gehiago zeuden Euskotreneko geltoki ondoan jarritako bi sagardo upelen bueltan, zintzurra bustitzeko prest.

Baina, jai giroaz aparte, aldarrikapen eguna zen atzokoa. Hala nabarmendu zion BERRIAri Martxel Toledok, ESAITeko koordinatzaileak: «Hiru zentzutan da aldarrikapen eguna: berdintasunaren, euskal selekzioen ofizialtasunaren eta euskaraz bizitzearen aldekoa». Toledo pozik zegoen Anoeta inguruetan bildutako jendetzarekin, eta itxaropentsu partidako ikusle kopuruarekin ere. Izan ere, leihatiletan sarrerak saltzen aritu ziren beharginek ez zuten aspertzeko unerik izan; ez zen ilara luzerik sortu, baina etengabe aritu ziren sarrerak saltzen.

Hiru aldarriak gogorarazi zituen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ere: «Kanpoko esku hartzerik gabeko hizkuntza politika bat aldarrikatzen dugun bezala eskatzen dugu kanpoko esku hartzerik gabeko selekzio bat ere». Emakumeen kirolari eman beharreko bultzada ere ahotan izan zuen, eta aldarri hori euskararen egoerarekin alderatu: «Gizartean egoera gutxiagotu bat dute emakumeek, eta, beraz, hiru aldarrikapenek bat egiten dute».

Egun «magikoa»

«Gaurko [atzoko] solstizioa inoiz baino magikoagoa izango da Euskal Herriarentzat», adierazi zuen ESAITeko kide Itziar Arratibelek. Zoriak hala erabakita, atzo bertan jokatu zuten Poloniako eta Ukrainako Eurokopan Frantziako eta Espainiako futbol selekzioek, eta partida horretaz gogoratu zen Arratibel: «Gu ukatzen gaituzten bi herrialdeetako selekzioek jokatuko dute elkarren kontra. Europan eta munduan jokatzeko dituzten eskubide berberak nahi ditugu; ez gehiago, ez gutxiago».

Musika, bertsoak, jendetza eta zarata. Agertoki atzean, ehun bat metrora, ordea, lasaitasuna. Eta hantxe ziren, lasai antzean, atzoko protagonistak: jokalariak. Kafe bana hartuta, mahai baten inguruan, patxadaz, nahiz eta haien izenak betiko geratuko diren idatzita emakumeen futboleko euskal selekzioaren historiaren aurreneko orrian. Zaleen elastikoetan ez zen Larraitz Lucasen, Eli Ibarraren, Eunate Arraizaren, Maialen Zelaiaren edo Leire Landaren izenik ageri, baina milaka pertsonak oroitarazi zuten emakumezkoen futbola gizonezkoena bezain lehen mailakoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.