Orio ez da garaiezina. Azken estropadek utzitako aho zapore txarra kolpe batean kendu du Zierbenak Lekeition (Bizkaia), Eusko Label Ligako hamargarren jardunaldian. Galipoek estropada ederra jokatu dute bigarren txandan, eta egindako denborak balio izan die ligako liderra gainditzeko. Aurten irabazi duten bigarren bandera da.
Traineruek arraunerako baldintza bikainak izan dituzte gaur: itsasoa bare, haizerik ez ia... eta baldintza horietan zertarako gai den erakutsi du Zierbenak. Atzo, Hondarribian, bosgarren amaitu zuen; Orio nagusitasunez gailendu zen, eta ligako garailea ia erabakita dago jada. Banderak irabazteko lehia, ordea, bizirik dago oraindik, eta agerian geratu da hori gaur.

Zierbenak bigarren luzean hartu die aurrea txandan aurkari izan dituen traineruei. Ordura arte, eutsi egin diote Hondarribiak eta Getariak, baina gero hobea izan da bizkaitarren erritmoa, batez ere itzulerako luzeetan. Helmugan hemezortzi segundo atera dizkiote Hondarribiari, 32 Getariari eta 47 Isuntzari.
Hori ikusita, Oriorentzat zen erronka. Lehen luzean ez da fin ibili San Nikolas: ziabogan seigarren denborarik onena markatu du. Bigarren luzean, ordea, aurrea hartu du, Zierbenak egin bezala. Bigarren ziabogan lau segundoko errenta zuten bizkaitarrekiko, baina hirugarren luzean kosta egin zaie berriz ere. Azkenean, epaileek foto finish-a behar izan dute irabazlea zein izan den ebazteko: Zierbenak segundo eta erdi gutxiago behar izan du lanak amaitzeko, eta horren berri izatean pozez lehertu da galipoen trainerua.
Ondarroa, sendo
Hirugarren Donostiarra izan da, ohorezko txandako bigarrena, gero Hondarribia, Urdaibai eta Getaria, eta zazpigarren, eguneko beste garailea: Ondarroa. Antiguako Ama nagusitu da lehen txandan, eta egindako denborak zazpigarren amaitzeko balio izan dio. Emaitza garrantzitsua da jaitsiera postuetatik urruntzeko.
Sailkapen nagusian tarte handia du Oriok: 116 puntu ditu. Zierbenak 97 ditu, eta Donostiarrak, 95. Estu dago Hondarribiaren (86) eta Urdaibairen (84) arteko lehia ere, eta seigarren postuan egonkortuta dago Getaria (67).