Gaur egungo ziklismoan, tokirik gabe ari dira gelditzen oso langileak diren baina puntu gutxi lortzen duten txirrindulariak. Zer esanik ez beteranoak badira. Mikel Bizkarraren kasua da hori (Mañaria, Bizkaia, 1989). 37 urte dituela, amaiera eman dio eliteko ziklismoan osatu duen ibilbide luzeari. Ez da irabazlea izan —garaipen bakarra lortu du profesional gisa, 2018ko Aragoiko Itzuliko etapa bat—, baina, hala ere, arrastoa utzi du Euskaltelen, aurrez Muriasen egin bezala. «Oso estimatua sentitu naiz».
Nola sentitzen zara txirrindulari profesional izateari utzi ondoren?
Lasai. Hamabost urte izan dira, eta balio handia ematen diot horrenbeste iraun izanari. Hasiera zaila izan zenez, ez nuen uste profesional gisa horren ibilbide luzea osatuko nuenik. Alde horretatik, oso gustura nago. Baina bukatu izanaren pena ere badut.
Nahi izan bazenu, edukiko zenuen gutxienez beste urtebetez aritzeko aukera, edo halabeharrez hartutako erabakia izan da?
Denboraldia hasterako, banekien nire ibilbideko azkena izan zitekeela. Oso zitekeena zen. Baina azken erabakia hartu aurretik, urtea zelan zihoan ikusi nahi nuen. Ondo ibili naiz, gorabehera batzuk ere izan ditudan arren. Gustura sentitu naiz bizikleta gainean, eta gozatzea lortu dut. Amaitzeko modu polita izan da.
Eta ez duzu tentaziorik eduki erretiroa atzeratzeko?
Batzuetan, bai, sasoi aldetik jarraitzeko moduan ikusi baitut neure burua. Denboraldi hasieran, taldeari jakinarazi nion ziurrenik nire azken urtea izango zela. Hori buruan izan dugu denok. Denboraldiaren erdialdean, ordea, oso ondo ibili nintzen, eta hor bai, burutik pasatu zitzaidan jarraitzea. Baina, azkenean, ez da posible izan.
Txirrindulari beteranoentzat geroz eta zailagoa da elitean irautea?
Esperientzia izatea ondo dago, baina talde gehienek gazteak nahi dituzte. Haiek ibilbide osoa dute aurrean; beraz, normala da taldeek haien aldeko apustua egitea. Norberak ulertu behar du adinean aurrera egin ahala agur esateko garaia gero eta gertuago dagoela. Ni gaztea izan nintzenean, norbaiti tokia kendu nion. Horri esker egon naiz hemen hainbeste urtez. Ba, orain kontrakoa tokatzen da. Bizilegea da.
Euskaltelek beste aro bat hasiko du datorren denboraldian, zure adinkide bat lemazain duela: Mikel Landa. Haren alboan aritzeak ilusioa egingo zizun?
Pena hori ere badut, bai. Mikel nire adinekoa da, eta txikitatik lehiatu izan gara elkarren aurka. Horregatik, ilusio handia egiten zidan haren taldekide izateak eta errepidean hura laguntzeak. Euskaltel gorantz doa, eta, alde horretatik, oso pozik nago. Lehen 30en artean sartu gara UCIren sailkapenean, eta lorpen horren parte izatea ederra izan da.
Zer eragin izan dezake Landaren etorrerak Euskaltelen?
Gauza handia da taldearentzat. Euskal ziklisten artean, Mikel da azken urteetan ondoen aritu dena. Alde horretatik, erreferentea da. Euskalteli emaitza hobeak lortzeko aukera emango dio, eta taldekideek asko ikasiko dute haren alboan izanda. Gainera, askoz errazagoa izango da zale gazteak erakartzea.
«Denboraldiaren erdialdean oso ondo ibili nintzen, eta jarraitzeko tentazioa eduki nuen. Baina, azkenean, ez da posible izan»
Hortaz, Euskaltelek etorkizun oparoa du?
Oso zaila da lehengo Euskaltelen mailara iristea, horretarako diru asko beharko da eta. Baina, pixkanaka, aurrerapausoak eman ditugu, eta uste dut datorren urtean beste koska bat igoko duela, eta are emaitza hobeak lortuko dituela. Gorantz jarraituz gero, ea izan zenera hurbil daitekeen.
Datorren urtean, itzuli handiren batean lehiatzeko aukera izan dezake Euskaltelek. Horretarako, jo eta su aritu zineten aurtengo sasoiaren amaieran. Nola sentitu zineten txirrindulariak frenesi horren erdian?
Urduri, baina, emaitzak lagun izan genituenez, ondo eraman genuen. Ia amaierara arte lehen 30 postuetatik kanpo egon ginen, eta batean eta bestean lehiatu behar izan genuen helburua lortu ahal izateko. Tira, duela hilabete batzuk ezin zen ia helburutzat ere jo, ezinezkotzat jotzen baikenuen. Denok esfortzu handia egin behar izan dugu egoerari buelta emateko. Taldeak amaiera ikusgarria osatu zuen, eta uste dut ondo irabazia duela itzuli handi batean lehiatzeko aukera.
Puntuak lortzea ezinbestekoa da gaur egungo txirrindularitzan, eta horrek kalte egin dizue txirrindulari askori.
Puntu gutxi lortzen dituzten ziklistak tokirik gabe ari dira gelditzen, nahiz eta lanean oso onak izan eta taldeari ekarpen handia egin. Talde indartsuenak salbuespena dira; haien kasuan, taldekide guztiek liderraren alde egiten dute lan. Beste ia talde denetan, ziklista denek dute emaitza onak lortzeko aukera. Hori, alde batetik, ona da. Baina puntuei hainbesteko garrantzia emanda, talde lana bigarren mailan geratzen da.
Hala ere, zu balioetsia sentitu zara txirrindulari moduan?
Bai. Etxeko taldeetan osatu dut nire ibilbidea, eta oso estimatua sentitu naiz. Urte hauetan guztietan, aukera batzuk izan dut kanpora irteteko, baina ez dut beharrik izan beste inora joateko. Etxean oso gustura sentitu naiz. Zorte handia izan dut: nahi nuen tokian egon naiz beti. Gainera, asko gozatu dut txirrindulari bizimoduaz. Hori izan da gakoa tropelean hamabost urtez irauteko.
«Euskaltelek are emaitza hobeak lortuko ditu datorren urtean. Gorantz jarraitu ezkero, ea izan zenera hurbil daitekeen»
Erabat gogobeteta geratu zara osatu duzun ibilbidearekin, edo baduzu arantzarik?
Oso pozik nago, baina, arantza bat aipatze aldera, pena ematen dit Italiako Giroan inoiz lehiatu ez izanak. Italiako iparraldea zoragarria iruditzen zait: Alpeak, Dolomitak… Giroak, alde horretatik, xarma berezia dauka. Sekulakoa izango zen bertan lehiatzea.
Espainiako Vueltan, aldiz, bost aldiz aritu zara. Ez da gutxi.
Harreman polita izan dut Vueltarekin, egia esan. Muriasen, garaipen handiak lortu genituen Oscar Rodriguezekin eta Mikel Iturriarekin. Oso egun bereziak izan ziren. Eta ni neu oso ondo aritu nintzen 2021eko Vueltako 20. etapan. Galizian barrena ibili ginen, eta garaipena nahiko gertu ikusi nuen, ihesaldian [zazpigarren amaitu zuen etapa].
Hemendik aurrera, zer harreman izango duzu txirrindularitzarekin?
Aukera dut txirrindularitzari lotuta jarraitzeko, baina lehenik, lasai egon nahi dut tarte batez. Ez dizut gezurrik esango: gustura arituko nintzateke talderen batean, txirrindulariei laguntzen. Nire esperientzia baliagarria izan daiteke. Euskalteli nik taldean jarraitzea gustatuko litzaioke, eta niretzat ere polita litzateke. Aukera hor dago, baina hitz egin beharra dugu oraindik.